Mintzanet Eguna bueltan da!

Badirudi COVID-19ak eragindako mundu mailako pandemia bukatzear dela. Bi urte daramatzagu osasun-neurri bereziekin. Protokoloak nonahi, herritarren segurtasuna bermatzea lehentasuna izan da erakunde guztientzat. Agertu dira txertoak, eta egoerari buelta ematen ari gara. Zabaldu dituzte mugak, jende-multzoa elkar daiteke dagoeneko, eta toki itxietan musukoa ez da derrigorrezkoa. Baina gizarteak ez du oraindik guztiz birusa gainditu, urte asko emango ditu gure artean, eta beharrezkoa da zuhurtziaz jokatzea. Horregatik, 2020an gertatu bezala, Mintzanet egitasmoko lan-taldeak erabaki zuen zentzuzkoena zela 2021ean Mintzanet Eguna ez ospatzea. Azaroan zen egitekoa, Iruñeko Katakrak aretoan.

2022an, ordea, bai. Azken bi urteetako hutsunea betetzeko asmoz, Mintzanet Eguna bueltan izango dugu, eta Mintzanet Sariak banatuko ditugu: Bidelari eta Bidelagun Onenak eta Aipamen Bereziak sariak (azken hau aurten bikoitza izango da). Gainera, egitasmoak 10 urte sarean beteko dituela ospatzeko, festa berezia antolatuko dugu, bi hitzorduak batuz, eta 2019az geroztik aurrez aurre ikusterik izan ez ditugun erabiltzaileekin elkartuz, denak espazio berean.

Eta halaxe izango da:

  • NOIZ: abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Mintzanet jaio zen egunean.
  • NON: Erromoko Kultur Etxean (Getxo) izango da
  • BAZKARIA: menuak 20-25 euro balioko ditu, eta mesedez, eskudirutan ekartzea eskatu nahi genizueke

Getxon ekitaldi honek zentralitatea hartuko du, eta herrian programatutako beste ekitaldiak ere egunarekin lotuko dira nagusiki. Bertako instituzioez gain, dagoen euskalgintza mugimendu aberatsa inplikatzea izango du xede Mintzanet sarien inguruko egunak eta ekitaldiak.

Euskaraz jarduteko aukera ez duten pertsonek etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua izan dezaten du Mintzanetek helburu, eta egitasmoaren arimari helduz, itxialdi garaian proiektuak harrera beroa izan zuen: hainbat erabiltzailek plataforma digitalek ahalbidetutako topaketa birtualak egin zituzten, euskarak mugarik ez duela erakutsiz. Eta guk,distantzia eta bakartze linguistikoari aurre egiteko egindako ahalegina eskertu nahiko diegu 2022an, Mintzaneten 10. urteurrenean, parte hartzaile guztiei, ez baitira urte errazak izaten ari.

Laster bidaliko dizugu informazio zehatza: egitaraua, izen-emate fitxa, menuaren aukerak, Erromora nola gerturatu, kotxea non utzi... Bitartean, joan zaitez data erreserbatzen, elkar ikusteko irrikan gaude!

Next
Clear form
Never submit passwords through Google Forms.
This content is neither created nor endorsed by Google. - Terms of Service - Privacy Policy

Does this form look suspicious? Report