Egia, Aitortza eta Erreparazioa euskaldunontzat Manifestua
Mugarik gabeko euskara
EGIA, AITORTZA ETA ERREPARAZIOA EUSKALDUNONTZAT
EGIA, AITORTZA ETA ERREPARAZIOA EUSKARAREN HERRIARENTZAT

Inork ez dio bere lehen hizkuntzari borondatez uko egiten normalean. Inork ez dio bere lehen hizkuntzari uko egiten ez bada derrigortuta, ez badute bortxaren bidez bere arbasoen hizkuntza ahaztera behartzen (bortxa esplizitua ala inplizitua). Inork ez du bere jatorrizko hizkuntza albo batera uzten sufrimendurik gabe, gertaera traumatikoa eta mingarria baita. Pertsonaren izatearen muinean eragiten duen mutilazioa izaten da nork bere hizkuntza galtzea. Nortasunaren eremu intimoenari lotutako galera.

Era berean, norbait bere jatorrizko hizkuntza baztertu eta ahaztera derrigortzea, gorrotatzera eramateraino ere, jarraian hizkuntza arrotzaren bat inposatzeko lehen urratsa besterik ez da. Horrela izan da gizakiak gizakiaren aurka ekin zion lehen unetik bertatik. Pertsona-talde batek beste pertsona-talde baten aurka bortxa erabili zuen lehen unetik, gorputzen aurkako bortxa fisikoarekin batera, pertsona-talde horren hizkuntzaren aurkako jazarpena egon da. Milaka urtetan luzatu den eta egun inoiz baino hedadura gehien eta kalte handien eragiten duen linguizidioa. Norbere hizkuntza-komunitatearen mintzaira jaso, erabili eta ondorengoei transmititu ahal izateko oinarrizko giza-eskubidearen urraketa sistematiko, iraunkor eta zabala. Milaka hizkuntza desagerrarazi dituen edo galzorian utzi dituen zapalkuntza, gizateriaren tragedia neurtu ezina bilakatu dena.

Linguizidio horren biktimak euskara eta euskararen herria ere izan gara. Zorionez, erabat gauzatu ez den linguizidioa. Euskara ez baita hizkuntza gutxitua besterik gabe. Euskaldunok mendetan zehar pairatutako zapalkuntzaren emaitza da egun bizi dugun errealitate soziolinguistikoa. Mendetan zehar euskal hiztunek sufritutako jazarpen, debeku, zigor, isun zein mespretxuen ondorioa da euskarak garai batean izandako hedadura zati txiki batera murriztua izatea egun, eta, euskaldunok euskaraz normaltasunez ezin bizi ahal izatea. Baita hizkuntza-komunitate gisa desegituratuta egotea eta gure berezko hizkuntza gure ondorengoei bere osotasunean ezin transmititu ahal izatea ere.

Euskaldunok ez diogu gure borondatez uko egin euskarari. Herri gisa zapalduak, zatituak eta ukatuak izan garen bezala, hiztun-komunitate gisa ere zapalduak, zatituak eta ukatuak izan gara. “Euskal gatazka” deitutakoa hizkuntza-gatazka ere bada.

Estatuek euskara ordezkatzeko helburuarekin eragin duten hizkuntza-gatazkaren dimentsioa eta nolakotasuna ezagutzeko eskubidea eta beharra dugu euskaldunok. Eskubidea, euskal hiztunok linguizidio kontziente, programatu eta sistematikoaren biktimak ere izan garelako eta egun izaten jarraitzen dugulako. Beharra, mendeetan zehar gertatutakoa ezagutzea ezinbestekoa delako egun euskararen hizkuntza-komunitateak bizi duen egoera azaltzeko; ezagutza eta azalpen horretatik euskara osoki berreskuratu eta normalizatuko duen hizkuntza-politika erreparatzailea diseinatu eta aplikatzeko.

Horregatik guztiagatik, euskaraz bizi nahi izateagatik hamarkadetan pairatutako bortxa errealitate ukaezina izanik, euskaldunok egia, justizia eta erreparazioa exijitzen dugu. Gure eskubidea da.

Egia. Euskararen eta euskal hiztunon aurka espainiar eta frantziar estatuek inposatutako legedia eta erabakiak, ezarritako hizkuntza-politika, eta, hauen inplementazio praktikoan erabilitako neurri, modu eta praktika zehatzak ikertuko dituen ikerketa independente, integral eta sakona eskatzen dugu. Hizkuntza-eskubideen urraketaren dimentsioa ezagutu nahi dugu.

Aitortza. Pairatzen dugun hizkuntza-gatazka gainditzeko bidean, nahiko genuke euskararen eta euskaldunon aurkako jazarpen politika hau garatu duten instituzioek, eragileek eta pertsonek egindako kaltea aitortzea. Zoritxarrez, ziur gaude ez dela hori gertatuko. Ez soilik egindako kaltearen aitortza egiteko inolako borondate edo keinu txikiena ere ez dutelako adierazi, baizik eta euskararen aurkako politika linguizida mantendu eta are sakontzeko adierazpenak gero eta ugari eta oldarkorragoak direlako. Hori horrela izanda ere, erantzuleek kalte horren aitortza egin dezaten exijitzen jarraituko dugu.

Erreparazioa. Egindako kalte horren erreparazio bakarra euskararen berreskurapen osotik eta normalizaziotik etorriko da, hau da, Euskal Herria berreuskalduntzetik. Hori lortzeko bide bakarra osoki burujabea izango den hizkuntza-politika garatzea da; inolako kanpo botereren esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politika garatzetik, hain zuzen ere. Beraz, frantziar eta espainiar estatuei exijitzen diegu, eta horren alde lan egingo dugu, ez dezatela oztopatu herri hau bere hizkuntza berreskuratzeko egiten ari den ahalegina.

Soilik euskal herritarroi dagokigu erabakitzea euskararen berreskurapen eta normalizazioaren nolakotasuna. Baita zein nolako harremana izango den euskara eta Euskal Herrian hitz egiten diren gainontzeko hizkuntzen artean ere; finean gure herrian zein nolako hizkuntza-antolaketa nahi dugun erabakitzea. Soilik horrela lortuko dugu euskaraz bizi ahal izatea, hizkuntzen arteko bizikidetza eta euskal herritarron arteko bizikidetza.

Euskaldunok ez diogu borondatez uko egin euskarari. Aitzitik, gure borondatea gure hizkuntza euskarari belaunaldiz belaunaldi eustea izan da, XXI. mendean bizirik eta berreskuratze bidean dagoen hizkuntza izateraino. Baina ez dugu ahaztu nahi, ez dugu ahaztu behar zer gertatu den. Egun bizi dugun egoerara zergatik eta nola iritsi garen ezagutu beharra dugu, egun oraindik ere pairatzen dugun egoera bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoa baita. Gertatutakoa ezagutu gure ondorengoei transmititzeko, ezagutza horretatik euskararen berreskurapen-prozesua bururaino eraman dezaten. Euskaldun norbanako gisa eta euskararen herri gisa gure eskubidea delako.

Bat egiten dut manifestuarekin (Izena eta abizenak). *
Your answer
Baimena ematen dut nire izena sinatzaile gisa publiko egiteko. *
Submit
Never submit passwords through Google Forms.
This form was created inside of Euskal Herrian Euskaraz. Report Abuse - Terms of Service