Ar(i)magabeko konplizeei

Doinua: Gure herri ttiki hau da.

Julene Azpeitia  2018

1

Munduan hainbeste gerra

bakezaleek sortuak,

Afganistan zein Siria

dira denok aitortuak.

Bolbora hautsez estali

zaizkie basamortuak,

eraisten dira etxeak,

suntsitzen dira ortuak,

bonbardatu bitartean

bideak eta portuak …

eta gu telebistaren

babesean gotortuak! (BI)

2

Albistegiak goizero

dira hilotzen testigu,

zenbat milaka hildako

diren inoiz ez dakigu.

Bizitzeko joan guran,

heriok dauzka gatibu;

heriotzak, eri hotsak, …

egi hotzez datozkigu.

Une gordin hauekiko

eragingaitz dirudigu;

atximurkada batek min

gehiago ematen digu. (BI)

3

Etxean bizimodurik

nola ez zaien gelditzen

hasten dira ihesaren

itsasoetan murgiltzen.

Gehienak hondoratzeak

ere ez gaitu larritzen,

eta iristen direnak

olatuak ebakitzen,

tokia badago baina,

antza, ez dira kabitzen;

borroka batzuk ez dira

armekin erabakitzen. (BI)

4

Joaterik ez dutenak

gerrak preso hartzen ditu,

beraien burua ere

ezin dute defenditu.

Fedea kargatzen dute

eta fusilak sentitu,

herren egin arren ekin,

sekula ez errenditu!

Eraso hauek ezingo

al genituzke gelditu

gurean balira legez

ikusiko bagenitu? (BI)

5

Erasoak Europara

heltzean, baina, ai ama!

etxe atarian uzten

digute odol-orbana.

Fede txarrez jopuntuan

jartzen da gero Korana,

nola armen erakarle

izan daitekeen Iman-a.

Zergatik seinalatzen da

mendeku grina daukana,

gerra geronek eraman

badugu beraiengana? (BI)

6

Hemen sortutako armek

etxe-mira dute orain

Bartzelona eta Paris

hartu dituzte euren gain.

Hauez gain Niza, Brusela, …

aipatzea dago bikain,

baina aipa genitzake

Bilbo, Gasteiz zein Andoain!

Gure enpresak badira

gerrak fabrikatzeko lain,

zergatik gaude guztia

eskutan lehertzeko zain? (BI)

7

Guk ekoitzitako armak

beti izan dira tabu

baina industrian balen

zaratak daramatzagu.

Geure buruarekiko

izan gaitezen ondradu:

hemendik irteten denak

‘gure’tik pixka bat badu.

Beraz, ohartu zu ere

izan zaitezkeela ‘gu’,

gainontzean ispiluak

alfer-alferrik dauzkagu! (BI)

8

Nork ez daki inguruko

enpresa baten izenik?

Baina ez dut uste horrek

lagunduko lukeenik.

Ez da jeneralik lehen

lerroan aritzen denik,

beraz, nahiz eta errudun

ez zaitudan ipintzen nik,

zure lana norako den

pentsa ezazu lehenik

inoiz ez dezazun entzun

konplize izan zarenik (BI)

Gerra denboran

Manu Goiogana Bengoetxea