2.IRAKURMENA. Irakurri eta aukeratu erantzun egokia. Txinera ala ingelesa?
Atzo jaia izan zen eta etxean pasatu nuen arratsalde osoa. Interneten ibili nintzen klaserako lan bat egiten eta datorren urteko ikasgaiak zeintzuk izango diren begiratzen. Lehengo egunean, ikasgaiei buruz hitz egiten ari ginenean, nire lagun batek esan zidan bere institutuan txinera ikastea aukeratu ahal zutela, batxilerraren 2. mailan. Arraroa iruditu zitzaidan eta esan nion, nire ustez, ingelesa garrantzitsuagoa zela. Baina berak esaten zuen ezetz, txinera garrantzitsuagoa zela.
Onartu behar dut txinera oso zabalduta dagoen hizkuntza dela. Baina zabalduta egotea ez da garrantzitsua izatea. Egia da hiztun asko dauzkala, oso herrialde handia dela eta abar, baina, hala ere, nire ustez, ingelesa garrantzitsuagoa da: edozein herritara joatean, ingelesez mintzatzeak erraztasunak dakartza eta edonon aurkituko dugu ingelesa dakien baten bat.
Bestalde, entzunda daukat ingelesaren ondoren alemanera ere oso hizkuntza garrantzitsua dela, Alemanian lanpostua aurkitzeko. Espainian, esaten dutenez, gero eta jende gehiago joaten da Alemaniara eta beraz, agian komenigarria litzateke alemanera ere jakitea. Bidaiatzeko eta beste gauza batzuetarako ere oso baliagarria da ingelesa: adibidez, teknologiarako.
Biharko egunean teknologiaren munduan lan egin nahi badugu, oso komenigarria izango da ingelesa jakitea, arlo horretako dokumentu garrantzitsuenak ingelesez idatzita daudelako. Adibidez, informatikako liburuak. Nire anaia ingeniaritza informatikoa ikasten ari da eta askotan irakurri behar izaten dituen artikuluak ingelesez idatzita daude.
Bukatzeko, esan nahiko nuke Txina oso merkatu zabala dela eta etorkizunean oso herri boteretsua izango dela. Agian, urte batzuk barru oso garrantzitsua izango da txinera ikastea Txinakoekin negozioak egiteko. Baina momentuz, ingelesarekin edonora joan ahal gara.
Beraz, nire lagunak nahi duena esan dezala, baina bere lekuan egongo banintz, ingelesa aukeratuko nuke 2. mailan.
Endika Iglesias