Ikaslearekiko gure begirada eta jardun pedagogikoa, haurraren gaitasunetan oinarritzen dela esateak, pertsona guztiek gaitasunak dituztela onartzea dakar. Honela, pertsona guztiak bakarrak eta errepikaezinak garela aitortuz, aniztasuna gure gizartearen ezaugarritzat jotzen dugu.
Eskola inklusiboa izateak, inklusiorako printzipioak gure gain hartzea suposatzen du ikastetxeko alderdi guztietan: ikastetxeko kulturan, antolaketan, metodologian, curriculumaren lanketan eta baliabideen kudeaketan.
Kulturalki, gure komunitateko kide guztien parte‐hartzea bermatu nahi dugu, ikastolako ikasleek, familiek eta profesionalek komunitate sentimendua bizi dezaten. Horretarako, kide guztiei harrera egiten zaie eta esperientzia aberasgarriak eskaini nahi dizkiogu ikastolako partaide orori, pertsona bakoitza den bezala onartuz eta tratatuz. Horrekin batera, balio inklusiboak ezarri nahi ditugu, inor baztertzen ez den ikastola bat nahi dugulako; izan ere, erabiltzen ditugun hizkerek, idatzi gabeko arauek eta ingurutik jasotzen ditugun ereduek eragin zuzena dute jarrera inklusiboen hedapenean.
Inklusioaren alde jardutea, beraz, hezkuntza‐komunitate osoari dagokio. Ezinbestekoa dugu aniztasuna egitatetzat hartzea, aniztasuna bere dimentsiorik zabalenean interpretatzea eta berdintasuna printzipio gisa barneratzea. Berdintasuna ez dugu helburutzat ulertzen, printzipio gisa baizik. Izan ere, pertsonarekiko begiradak bermatzen du berdintasunezko tratua; bakoitzaren diferentziak onartuz pertsona oro parekide gisa begiratzea. Begirada hori hastapenetik bermatzen ez bada, pertsona guztien berdintasuna ezinezkoa izango da. Honenbestez, begiratzeko moduak, harremanak sortzeko modua baldintzatzen duenez, berdintasunean heztea, begirada onez tratatzea da.
Horregatik, ikastolan inklusioa gure hezkuntza proiektuaren giltzarrietako bat da eta ezartzen diren antolaketa, metodologia eta curriculum neurri guztien helburua erantzun inklusibo bat eskaintzea da, ikasleak eskola ibilbide arruntean daudela sustatzen duena.
Antolaketari dagokionez, gure ikastola pertsona guztientzat irisgarri izateko lan egin behar dugu (ikastolako esparru guztiak, gela barneko jarduna, eskolaz kanpoko ekintzak…) ikasleak maila guztietan garatu daitezen eta aukera‐berdintasuna izan dezaten. Hortaz, hori eragozten duten oztopoak kentzeko neurriak hartu beharko dira.
Aldi berean, berrikuntza- eta hobekuntza-kultura sendotu nahi dugu; ikastolako antolaketa maila ezberdinetan aldaketak eta hobekuntzak egiteko gaitasuna garatu nahi dugu, diagnosi-ebaluazioen bitartez eta hobekuntza planen bitartez, sor daitezkeen egoerei aurre egiteko eta irisgarritasuna bermatzeko.
Metodologia eta curriculum neurriei dagokienez, ikastetxe mailan, aniztasunari erantzuteko, OECD erakundeak ( Centre for Educational Research and Innovation erakundeak) ikas-giroa sortzeko Oinarrizko Heziketa Lerroak bermatu behar dira:
Bestetik, ikasketa‐proiektuak lantzerakoan eta edukiak aukeratzerakoan, oinarrizko gaitasunak hartu behar dira kontuan; izan ere, azken finean, bizitzan erabilgarri diren gauzak ikastea da helburua. Horregatik, oinarrizko gaitasunak oso garrantzitsuak dira ikastolarentzat.
Era berean, denen ezberdintasunak onartzean, ikasle estandarrik ez dagoela ondorioztatzen da; normaltasuna ukatzea eta normala omen den horren kontrako etengabeko borroka da gaur egungo pedagogiaren erronka nagusietako bat.
Gaitasunak ditugun bezala, zailtasunak ere baditugu, eta horien guztien jabe izanik eta autoestimu erreal batetik abiaturik, ikaslea bere ikaskuntza prozesuan laguntzea dugu helburu. Hezitzaileon ardura, ikasleen aniztasun horri erantzuteko, aukera eskaintza malgua eta irekia antolatzea da, irisgarritasun kognitiboa bermatzeko; Ikaskuntza Diseinu Unibertsalaren irizpidetik, helburuak lortzeko bide, maila eta baliabide ezberdinak eskaintzea, alegia.
Hortaz, ikasle guztien beharrei erantzuna emanen zaie irakasle guztien parte-hartzearekin eta tutoreak koordinatzen duen erantzun arruntetik. Baliabide arrunt horiek guztiak modu inklusiboan antolatu eta gero, kasu batzuetan espezialisten esku-hartzea (pedagogo terapeutikoa, logopeda edota zaintzailea) beharrezkoa izaten da. Laguntza hau ohiko ikasgelaren barnean eta ikuspuntu inklusibotik gauzatzea hobesten da. Horrela, zenbait helburu sendotzeaz gain, ikaskuntza prozesu komunean parte hartzea bermatzen da.
Hau guztia aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa da irakasleek eta gainontzeko profesionalek elkarlanean jardutea eta irakasleek etengabe prestakuntza jasotzea hezkuntza‐jarduna gero eta inklusiboagoa izan dadin.