Arnas hartzeko tutua eta betaurrekoak hartuta uretan murgiltzen bazara, hondarra, arrokak eta hainbat izaki bizidun ikusiko dituzu: arraintxoak, izkirak, algak, olagarroak… Baina oxigeno bonbonak soinean hartuta ur sakonagoetan murgilduz gero, beste mota bateko altxorrak aurkituko dituzu: lingoteak, anforak, burdin harria… Altxorretan altxorrena, ordea, aspaldiko ontzi bat aurkitzea da!
Istripu baten ondorioz hondoratutako ontziak izan ohi dira. Agian gidariaren maniobra txar baten ondorioz hondoratu ziren, edo ekaitz batek bultzatuta arroken kontra egin zuten… Harrezkero, uraren azpian egon dira, arrain, hondar eta alga artean.
Denbora igaro ahala, itxura aldatu egiten zaie ontzi horiei: lehen ontzi handiak eta ederrak zirenak erabat deseginda egon daitezke ur azpian. Itsasoak hondatu egiten du egurra: uraren indarrak txikitu egiten duelako, animaliek jan egiten dutelako... Horregatik, ez da erraza izaten ontzi bat osorik aurkitzea; haren arrastoak baino ez dira egoten ur azpian, eta ez
dute, jada, ontzi baten itxura handirik izaten.
Ikertzaileak bonbona handiekin sartzen dira ur azpira. Arkatz eta paper bereziak eramaten dituzte, ikusten duten guztia marrazteko. Aurkitutako gauza guztiei etiketatxo bana jartzen diete. Aurkitutakoaren arabera jakin dezakete zein garaitakoa zen ontzia. Bilaketa amaitzen dutenean, aurkitutakoa uretatik ateratzen dute, eta, gehienetan, museo batera eramaten dute.
Arantxa TXINTXURRETA (2009/04/28)
www.zernola.net (egokitua)