Beste eskailera baten historia:

Panpina Ustelatik literatur aldizkarien boomera

M.A. Elkoroberezibar

maelkoro@gmail.com

https://sites.google.com/xubi.eus/liburuak/literatur-aldizkariak

Disidentziak oro.

Poetikak eta arte ekinbideak euskal

trantsizio politikoan. 1972-1982.

 Ed. Gipuzkoako Foru Aldundia. 2004

“Igo eta gero, lege biologiko bat da apika, zurubia botatzea.

Baina bota ondoren, zurubia ahaztu egiten duenak,

ez daki bera gaur nola dagoen, dagoen tokian.

 Eta, ezjakinez, egon ere agian ez dago guztiz,

omen dagoen hortxe.” (1)

J. Azurmendi

Wittgenstein filosofoaren aholkua omen da igo ondoren zurubia edo esku-eskailera botatzea, behin normaltasunera iritsi eta gero, baina J. Azurmendik horren arriskuaz ohartu gintuen duela gutxi. Eskailerako maila bakoitzak bere historia dauka, eta atzetik datozenentzat eskailera berriro ere erreminta baliagarria izan dadin, bere memoria errekuperatzea komeni zaigu, egindako pausuen arrastoa berreraikiz. Literaturgintzarako plataforma eta idazle berrien (ez beti gazte) probaleku eta adierazpide izan diren literatur aldizkari-eskailera askori arretaz begiratu izan diot urtetan; batzuetan tente ikusi ditut inoren laguntzarik gabe, bestetan paretaren kontra; zenbaitzuk luze lurrean, botata eta ahaztuta, eta beti, eskuz esku. Urteen poderioz eta partaideen arabera, forma eta molde desberdinak hartu dituzte eta makina bat eskuetara errenditu dira. Ondorengo lerroetan bereziki gainbegiratuko ditudanak trantsizioaren garaian sortu ziren euskarazko literatur aldizkari esanguratsuenak izango dira; ganbaran zegoen eskailera soziala leihotik jaurti eta, aitaren etxearen itzalari bizkarra emanez, ordura artekoarekin apurtu zuen Panpina Ustelatik literatur aldizkarien “booma” deitu izan denaren hasierara arte. Horietako hiruri arreta berezia eskainiko diet, hamarkada horretako disidentziaren ikurra izan zirelako eta euskarazko literaturaren Abangoardiaren abezearen lehen hizkia: “A”, beraz, K. Izagirrek 1976ko bere estreinako poema-liburuan definitu zuen huraxe, “itsaso ahantzia hustutzeko eskailera”. Ustela, Pott eta Oh! Euzkadi aldizkariak “triangelu horren makuluak” lirateke, euskarazko literatura modernoaren “banderarik gabeko gailur elurtua.”(2)

1973aren amaiera aldera, Lur ekipokoek egina zuten I. Sarasolaren ahotan garaiko diagnosia: “Euskaldunok ez dugu azken urte hauetan kultur-aldizkaririk eta badirudi oraingoz ez dugula izanen. Eta haien hutsunea nola hala betetzeko erabiltzen den zenbait aldizkarik gure lanak argitaratzeko jartzen dituen eragozpenek ez digute egoera samurtzen.” (3) Hori dela eta, liburu forma emanaz ateratzen ditu taldeak euren idazlanak; benetan aipagarriak dira 1969ko (4) (J. San Martin, X. Kintana, X. Garmendia, J.M.Zumalabe, A. Santamaria, J.A. Eizmendi, G. Aresti, M. Azurmendi, P. Urkizu eta R. Saizarbitoria ) eta 1972ko bildumak (5) (G.Aresti, B.Atxaga, M.Azurmendi, L. Haranburu-Altuna, X. Kintana, A. Lertxundi, I. Sarasola, A. Urretabizkaia eta A. Zelaieta).

1959an amaitu zen Euzko Gogoa, 1963an Igela eta 1969an egin zuen etena Karmelen gehigarri moduan sortutako Olertik, beraz 70eko hamarkada hasieran lehortea nabarmena da. Hala ere, egon badago euskarazko literatur aldizkaririk, orduko idazle ugariren plaza: Egan (1948-...), gaur egun ere argitaratzen dena.

Hastapenetan (1948-1953), Egan elebiduna ageri zaigu, euskararen presentzia oso txikia izanik; 1953tik aurrera euskaraz egingo dute. Urte horretatik 1983ra, K. Mitxelela, A. Irigarai eta A. Arrueren gidaritzapean, liburuen iruzkinak eta kritikak garatuko dituzte gehien bat, itzulpenak, testu zaharren azterketa, sorkuntza modernoa eta ahozko literatura alde batera utzi gabe, urtean ale bat edo bi plazaratuz. Idazle askoren lanak ikusiko ditugu bertan: aipatutakoez gain, J. San Martin, A. Lasa, J.A. Arana Martija, J.M. Satrustegi, A. Eguzkitza, E. Etxamendi, G. Aresti, Txillardegi, M. Lekuona, P. Larzabal, G. Ansola, J. Etxaide, I. Sarasola, eta abar luzea. Abangoardia eta disidentziaren bidetik joko ez duen arren, gerra ondorengo belaunaldi desberdinen agertoki moderno eta laikoa bihurtu zen aldizkaria.

Kultur aldizkaritzat jo dezakegun karmeldarren Karmelek (1931-...) ere, bere tokia izan du euskarazko aldizkarigintzaren esparruan, hainbat gai jorratuz: euskal kultura eta literatura, gizarte gaiak, erlijiozkoak, etab. Urtean lau ale ateratzen zituen aldizkarian sorkuntzak ere bazuen garrantzia handia, 1974tik 1983ra (1973an ez zen alerik argitaratu) plazaratutako 146 poema eta bertsoak horren lekuko, tartean K. Izagirrek argitaratutako bere lehenengo poemak, 1974-1. alean. Garai horretan, K. Zubizarreta (“Melo Alfereza” ezizenez sinatzen zuena) ari zaigu Karmelen gidaritza lanetan, aita S. Onaindiaren testigua hartuz, zuzendari bezala aita B. Etxeberria ageri arren. Idazleen artean N. Etxaniz, P. Uribarren, L. Akesolo, A. Olea, L. Baraiazarra, S. Onaindia, L. Arostegi, etab. aurkituko ditugu. Gaur egunean ere tinko segitzen dute kaleratzen. Ezin ahaztu, era berean, Belokeko beneditarren Otoizlari (1954-1988). Komentuan Corde Magno hilabetekaria ateratzen zuten, baina hura frantsesez egina zenez, euskaraz ere aldizkari bat egin behar zela otu zitzaion Iratzederri. 1954an Othoizlari atera zuten. 1966ra arte iraun zuen izen horrekin eta, ordutik aurrera, “h”a galdu zuen. Lauzpabost poema jasotzen zituen ale bakoitzean.

Diktaduraren azken urteak benetan latzak izan ziren, baina itxaropentsuak; errepresio politiko, sozial eta kulturala sufritutako gizartea irtenbide baten bila ahalegindu zen. “Hasieran: amets zirimola / Aspaldi: ametsaren leihoa / Herenegun: ametsaren zuloa / Atzo: ametsaren zirrikitua / Egun: bide bat estua / Ene libertate zaldiarentzat.” Ate joka zetorren belaunaldi berriarentzat erreferentzia izan zen M. Lasak ezin hobeto islatu zuen orduko giroa 1973an idatzitako “Le cheval de la liberté” poemarekin (6). Bazirudien bazegoela biderik aurrera egiteko. Askatasun hori bera aldarrikatuko zuen lehen aipatutako Eganen A. Eguzkitzak bi urte geroago: “Askatasuna, maite haut, SORTZALE.” (7) Sortzeko beharra zegoen, eta batez ere euskaraz (euskara batuaz); euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna puri-purian. Bestalde, politikak berebiziko garrantzia zuen, kultura bera ere politika egiteko modu bat baitzen. Aldizkariak eurak, neurri batean, ideiak eta ideologiak zabaltzeko tresnak ere baziren. “Literaturgintza, Euskal Herrian, eginkizun kultur-sozial, politiko, literario nahasia duzu, egunoro beste inon baino nabar-nabarmenago. Eskuz esku doa politikoaren lanarekin eta pasioarekin” (8) , adierazten zuen J. Azurmendik Euskal Idazleak Gauren hitzaurrean. “Gorka Trintxerpe” bezala sinatzen zuen P. Zabaletak Olentzero bera ere politizatu zedin eskatzen zuen ironikoki Zeruko Argiako1973ko abenduko azken alean. (9)

Giro honetan, beraz, I. Sarasolak aipatzen dituen kultur aldizkariak definitzea ez da batere erraza. Euskarazko literatur sorkuntza bideratzen dutenei erreparatzen badiegu, arestian aipatutakoez gain ezer gutxi. Tartetxoren bat eskaintzen dioten haien bila hasiz gero, gehien bat orduko euskarazko prentsarekin egiten dugu topo: besteak beste, ordura arte zeuden Donostiako Zeruko Argia (1919-1980), Bilboko Anaitasuna (1953-1983), Baionako Herria (1944-...), Donostiako Goiz Argi (1958-1986), Iruñeko Príncipe de Viana (1966-1976), Bilboko Agur (1970-1975) eta Baionan sortu berri ziren Zabal (1973-1976) eta Hitz (1974-1976). Idazteko zaletasuna daukanak horietan izango du aukera. 1976-79an eta 80ko hamarkadaren amaieran gertatuko den bezala, prentsaren ugaltzeak literatur aldizkarien urritzea dakar.

Bada, bestalde, aipatzeko moduko literatur aldizkari bat Donostian: Kurpil (1973-1976), gaztelera hutsez eginikoa eta debozioz poesiaren agertoki. S. Aizarna zuzendari izan zen bitartean, euskaraz idatzitako poema bakan batzuk agertu ziren bertan, S. Aizarna, J.I. Goikoetxea “Gaztelu”, S. Muniategi, gero Potten aurkituko dugun Manu Ertzilla eta X. Leteren eskutik. Azken honek euskal literaturari buruzko ale monografikoa prestatu zuen 1973ko 3. alean; poeten artean, G. Aresti, J. Artze, J. Azurmendi, B. Gandiaga, M. Lasa, J.M. Lekuona, X. Lete eta I. Sarasola daude. Poema bakoitzak bere itzulpena izango du alboan.

Bazegoen 1974. urtearen hasieran Anaitasunan debate antzeko bat “euskal literaturlarien” aldizkarien momentuko eskasiaz eta etorkizuneko horrek izan beharko zukeenaz. Honelaxe zioen Perugorriak: “Hau da nik proposatzen dudana: literatur kreazio lanak, alde batetik, eta kritik solas eta ikertze lanak, bestetatik, argitara emango lituzkeen literaturazko (hitzaren zentzurik hertsienean) agerkari baten sortzea. Euskal Idazleen Elkarteak berberak sortarazi behar luke bere barruan literatur aldizkari hori, ene iritziz. (Zergatik ez Euskaltzaindiaren babesaren pean?) joera zabal eta aurrerazaleko agerkari bat behar luke izan, gaurko euskal mugimenduaren adierazpide, eta egunen batean abangoardiaren aldizkaria bilaka litekeena. Pauso neurgaitz bat emango genuke horrela: literaturzale gazteok zer irakur eta non eskriba ukanen genuke.” (10) (E.I.E. ez zen 1982ra arte ofizialki sortuko eta 1989an bere aldizkaria argitaratuko, Hegats.) Honen haritik, orduko literaturan protagonista izan zen R. Saizarbitoriaren esanetan, euskal kulturari “abarkak kendu behar zitzaizkion, haien ordez mokasin granateak janzteko”. (11)  Kultura eta literaturaren munduan elite bat agertzen hasiko da, euskararen baitan abangoardia sortzeko helburuarekin. Hala ere, “herriak ez zuen irakurtzen. Oso jende gutxik irakurtzen zuen orduan, eta gure lanek balio sinbolikoa zuten batez ere. Gure lanak ez ziren irakurriak izango ziren esperantzan idatzitakoak. Hutsunea bete nahi zen. (...) Gure helburua zen: finka dezagun balio sinboliko hori eta egin dezagun abangoardiako literatura bat. (...) kontua zen erakustea euskal kultura modernoa zela edo izan zitekeela behintzat. Euskarari modernotasuna eta prestigioa ematea.” (12)

Urte amaiera aldera ere segitu zuten J. Altzibarrek eta P. Kortabarriak euskal aldizkarien eredu egokienaz deliberatzen. Lekukoa J. Azurmendik hartu zien Zeruko Argian 1975aren hasieran, joera zeharo desberdina azalduz. “Errazak eta entretenigarriak” (13) behar zuten izan aldizkariek, jendeak irakur zitzan; “baina giroa, beharbada, literatura errazaren kontrakoa izan da, gehien bat. Hau da, literatur produkzioa eskuetan zutenek –idazleek berek, argitaldariek nahiz agerkariek- literatura errazaren aurkako giro nahasi batean lan egin behar zuten. (...) Ez dugu literatura garai aberatsik izango eragipen sare aberatsik eduki arte. Hau da, eraginkor izan daitekeen literatura apal eta aski diferentziatu ugaririk gabe, ez dago literato on izaterik, edozein huskeria norberak asmatu beharra dagoenean. Bestalde, kreatzaileak, kreatu beharrik ez daukan material bat behar du. Hizkuntza finkatua. Kreazio guzia aldakuntza besterik ez bait da.” Zeruko Argiakoek ere bat egiten dute alboan kaleratu zen editorial antzeko batean: “Aldizkariei dagokie inori baino gehiago herria kultura mailaz jasotzea. Irakurle landuagoarentzat izan ohi da liburua. (...) Aldizkari irakurgarriak egin behar ditugu.” (14) Hurrengo astean ere setati jarraitu zuen J. Azurmendik: “Literatura garaiaren izenean, entretenigarria itotzen ari gara. Izan ere, zein atrebitu giro honetan, normal izaten? Gizon korriente bat, liburu korriente bat idazten duen autorea, kritiko korriente bat? Hemen perfektua izateko obligazioa dago.” (15)

Ez da kasualitatea 1975eko otsailean iritzi artikulu horiek agertu izana, aste  batzuk lehenago eredu berri bat zekarren “Literaturazko (hitzaren zentzurik hertsienean) eta abangoadiaren aldizkaria” jaio baitzen, Perugorriaren artikulua azaldu eta bederatzi bat hilabetetara. Horretarako, 1974an aldizkari-eskaileraren bi zankabeek bat egingo dute Donostia aldean, baina ez “adibidez, etxemaiteren batetan, Vickyren edo Ainhoaren edo Raimonde berri baten bezero, (...) Atxagak eta Izagirrek elkar ezagutu izanaren arrazoia ez zen etxemaitea izan, espetxea baizik” (16), kasualitatez, garaiko hainbat lagunen topalekuan. Bietako bat Martuteneko espetxean zegoen eta besteak anaia zeukan barruan. Eta iraultza makinatzen hasiko dira.

“(...) // Zerbait irakiten ari da giro honetan / ala zerbait itotzen ari da / ala zerbait jaiotzen / marrumak, antsiak, txilioak, zarata itoa / hitzerdiak, hitzmakalak, hilotzak. //  Debekua hautsi, zoramenaren zirkuluan / sartu eta distantzia guztiak hautsiz (iraganez) / nahasmendu lotsagabe batera iritsi. / Hitz berriak asmatu, ohizko mintzairaren trabak / moldeak, tolesdurak..., hitz egiten berriro hasi.(...)” (M. Lasa. “Ghettoko gizona”, 1975) (17)

1975eko urtarrilean, 21 urteko K. Izagirrek eta 23ko B. Atxagak “aldizkari marjinal, sujerikor eta eraberritzailea”(18) kaleratu zuten, I. Sarasolaren hitzetan, underground literaturaren hasiera markatuko duena Euskal Herrian (19), abangoardia eta transgresioa ekarriko zituena; “Atxaga ezagutu nuen, eta bueno, hura zoro bat duk. Aldizkari bat atera behar genuela, berak bazeukala dirua ta atomarporculo, benga, ta horrela atera genuen Panpina Ustela. Ta sartu ziguten porru bat.  Nik neukan insultos a la iglesia, irreberentzia edo. Ta besteak, a las instituciones del estado, eta bueno, poliziak sekuestratu zuen hura dena, deklaratzera eta gero amnistiatu gintuzten.” (20)  “Nik uste Izagirre izan zela nik ezagutu nuen lehen literaturzale euskalduna; literaturzale, zentzu modernoan. (...) Izagirrerengan, hasiera hartan behintzat, kide bat aurkitu nuen. Gaztetxo bat zen, baina harrigarria gertatzen zitzaidan zein ondo menperatzen zuen hizkuntzaren tresna eta zein abila zen poesiarako. Hortik etorri zen Ustela aldizkaria.” (21)

Garai ilun haien ezkortasuna darie aldizkariko portada eta barruko testu zein gainontzeko marrazki eta argazkiei (“Gaua auspez etzanik dago, ta izarrak ez dira iadanik ametsen semaforoak, ilunaren aurpegiaren orein itzaliak baizik.” (22) (K. Izagirre)) Portada berak, alde batetik, Lou Reeden 1972ko Transformer diskaren aire bat dauka, geroago etorriko zen punkaren estetika eta fanzineen moldeak aurreikusiz; bestetik, ezinegona, ezintasuna, garrasi isila adieraz lezake bertako pertsonaren irudiak; justu urtebetera, 1976ko urtarrilean, Baionako Hitz aldizkari klandestinoan Puerto de Santa Maria espetxeko egoera larria salatzeko preso batek idatzitako gutunaren ondoan portadako irudi bera agertu zen. “No future”aren bandera antzematen da: “Gu ez gara ezer, gu ez gara inor” batekin amaitzen da B. Atxagaren “Antzerti minimun bat”.(23) Neurri batean, J. Azurmendik lehendabizikoz Olertin argitaratu zuen “Manifestu Atzeratua” (24) gogora arazten digu, hura ere 1971ean Hitz Berdeak poema bilduman zentzuratu zutena.

Atxagaren esanetan, Ustelaren kontzeptua pintorearena izan zen, idazleena baino gehiago (25). Aldizkariko marrazkiak Pasaiako J. Alberdirenak dira eta argazkiak Hondarribiko J.M. Susperregirenak. Momentu honetatik aurrera, aldizkarietako sorkuntza lanak ez dira idazlanetara mugatuko, irudia eta diseinua protagonistak ere izango dira. K. Otegirentzat “koaderno literario” bat izan zen (26) Panpina Ustela,  K. Izagirre berarentzat, berriz, “avant la lettre-ko fanzine”bat (27) eta 1975an Zeruko Argiak eta Anaitasunak jaso zutenaren arabera, “aldizkari edo liburuxka”. Edonola ere, edizio zaindua, inprenta-lan bikainaren emaitza. Marjinala bai, baina ez nola-halakoa.

Aldizkariaren lehenengo orrialdean Atxaga eta Izagirreren eskelak ageri dira aurkibide modura, aldizkarian bakoitzak eginiko idazlanak euren testamentua izanik. Etapa baten heriotza adieraz zezakeen honek, literatura bizitzeko era berri bati ongietorria emanez, bai estiloz eta baita kontzepzioz ere. Azken aurreko orrian “ez dezagula konposturarik gal, halere” manifestua (28) idatzi zuten elkarrekin, euskal literaturako lehen manifestu modernoa bezala ezagutzen dena, eta bertan argi eta garbi adierazten da belaunaldi berri honen kontzepzio hori: literatura ekintza autonomoa izatea nahi zuten, eta agerikoa, gainera. Biziki ukatzen zuten literatura isila (ezkutua, kajoi barrukoa, herabetiki gordea...) eta isilarazitakoa (literatur lehiaketen bidez, argitaletxe eta hainbat aldizkariren bidez idazlanak “hertsiak eta literaturaz kanpoko (xtraliterarioak, beraz) xederen morroi direlarik.” “Isileko poemek poemak izaten diraute, bainan aiderik gabe, arnasarik gabe, panpina ustelak bilakatzen dira.” Garaiko giro itogarriaren islada zen. Dogma guztien aurka agertu ziren beti, bai gizarte, politika eta erlijioarekiko “halabeharrezkoen” aurka. Kontutan izan behar da, belaunaldi berri hau laikoa dela, seminariotik pasa gabekoa. Ateoak dira eta korronte sozial-kristauekin puskatuko dute, baita sozial-errealistekin edota existentzialistekin ere. Euren euskalkia ez den euskara darabilte gazte hauek, euskara batua, euskalkien lilura eta erabilgarritasuna alde batera utzi gabe. Euskara ez zen arazo bat, ez zuten aztergaitzat edota debaterako hartzen, erremintatzat baizik. Bertsolariaz ere ez dira ahazten, “gizon jator eta moderno hori”, eta bertsolaritzaren garrantziaz jabetzen dira. Beren ustez, literatura herriaren boza zen, gizartean gertatzen ziren aldaketen lagungarri eta dinamika propioa zuena, literatura militantearen ideiaren kontrakoa. Literatura monotematikoaren kontra zeuden eta esperimentazioaren alde; ezarrita zeuden literatura sozial eta konprometituaren zutabeen oinak betierekoak ez zirela frogatu nahi izan zuten. Baina literaturak ez luke gizartea bera aldatuko, ezta ere, printzipioz, barne-gertakizunak; zerbait aldatzekotan, sentsibilitatea aldatuko luke. Garaiko eskemak apurtu zituzten eta jabetzen ziren horretaz: “Geurea, euskal literaturari astinaldi bortitzak ematea da”.

Gerora, honela gogoratzen du euskal literaturan mugarri bat izan zena K. Izagirrek: “Panpina Ustela jainkoa akabatzeko konplot txikia izan zen. Jainkoa, kasu hartan, Aresti zen. (...) Postarestismoarekin edo poesia sozialarekin hautsi nahi izan zen, giro literarioki motz harekin. Ez zen erreakzio inkonszientea izan. Gauzak ondo pentsatu eta gero kaleratu zen manifestu hura.” (29) Arestiren ondorengoei bizkarra eman zioten, baina Arestik berak erreferentzia izaten jarraitu zuen beti. “Atera zenuen florerotik euskal poesia / Argia eman zenigun lurrinaren ordez / Baina iada luzeegi dirau itzalirik zure kriseiluak / begirik gabe gelditu dira gure harriak // (...)” (30), zuzendu zitzaion Arestiri K. Izagirre bere Balizko erroten erresuman. Harreman handia izan zuten berarekin, bereziki B. Atxagak (gogoratu 1972an berari esker argitaratu zituela bere lehenengo lanak eta hil aurreko urtean Eatik bidalitako gutun hartan Arestik egiten dizkion laudorioak). Eta berarekin zeudela ere, R. Saizarbitoriarekin bat egin zuten, eskaileraren hirugarren zankabearekin (hiru zankabeko eskailera!?), betiere bere Ene Jesus nobelaren epilogoari kasu egiten badiogu: “Pare bat urte edo hiru joan dira Ene Jesus hau eskribatzen hasi nintzenetik. Hogei horri zituen opera zezaten, Aresti, Basurton odol Rh- bila zebilen arratsalde eguzkitsuan. Hor nunbait Atxaga eta Koldo (Mitxelena ez, bestea) ezagutuz (...) belaunaldi berrienean apuntatu nintzenean.” (31) 64ko belaunaldiko partaide hau (horrela deitua urte horretan Arestiren Harri eta Herri argitaratu zelako) Ustela proiektuan interesa azaldu zuen bakarrenetarikoa izan zen. Panpina Ustelak oso zabalkunde txikia izan zuen (J.M. Torrealdaik ere ez zuen bere berri eman haren “liburu urdinean”) eta banaketa ia ezinezkoa, poliziak bahitu egin baitzuen, ale gehienak errez. Bilbo aldean aldizkaria banatzen ibili zirenen artean bazegoen gaztetxo gipuzkoar bat. “Pertsona batek ale batzuk pasatu zizkidan unibertsitatean sal nitzan. Salmentaren dirua eman nionean, galdetu zidan ea testuak zer iruditu zitzaizkidan. Nik Bernardo Atxaga izeneko batek sinatzen zituen bi poemak oso onak zirela erantzun nion, eta berak Bernardo Atxaga bera zela esan zidan.” (32) Banatzailea R. Ordorika zen, gerora Atxagarekin batera Potteko kide izango zena.

1976an plazaratu zuten bigarrena: Zorion Ustela. Hiru zankabeko eskailera ezinezkoa zen eta edizioaren arduradunak K. Izagirre eta R. Saizarbitoria izango dira. Partaideen artean B. Atxaga eta X. Olarra. Atxaga urruntzen hasi da dagoeneko, eta ez geografikoki soilik. Irudigileak ere aldatuko dira. Hemendik aurrera, J. Berasategirenak izango dira irudia eta maketa, gero Oh! Euzkadiko ale batzutan bezala.  Urte berean atera zuten hirugarrena eta azkena: Mermelada Ustela.  Bertan J. Elosegi, I. Badiola eta J. Muñoz ere batuko dira taldera. Batetik bestera gero eta narrazio eta poema gutxiago ageri dira eta, aldiz, kritika-lan gehiago. “Saizarbitoria hurbildu zitzaigunean, gauzak aldatu egin ziren han. Ikuspegi ezberdinak zeuden, ideologia ezberdinak. Niri arrotza egiten zitzaidan Saizarbitoriak eta Ustelaren hirugarren alea sinatu zuten beste batzuek iraganarekin zeukaten harreman mota hura. (...) iraganeko ez dakit zeri eta ez dakit nori kritika egitea. Eta niri, egia esan, ez zitzaidan iruditzen hainbesterako.(...) aurreko biak baino politikoagoa izan zen, “mezu” handiagokoa, eta ni ez nintzen oso eroso sentitzen. Gainera, zergatik isildu kontu hau, bakandurik gelditu nintzen taldean. Kiderik gabe, esan nahi dut. Bilbon gusturago ibili nintzen Pottekin.” (33) Politikak, berriro ere, bere aukeraketa egin zuen. Batzuk Donostian geratu eta bestea Bilbora. Talde eta banden garaian gaude eta heterodoxia bera ere ortodoxo bihurtzen da klan bakoitzean. Disidentzia mota guztiak ezagutuko ditugu. Aldizkaria amaitu zen, baina Ustela markak segida izan zuen K. Izagirrek, J. Olaizolarekin batera, Ustela Saila argitaletxea sortu zuenean. 14 idazleren 19 liburu argitaratu zituzten 1983ko abendura bitartean. Idazle berri askorentzat aukera ezinhobea izan zen.

Orduko prentsak 1976a “Euskal aldizkarien urtea” izendatu zuen, martxan ari zirenak azalez eta mamiz berritu eta han-hemenka erruz sortuz ari baitziren aldizkariak; “astekaritis gaitzak jo gaitu euskaldunok”, zioen M. Atxagak Zeruko Argian. (34)  Eta gehitzen zuen, “erdarazko horrenbeste “euskal” astekari sortzea euskararen kaltetan da.” Esanguratsua izan zen Anaitasunak eta Zeruko Argiak egin zuten euskara hutsezko aldizkarien iragarki bateratua. Krisi sakona sufritu zuten biek. Anaitasuna desagertzeko zorian egon zen 70eko azken urteetan. Euskarazko Zabal eta Hitz urte horretan isildu ziren eta aurrekoan Agur, eta gaztelerazkoek hartu zuten lekukoa (euskal kulturari egiten zioten tartetxo bat euskaraz, literaturak ere bere presentzia izanik): besteak beste, Berriak (1976-1977), Garaia (1976-1977) eta Punto y Hora (1976-1989). “Guk militantziaz ateratzen genuen aldizkaria. Aldizkari elebidunetan inbertsio handiak egin ziren. Talde politikoek ez zuten arazorik izan euren aldizkarietan jardungo zutenei profesional gisa ordaintzeko. Ordura arteko idazle militanteak zurrupatu egin zituzten. Anaitasunak beste lauzpabost urtez  jarraitu zuen, baina hura agonia izan zen.” (35), atzera egiten du J.R. Etxeberriak. Zorion Ustelak kritika zorrotza egin zion aldizkarien urteari: “(...) Ez diat entenditzen, zeren atzo inutilak desorganizatuak inozoak eta burges txiki batzuk hituan independienteak (...) ez zekiat nola organizatu ahal izan diran hainbeste aldizkari independiente kaleratzeko.” (36)  

Hurrengo urteak ez zeukan inongo izendapenik, baina egunkari elebidunen urtea izan zitekeen, orduantxe kaleratu baitziren Deia eta Egin. Literatur aldizkarien arrastorik ere ez, eta astekarien gainbehera, Berriak eta Garaia desagertuz. Bi egunkariek kazetari eta sasi-kazetari guztiak enplegatu zituzten. Esaterako, E. Garmendiak gogoratzen duen bezala: “Zeruko Argia hustu egin zen 1977an, literalki gainera. D. Unanue Egin muntatzen hasia zen oraindik Zeruko Argian zela. M. Atxaga Deiarako fitxatu zuten berehala. X. Garmendia Eginera joan zen zuzentzaile, M.J. Azurza Deiara... Kolaboratzaile guztiek batera edo bestera alde egin zuten. Nik neronek Deiarako eskaintza izan nuen M. Ugaldek egina. Geratzen ginenoi pena aurpegiarekin begiratzen ziguten, baina nik garbi neukan euskara hutsez lanean jarraitu nahi nuela.” (37)

Giro nahasi honetatik 1977ko hiru eskailera errekuperatu nahi nituzke: bata, osagarria (Jakin 1956-62/1964-70/1977-...), bestea paraleloa (Kantil 1977-81) eta hirugarrena etzanda dagoena, Ustelako hura bera, trenbide bat irudikatuz (“Baietz astea gaizki bukatu” 1977-78), zuzenean Oh! Euzkadira eramango gaituena.

Frantziako Etudes, Projet, Esprit eta Presse Actualité bezalako ereduak aztertu ondoren, 1976ko udazkenean –justu jaio zenetik 20 urte beteko zituenean- “euskal kultur mugimenduaren azterbide eta eragile”(38) izan nahi zuen Jakinek berriro ere plazaratzerik izango zuela uste arren, 1977ra arte itxaron beharko zuen. L.A. Bilbaorekin batera, J.M. Torrealdaik gidatuko duen aldizkari honek literatura presente izan du sistematikoki, bai kritika eta saio alorretan eta baita prestatutako ale monografikoetan ere, beti euskara hutsean. Lauzpabost hilabetera, 1977ko uztailean, Kurpilen lekukoa hartuko duen literatur aldizkaria aurkeztu zuten Donostian, Kantil, zuzendaria Valentín Díaz eta koordinatzailea Felix Maraña izanik. Sorkuntza lan guztiak gazteleraz izango dira, nahiz badagoen aipatzeko moduko salbuespenik: 9. alean G. Garateren ipuin bat agertuko da, 13.ean Otsalarren (J.San Martin) poema pare bat eta 18.ean J. Landaren beste bat, pare bat libururen iruzkinekin batera. Susa literatur aldizkariaren sortzaile izango zen honek ere badu bere beste poema bat Kantilen 1978ko urtarrileko 6. alean, oraindik Susa sortu gabe zegoenean. 17 urte besterik ez zituenak izengoitia erabili zuen poema sinatzeko, gero Argian, esaterako, erabiliko duen berbera. Eta azkenik, trenbide imajinarioa: 1977ko irailaren 4an sail berri bat agertuko da Zeruko Argian, literatur kazetaritza eskainiko duena: “Baietz astea gaizki bukatu”. Sail horretako lehenengo artikuluaren “azpian zinatzen dugunok, erabateko akordioaren ondoren, astero Zeruko Argiako bazter honetan agertzea erabaki dugu, bakarka nahiz taldean. Baina, nork hasiera eman lanari taldetasuna galdu gabe! Elkar lan batekin aurkeztea pentsatu dugu.” (39) Sinatzaileak edo zinatzaileak B. Atxaga, K. Izagirre, R. Saizarbitoria eta I. Sarasola izan ziren. Baina lau zankabeko eskailerarik ere ez dago merkatuan. Dualak gara euskaldunak. Hurrengo artikuluetaz R. Saizarbitoria eta K. Izagirre arduratuko dira, 1977ko urriaren 16koa izan ezik, B. Atxagak idatzitakoa. 1978ko maiatzaren 14ra bitartean argitaratu zituzten 29 artikulu haiek kontrakultura egin zuten. “Utzi egin genuen. Zeruko Argia descojono bat da. Hura konponduko zuen madrerik ez zegoen. Guk nolabait beste aire bat eman nahi genion errebista osoari. Gu han pegote bat ginen; bi grazioso, ta ez geunden horrekin konforme. Aire serio bat eman nahi genion, ta hor problemak izan genituen. (...) Ta alde egin genuen, ta “por aclamación popular” edo –hau txorrada duk- joateko ta joateko ta bi orrialde. Oh! Euzkadi asmatu genuen (…)”(40),  azaltzen zuen K. Izagirrek Susan handik bi urtera.

Aipatu bezala, B. Atxaga Bilbora joango da eta, beste batzuekin batera, Pott (1978-80) banda eta aldizkaria sortuko du; Donostian, berriz, K. Izagirrek eta R. Saizarbitoriak Oh! Euzkadi (1979-83). Bi aldizkari hauekin literatura heterodoxoan sartuko gara buru-belarri.

Zankabe bakarreko eskailerarekin, sagarrak biltzeko erabiltzen den horietako batekin, abiatu zen B. Atxaga Bilboko kale ilunetara. Potten kolaboratzaile izango zuen J.C. Eguillorrek “Bilbao la muerte” izenburua jarri zion bere lan bati, kulturalki hila baitzegoen orduko Bilbo, basamortua zen. “Ixiltasunaren palazioari  hautsi zaio / Beiradura: girnaldak adjetibo kalifikatiboentzat / Basamortua leihotatik sartzen / Gau erailea / Urtxoriak ihi artera ihes / Alferrik” (41) adierazten zuen Atxagak 1978an argitaratutako Etiopian. Anaitasunako  1977ko uztaileko kolaborazioan zera zioen orduko artisten marjinalitateaz: “Lehorrak jotzen gaitu, epigoniaren lurrak lehor moeta sikuenaren parabisu direla, non ez baitira jaiotzen ideia transformatzaile ahulenak, edo sinesmen, edo amets, edo utopia arrazionalenak, non biziera berrian ipinitako esperantza absurdu haurkoia baita. Antierrenazimenduaren sasoian kreatibitatea baztertu egiten da eguneroko bizitzatik, (...) Artista tenplutik bidalia izan da, Produkzioaren jainkosari bere fruituak eskaintzen ez dizkionez, eta hobeto esanez, eskaintzen ez dizkion heinean.(...) Hemen ere artistak tenpluaren kanpotik ari dira, eta kulturgileak, basekoak edo, beste base batzutara pasatu dira, eta zenbait senatore eta guzti egiteko asmotan dabila. Bizitza kulturala, autobide ertzeko telefonoa bezain isladatu eta pobre ikusten da.”(42)  Politikak zerikusi zuzena zeukan, dudarik gabe. Euskal kultura “simulakro” bat zen. Sasoi bertsuan, J. Azurmendik ere bide beretik jotzen du: “Literatura desolaziotik bezala ari zaigu. Marjinatuta, baztertuta, sentituko balitz bezala, basamortuko boza. Literaturan bertan maiz-sarri irakurtzen ari garena da, bolada honetan, literatura ez duela inork irakurtzen, literatura ez zaiola deus axola inori, etab. Euskal idazlea, literatoa, beste garai batzuetan, euskal mugimenduak, kulturazkoak ezezik politikoak ere, bultzatuta lagunduta, sentitu izan da. Integratuta. Oraingoa bazterrera utzita sentitzen dela, pentsa daiteke.”(43)  Tenplutik at, bi hitzetan. “Hauskortasunaren sentsazioa ere nagusi da (...) Hautsi da zibilizazioan jarritako itxaropena eta gizatasunean jarritako konfidantza, galdu da kristautasunak, positibismoak zein gizarte-teoriek agindutako etorkizun zoriontsuagoaren esperantza.”(44), adierazten digu A. Azkorbeitiak, Etiopiako “hautsi da ANPHORA” hark abisatzen zigun bezala.

Egoera honetan sagarrik jasotzea ez da batere erraza. Zoru-baldintza zailenetara egokitzen da sagarrak biltzeko eskailera, norabide guztietara luzatzen zaion oinarriari esker: lagun taldea, Pott Banda. Leku, adin, kultura, zaletasun, sentsibilitate eta ideologia anitzekoak, baina literaturak batu zituenak, literatura maite zutelako. “Pentsa zenbaterainokoa den errebista edo talde baten garrantzia, barne giro hori, konturatu hortik ez dela Etiopia bakarrik atera. Hortik atera da Ruperren diska, hortik Josebaren Izuen gordelekuen barrena, hortik ateratzekotan dagoen Iturralde-Jimuren liburua. Beharbada horiek guztiak egingo ziren bestela ere, baina ez hain bizkor edo gozo, ez zait iruditzen. Dena dela, bandaren egitekoa zera zen: izpiritu berri baten jabe ginela esatea, izpiritu hori hartzen genuela aintzat geure aldizkari, liburu eta enparauak osatzerakoan.”(45), argitzen zien B. Atxagak Susakoei 1982an. 1977ko irailean osatu zen talde hori: B. Atxaga, zankabea, eta oinarria osatzen zuten M. Ertzilla, J.M. Iturralde, J. Juaristi, R. Ordorika eta J. Sarrionandia, taldeko benjamina. Alde Zaharreko Arriagan zegoen kafetegian eta Cantabrico tabernan hasi ziren biltzen ostegun gauetan eta “Iturraldek ekarriko zuen, adibidez, Ameriketako nobela beltzaren erreferentzia eta balorazioa, Juaristik ekarriko zuen gaur dakarren balorazio bera: ze artzaiak diren euskaldunak eta ze poeta galantak Toledokoak... (baina hori ere eragilea zen, guk pentsatu egin behar genuen horren gainean), R. Ordorikak ez-dakit-zer mugimendu musikalaren berri, ...”(46) Horrela, Hiri Handiak liluratuta zeuzkan gazte hauek 1978ko martxoan Pott bandaren fanzine edo panfloa kaleratu zuten: lehenengo ale hark Pott bandaren berriemalea izenburua zeukan. Eta 1980 bitartean beste bost ale gehiago atera zituzten: Pott bandaren blaga (1978ko ekainean), Pott 3(bandaren blaga) (1978ko azaroan), Pott bandaren braga (1979ko martxoan), Pott bandaren praka (1979ko uztailean) eta Pott Tropikala (1980ko ekainean).

Pott bandaren berriemalearen editorialean argi eta garbi azaldu zuten euren helburua: editorial bat sortu nahi zuten, baina burokraziak baimena ukatu zienez, huraxe lortu bitartean “panfloa” ateratzeari ekin zioten, alegalak izatera pasatuz, inongo diru-laguntzarik gabe, publizitateari uko eginez. “Kontsumoaren aurka, kreazioa” aldarrikatzen zuten. Argitaratu nahi zuten liburua T.S. Elioten Four Quartetsen itzulpena zen, G. Arestik 1973an eginikoa. (Pott bandaren bragan zati batzuk atera zituzten, baina ezin izan genuen 1983ra arte Arestiren itzulpen osoa ikusi, J. Juaristik, J. Sarrionandiarekin batera, prestatutako edizio hartan, The Waste Landenarekin batera. Aurrez, 1981ko Oh! Euzkadiren 11. alean J. Sarrionandiak The Waste Landeko pasarte bat itzulia zeukan, 1983ko edizio horretan agertuko dena, eta J.M. Iturralderekin batera beste bat Oh! Euzkadiren 1982ko 15. alean; azken hau ez dute edizioan mantenduko). Ez zuten kulturako hutsunerik bete nahi, kultura bera hutsik baitzegoen, eta horregatik, Pottmanek lehen aleko bere atalean azalduko zuen legez,  kulturarik gabe kontrakultura egitea ezinezkoa zen. Dena dela, aitortu nahi ez bazuten ere, edota hitzez adierazi behinik-behin, momentuko korrontearen kontra ari ziren eta hori bera kontrakultura mota bat zen, Bilbo batean euskara hutsez aldizkari bat argitaratzea izan zen bezalaxe. Baina konfrontaziorik gabe. "Euskadi Ofizialarekiko disidentzia gogorrean aurkitzen gara. (...) Disidentzian bai, baina lasai, lasai, motellak.", argitzen ziguten Pott Tropikalan. (47)

Pott bandakoek literaturaren kontzepzio eta estilo literario berri bat estreinatuko dute. Literaturaren kontzepzioaren aldetik, Ustelaren ideiari jarraituz, literatura ekintza autonomo bezala ulertuko dute: “Ez gaude inori serbitzeko, geure buruak argitzeko baino”(48). Literaturaren lurralde autonomo horretan presio politikoek eta ideologiek ez dute, printzipioz, inongo lekurik; zenbait esaldi argigarri: “Ideologiatik eskemetara, hauetatik hitz pare soil batzuetara, hara hor askoren desarroilo mentala.”(49); “Eskubikoek zein ezkerrekoek ez digute hazkurerik ere egiten.”(50); “Politika subnormalitatearen formatzat hartzen dugunez gero, boikota egiten digute herri honetako iraultzaileek (eta dakizuenez, herri honetan ia denak dira iraultzaile).”(51) Baina kritika egiteko beti prest: “Gure lana ezik, beharra antzematen dugun falazia oro desmentitzea eta egia oro baieztatzea da.”(52) Estilo literarioaren aldetik, bestalde, areagotu egiten dute Ustelaren joera informala, sasi-editorialez josirik lehenengo bost aleak. Umorea beti presente. Literatura ironikoa eta kritikoa lantzen dute, tonu irreberente xamarrean askotan. Ate guztiak irekita zeuzkaten munduko literaturei (Schwob, Kafka, Eliot,...), kanpoko aideek aberastasuna eta perspektiba ematen zien. Euren helburua ez zen aldizkaria euskara hutsean egitea, literaturaren lurralde autonomo horretako banderak ez zeukan hizkuntzarik. Potten erabiltzen duten euskara “txukera” da, “beste euskara guztien entsalada”(53) Estetika aldetik ere, haustura nabarmena da: asko zaintzen zuten maketa eta irudia. Panpina Ustelan parte hartu eta Etiopiaren portada egingo zuen J.M. Susperregiren argazkiek, J.M. Zumalabe, A. Garrote, Patxi Txiki, Mariano, Maxe edota J. Pagazaurtunduaren maketek, eta F. Azkoaga, M. Arsuaga, J.L. Longaron, Kapo edota G. Etxebarriaren marrazkiek argitarapen moderno eta erakargarri bat izatea bideratu zuten. Pottek logoa ere bazuen. R. Mendiburu eskulturgilea izan zen egilea. Zenbait aurkezpenetan ere estetika berezia erabiltzen zuten, mozorrotuz adibidez. Eta zer esanik ez, “infiltratu” edo kolaboratzaile pilo batek parte hartu zuen Potten (M. Solbes, J. Urkixo, J. Kortazar, A. Eguzkitza, J.J. Bakedano, J. Casenave, J.C. Eguillor, I. Uriarte, K. Izagirre, L. Arrosagarai, M. Hiribarren, F. Ibargutxi, J.L. Merino, P. Antoñana, J. Aguirre Gandarias, J. Etxezarraga, eta abar eta abar). Pott Tropikalarekin gailurra lortu zuten. A. Soroaren laguntzaz eta sari pare batean irabazitako diruak hartu eta izugarrizko alea: formato berria, paper ona, grafiko ugari eta idazle-mordoa 84 orrialdetan. Diru dezente galdu zuten eta maketa-egileak sartu zien ziriarekin, epaitegitik pasatu ondoren, pott egin zuen Euskal Herriko aldizkari mitikoenak. Aldizkariaz gain, utzi zuen herentziarik Pott bandak: “Pott liburutegiak” 1978an argitaratutako B. Atxagaren Etiopia, “Kritika Saria” jaso zuena.

Pott banda eratu zen urte berean, Donostiako Antigua auzoko kideak ziren F. Aramburu, A. Bermejo eta J.F. del Hoyok Cloc taldea  sortu zuten, garaiko kulturaren zuloan poesia, umorea eta irreberentzia gehitu nahian, iskanbila ugariz gain (zenbaitzuk gogoratuko dituzte hiriko hormetan eta Chillidaren Haizeen orrazian eginiko pintadak, edota Salaberriaren bustoaren sudurra txikitu zutenekoa). “Artea eta desartea” proposatzen zuten gazte hauek Cloc izeneko aldizkari bat kaleratu zuten urte horretako maiatzean, gaztelera hutsean, eta 1981ko abuztura arte iraun zuen. Bilbon, berriz, bi aldizkari zeharo ezberdinak agertuko zaizkigu 1979an, Euskadi Sioux (1979) eta Zurgai (1979-...), hauek ere gazteleraz nagusiki; batek urtebeteko bizitza eta besteak 25 bete berri. Euskadi Sioux disidentziaren beste adibide nabarmen bat da. Guztiz transgresorea, orduko monotonia puskatuz ezarrita zegoen ordena hankaz-gora jarri zuena. Umorea, satira, kritika, autokritika, txantxa, freskotasuna, askatasuna, ironia, esperimentazioa,... zerien atera zituzten zazpi aleen testu eta irudi probokatzaileei. Pentsaera eta kultur arlo desberdinetatik zetorren jendeak hartu zuen parte: V. Ameztoy, B. Atxaga, I. Zulueta, J.L. Zumeta, A. Olariaga, J. Zabaleta, J.C. Eguillor, R. Valverde, R. Castellano, J.M. Agirre, etab. Irakurtzekoa da 5. alean Pottekoei egin zien elkarrizketa eskizofrenikoa. Bilbotik aldendu gabe, beste aldizkari batekin egiten dugu topo: Zurgai. Yambo aldizkaritik zetozen idazle hauen helburua poesiari plaza bat eskaintzea izan zen. P. Glez. de Langarikaren zuzendaritzapean,  tinko eutsi diote ideia horri gaur arte. Euskararen presentzia txikia den arren, euskarazko literaturari eskaini izan zaio monografikoren bat edo beste, G. Aresti edota B. Gandiagari kasu.

Arestian zintzilik utzi dugun eskailerara itzul gaitezen. 1979ko maiatzean, berriro Zeruko Argiara bueltatu aurretik, K. Izagirre eta R. Saizarbitoriak bultzatuta, Oh! Euzkadi izeneko manifestu-tankerako orri handi bat kaleratuko dute Donostian (aldizkaria beraren 0 zenbakia). Forma aldetik, triptiko bat zen, erdian orrialde solte batekin, neurri oso handietakoa. “Beren armak estreinatzen dituzten firma gazteak zenbait abenturero zaharren artean.” agertzen dira bertan: J. Ansorena, J. Lizartza, M. Solbes, R. Etxezarreta, L. Oñederra, R. Saizarbitoria, P. Lizarralde, I. Egia, J. Casenave, J.M. Alegria, G. Egia, B. Atxaga, J.A. Arrieta, J. Muñoz, K. Izagirre, J. Elosegi, P. Balerdi, I. Bidegain, J.J.Lasa, J. Sarrionandia, Pitu, J.M. Lasagabaster, K. Zufiria eta J. Berasategi (maketa). Orduan abenturero ziren horietako batzuk, gaur egun konkistadore. Bi arrazoirengatik argitaratu zuten: batetik, “(...) atzeko partean Kaja Ahorrosen anuntziorik azaldu gabe paperik argitaratzea posible ote den ikustearren”, eta bestetik, “idazle berrientzat plataforma bat lortzeko, zeren gauzak diren bezala edo ikusten ditugun bezala esateko, orainainoko aparatoek ez baitute horrelakorik lortu, betiko izenak betirakotzen dira betiko roiloetan.” Eta azpimarratzen dute: “Gure zentzu polemiko-kritikoa Euzkadi izenak besterik ezin dezake sinboliza. Hori bai, gure posizio ideolojikoari teoriz behintzat ez dagokion letraz izkribituz.” eta “Oh! Euzkadi ez da herriaren aldizkaria eta ez dugu uste inoiz ere izango denik.” (54) Eta bueltatu ziren Zeruko Argiara, eta hiru hilabetez, ekainetik urrira, “Oh! Euzkadi” deitutako sail bat abian jarri zuten bertan. Astindu ederra eman zien bateko eta bestekoei!

Diktaduraren garaitik ustezko askatasun egoera batera pasatzeak zapuztuta utzi zituen orduko idazleak, eskain zitzaiena ez baitzen benetako askatasuna izan, inongo hausturarik gabeko jarraipen epel bat baizik. Oh! Euzkadi taldeak, erreakzio modura, aldizkari literatur-politiko-kulturala jarri zuen martxan. “Ikonoklasta izatetik kontestatario izatera eta errealidade politiko bati erantzutea zen geure helburua. (...) mediokritatearen eta faltsukeriaren kontra”(55) borroka ideologikoa egin beharra zegoela gogoratzen digu K. Izagirrek; baina “kapazidade estetikoa beharko dugu, ideolojikoaz aparte”, azpimarratzen dute Oh! Euzkadikoek 1980ko 3. alean, “Gure desafioa eta eginbeharra, beraz, kultura nazionalaren bilakabide berriak aurkitzea da, beste kultur ekintza guztiei gizarte koherentzia emango dien definizio berria, kultur lanak euskal herriaren itxaropenean gorpuzteko, bil genezakeen ondaretik argitasuna jasoz.”(56)  “Gu gara alternatiba, alternatiba posible eta inposible bakarra, frente kulturala, kultur bekokia, frontea. Konplejorik gabeko kultur lotsagabe serio baino ez aspergarri, koherente baina ez monolitiko baten aukera.”(57) Horrelako mezu batekin abiatu zuten 1. alea 1980ko maiatzean. Manifestu hartako batzuk arduratuko dira langintza horretaz: J. Ansorena, G. Egia, R. Etxezarreta, K. Izagirre, J. Lizartza, J. Muñoz, L. Oñederra, J. Berasategi (maketa eta marrazkiak) eta hiru fitxaje berri, A. Lertxundi, I. Sarasola eta A. Urretabizkaia. Hurrengo aleetan, J. Agirresarobe edota T. Ormazabalen argazkiak, A. Olariaga, X. Laka, J. Lucas, J. Etxebeste, I. Aiestaran, R. Sanchez, P.M. Aiestaran edota A. Ugarteren marrazkiak, eta M. Hz. Abaituaren testuak 9. aletik aurrera. Ikusten denez, staffa ez zen asko handitu, aldiz baja batzuk izan ziren. 6. alera arte idazlanak sinatu gabe agertu ziren eta, ordutik aurrera, kanpoko kolaboratzaileak onartuko dituzte (J. Azurmendi, J.M. Zabaleta, Txillardegi, M. Atxaga, P. Sastre eta J. Landa eta I. Uria "zirikatzaileak", besteak beste). Poema edo ipuin laburren bat argitaratu zuten, baina kritika-lanek osatzen zuten gehienbat aldizkariaren edukia. Intelektualegitzat jotzen zuen zenbaitek aldizkaria eta serioegia eta  ulerkaitza beste batzuk. Aldekoak eta kontrakoak: aliatuak Donostiako Ere (1979-1981) astekari elebidunean zeuzkaten (ikus 34. zkia. 1980/05/08-15), taldeko A. Lertxundi, A. Urretabizkaia eta L. Oñederra bertan zeudelako, eta biak argitaratzaile berberak egiten zituelako; eta noizbehinka "egurra" ematen zienen aldetik, 1980an berritutako Argia astekarikoak (antologikoa da I. Uria eta J. Landak idazten duten  “A por ellos” artikulua –878. zkia.1980/06/01- eta ikus 901. zkia. 1981/02/01 eta 912. zkia. 1981/05/24). Taldekoen artean ere tirabirak izan ziren gai batzuren tratamendua zela eta, biolentziarena adibidez, eta horrek aldizkariaren amaiera ekarri zuen. Dena dela, euskara hutsez ateratzen zen Oh! Euzkadi mugarri garrantzitsu bat izan zen euskal literaturaren esparruan, eta kritika-lanez gain euskal kulturako “figura klasiko” asko berreskuratu zituen elkarrizketa bidez (N. Etxaniz, “Gaztelu”, J. Riezu, P. Mujika, “Ataño”, M. Lekuona, S. Onaindia,...). Eta izan zuen eraginik etorkizuneko idazleetan, L. Oñederra kasu, bere Eta sugeak emakumeari esan zion eleberria argitaratu berritan jaso genionez: “Oh! Euzkadi izan ez balitz, beharbada nik ez nuke nire nobela idatziko. Saizarbitoriak gazteak idaztera bultzatzen gintuen, motibatu egiten gintuen, betebehar moral bat balitz bezala. (...) Denborarekin pisua hartzen joan den gauza bat da. Markatu egin gintuen. Literaturaz eztabaidatuz, orduan hasi ginen benetan literatura ukitzen.”(58)

1980an 1. alea atera zuten arren, 1978/79 ikasturtean Donostiako gazte talde bat literaturaz hitz egiteko biltzen hasi ziren eta Tertulia izeneko orri sorta bat muntatu zuten. J. Landa zen setatsuena eta orri marjinal haietatik aldizkari baterako pausua eman behar zela iruditu zitzaion. X. Aizpurua, M. Hz. Abaitua, M. Antza, eta beste hainbat behi zorok Susa (1980-1994) atera zuten EUTGko zelaietan. 1978ko Jakineko  N. Etxanizen artikulu autozentsuratu baten izenburu bera (59) erabili zuten aldizkariaren izenerako. Lehenengo bi aleei underground kutsua darie, baina J. Landa eta I. Uria, M. Antzarekin batera, Argian sartzen direnean,  haustura bat sumatuko da. (Sasoi honetan, 1980ko irailetik 1981eko abuztura, “Titiriteroak” sailaren ardura hartu zuten Susakoek Argian) Itxura bera ere aldatuko da 3. alean (1981eko maiatzean), Argiak zeukan bera hartuz (gero lehengoaren antzekora bueltatuko dira). Argiak ez die dirurik emango, baina azpiegitura, inprenta, papera eta kudeaketan erraztasunak eskainiko dizkie. 1982ko urtarrileko 4. aletik aurrera, Susa “Argia” garaian sartuko da. Ibilbide luzea izan du aldizkari honek eta garai, partaide eta kolaboratzaile ezberdin asko. Lehen garaiko bere erredakzio batzordeko partaiderik nagusienen artean J. Landa, X. Montoia, I. Uria, P. Sastre, E. Olasagasti eta M. Antza aurkitzen ditugu. Literaturgintzarako plataformarik garrantzitsuenetarikoa izan da eta, 1983an argitaletxea sortu zuenetik, idazle berriei bultzada zuzena eman izan die. Era berean, aldizkaria 1994an amaitu bazuten ere, 2001ean literatur aldizkarien gordailua prestatu zuten, euskal literatur aldizkari esanguratsuenak sarean bilduz.(60)

Neurri handi batean, undergroundtasunaren bukaera suposatuko duen 80ko hamarkadaren hasierak idazle labealdi berri bat dakar (euskal literaturaren krisia oihukatzen zutenak isil arazteko). “Belaunaldi berri honek bide alternatiboak bilatzen ditu, aurretik infraestrukturarik egongo ez balitz bezala jokatuko du. (...) Ikuspegi komertziala edo enpresariala baino areago estilo kontu bat dago lehen aldizkari eta argitaldari hauen sorreran, zegoenarekiko urrundu nahi bat, bereizte bat. Aldea markatzea alegia, gazteluari foso bat ezartzea, literatura duintzea. Aurrekoen kontrako erreakzioz ageri denez, ez du larderiarik onartzen. Ez du aitapontekorik behar, ez du aurrekoen edo zaharragoen oniritzirik.”(61) Literatur korronte nagusi baten falta ere nabarmena da, ugaritasuna eta pluraltasuna izanik garai honetako ezaugarrietako bat. Esan dezakegu 1973tik 1979ra baino lau aldiz literatur aldizkari-ale gehiago argitaratu zirela Euskal Herrian 1980tik 1983ra (50etik gora). Era berean, argitaldariak ere ugalduko egingo dira. Beraz, zilegi da esatea literatur aldizkarien “boom”aren atarian gaudela, eskailera nagusiaren beste maila batean. 1980-83 artean sortutakoei erreparatzen badiegu, Susaz gain, nagusiki honako aldizkariekin egiten dugu topo: T. Larrea eta J. Zabaletak Hordago argitaletxearen eskutik Donostian sortutako Xaguxarra (1980-1981); hamar urteko geldialdiaren ondoren, S. Onaindiak, Eusko Ikaskuntzaren babesean, Olerti (1959-95) jarri zuen berriro martxan Larrean 1980an; hurrengo urtean, artea eta literatura batzen zituen Hegalez Hegal (1981) aldizkari elebiduna zuzentzen zuen L. Zugazaren ideiari esker sortu zen Labayru Ikastegiko Idatz & Mintz (1981-...), A. Arejita zuzendari lanetan arituz. 1982an Baionan, L. Etxezaharreta eta I. Bordaren ekimenez Maiatz (1982-...) plazaratu zuten, Iparraldeko idazleen ezinbesteko plaza. Gasteizko Filosofia eta Letren Fakultateko literaturtegiak (J. Juaristi, J.A. Blanco, I. Laka, X. Etxaniz, E. Tolaretxipi,...) Stultifera Navis (1982-83) aldizkari elebiduna atera zuen. Hauetako batzuk, hurrengo urtean, J. Arriolabengoa, J.I. Lasa, T. Irastortza, M. Lopez eta X. Etxanizek Kandela (1983-1984) egingo dute Fakultateko bide ez-ofizialetatik. Eta urte hauetako literatur aldizkari garrantzitsuenekin amaitzeko, beste bi: bata Nafarroan eta bestea Bizkaian. Iruñean, Auzolan liburu-dendaren inguruan eta T. Aranaz gidari, Pamiela (1983-1993); Durangon, berriz, Txistu y Tamboliñ (1983-93/2000-...), akaso Potten garaia gehien gogora arazten digun aldizkaria, talde zentzuagatik eta izengoitiz sinatuta dauden testu horien moduagatik. Disidentzia eta esperimentazioaren arrastoak aurki ditzakegu bertan.

Baina kanal marjinaletatik ateratzen hasten dira aldizkariak eta disidentziatik urruntzen; hamarkada honetan, zenbait erakunde publikok diru-laguntzak luzatuko dizkie, argitaldarien babesa lortuko dute eta unibertsitateak edo antzeko erakundeak zenbait aldizkaritan interesatuta agertuko dira. Herrialde guztietakoak izango ditugu eta profesionaltasuna ere hasiko da kasu batzuetan. Aluminiozko eskailerak ikusiko ditugu eta baita maila metaliko galbanizatua dutenak ere; guraize-eskailerak edota hiru fasetakoak ez dira faltako, baina bada oraindik zurezko eskailera zartaturik, merkeagoa baina ilusioz beterik, bere ezpaletatik euskal literaturaren parte handi bat eraiki izan dena.

Eskailerak igo eta jaitsi, eraman eta ekarri, bota eta jaso; literatur aldizkari ugari berreskuratu eta irakurtzeko modukoak! Irakurri dut nonbait, Wittgensteinek zurubiz igo beharreko ur-andela baten gainean egin zuela behin hitzordua lagun batekin. Hura bertaratu, igo eta filosofoak zurubia behera bota ei zuen. Nola jaitsiko ote ziren galdetu zion gonbidatuak, eta ohi zuen bezala, isilune luzea eskaini zion besteak. Ez dakit zer gertatu zen azkenean, baina seguru igotzeak merezi izan zuela.

Donostian, 2004ko abuztuan

BIBLIOGRAFIA

  1. AZURMENDI, Joxe. “J. San Martin, X. Gereño, eta beste historia hori”. Berria.   2003/11/18.  7. orr.
  2. IZAGIRRE, Koldo. “A”.  Itsaso ahantzia. Ed. Kriselu. Donostia, 1976.  
  3. SARASOLA, Ibon. “Aurkezpena”. Aurtengo Zenbait berri. Lur Editoriala. Donostia, 1973ko urria. 6-7. orr.
  4. Askoren artean. Euskal Elerti 69. Lur Editoriala. Donostia, 1969.
  5. Askoren artean. Euskal Literatura 72. Lur Editoriala. Donostia, 1972.
  6. LASA, Mikel. “Le cheval de la liberté”. (1973) XX. Mendeko poesia kaierak. Ed. Susa. Zarautz, 2002. 52. orr.
  7. EGUZKITZA, Andolin. “Askatasuna”. Egan 1/6. 1975eko urtarril-abendua. 93. orr.
  8. AZURMENDI, Joxe. “Euskaldunari” in TORREALDAI, J.M. Euskal Idazleak Gaur. Ed. E.F.A. Jakin. Donosita, 1977.  39-40. orr.
  9. TRINTXERPE, Gorka. “1974 edo Olentzero politizatua”. Zeruko Argia. 1973/12/30. 565. zkia. 12. orr.

(10) PERUGORRIA. “Noizko euskal literaturlarien aldizkaria?” Anaitasuna. 1974/02/28. 270. zkia. 4. orr.

 (11) SAIZARBITORIA, Ramon. In ETXEBERRIA, Hasier. Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan. Ed. Alberdania. Irun, 2002. 222. orr.

(12) Ibidem. 223, 225. orr.

(13) AZURMENDI, Joxe. “Erraz eta entretenigarri.” Zeruko Argia. 1975/02/09. 623. zkia.

(14) ZERUKO ARGIA. “Nolako aldizkariak?” Zeruko Argia. 1975/02/09. 623. zkia.

(15) AZURMENDI, Joxe. “Literatura garaia eta literatura entretenigarria.” Zeruko Argia.. 1975/02/16. 624. zkia. 3. orr.

(16) IZAGIRRE, Koldo. “Txipitasunaren iraultza (etxemaitez eta espetxez)”. Gaurko poesia. Ed. Labayru Ikastegia. Bilbo, 1993. 69. orr.

(17) LASA, Mikel. “Ghettoko gizona”. (1975) XX. Mendeko poesia kaierak. Ed. Susa. Zarautz, 2002. 53. orr.

(18) LANDA, Josu. “Panpina Ustela edo literaturaren errebindikazioa”. Gerraondoko poesiaren historia. Ed. Elkar-AEK. Donostia, 1983. 69. orr.

(19) SARASOLA, Ibon. “Autores de última hora”. Historia social de la literatura vasca. Ed. Akal. Madrid, 1982. 176. orr.

(20) IZAGIRRE, Koldo. In “Koldo Izagirre mikrofonoaren kontra”. Susa. 2. zkia. Donostia, 1980ko apirila. 9-10. orr.

(21) ATXAGA, Bernardo. In ETXEBERRIA, Hasier. Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan. Ed. Alberdania. Irun, 2002. 25. orr.

(22) IZAGIRRE, Koldo. “Eta aintzinean itsasoa”. Panpina Ustela. 1975eko urtarrila.

(23) ATXAGA, Bernardo. “Antzerti minimun bat”. Panpina Ustela. 1975eko urtarrila.

(24) AZURMENDI, Joxe. “Manifestu Atzeratua”. Olerti. III-IV. 1968ko uztaila-abendua.

(25) ATXAGA, Bernardo. In ETXEBERRIA, Hasier. Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan. Ed. Alberdania. Irun, 2002. 26. orr.

(26) OTEGI, Karlos. In “Euskal sorketa literarioa(1939-1984). Hurbilketa deskriptiboa”. Euskal Herria. Errealitate eta egitasmo. Ed. Lankide Aurrezki Kutxa./E.F.A. Jakin. 1985. 442. orr.

(27) IZAGIRRE, Koldo. “Txipitasunaren iraultza (etxemaitez eta espetxez)”. Gaurko poesia. Ed. Labayru Ikastegia. Bilbo, 1993. 65. orr.

(28) ATXAGA, Bernardo eta IZAGIRRE, Koldo. “ez dezagula konposturarik gal, halere”. Panpina Ustela. 1975eko urtarrila.

(29) IZAGIRRE, Koldo. In TORREALDAI, Joan Mari.“Literaturaren aldeko garrasi bat” Euskal kultura, gaur.. Ed. Jakin. Donostia, 1997. 343. orr.

(30) IZAGIRRE, Koldo. Balizko erroten erresuma. Ed. Susa. Zarautz, 1991 (2. ed.) 40. orr.

(31) SAIZARBITORIA, Ramon. “Epilogoa” Ene Jesus. Ed. Kriselu-Haranburu editorea, S.A.. Donostia, 1982. 140. orr.

(32) ORDORIKA, Ruper. In Euskaldunon Egunkaria. 2000/06/18. “Kate motzean” elkarrizketa.

(33) ATXAGA, Bernardo. In ETXEBERRIA, Hasier. Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan. Ed. Alberdania. Irun, 2002. 27-28. orr.

(34) ATXAGA, Mikel. “Erdipurdiko profetak”. Zeruko Argia.  1976/11/07. 711. zkia. 5. orr.

(35) ETXEBERRIA, Joxe Ramon. In “Euskal kultura 70eko hamarkadan” Larrun. (Mahai-ingurua) Ed. Argia. 2002ko urria. 59. zkia. 21. orr.

(36) ZORION USTELA. 1976.

(37) GARMENDIA, Elixabete. In “Euskal kultura 70eko hamarkadan” Larrun. (Mahai-ingurua) Ed. Argia. 2002ko urria. 59. zkia. 19. orr.

(38) JAKIN. “Zenbaki honetan” Jakin.. 1977ko urtarrila-martxoa. 1. zkia. 3. orr.

(39) ATXAGA, B., IZAGIRRE, K., SAIZARBITORIA, R. eta SARASOLA, I.. “Madrilen pepinoak merke.” Zeruko Argia. 1977/09/04. 750. zkia. 28. orr.

(40) IZAGIRRE, Koldo. In “Koldo Izagirre mikrofonoaren kontra”. Susa. 2. zkia. Donostia, 1980ko apirila. 10. orr.

(41) ATXAGA, Bernardo. In Etiopia. Ed. Erein. Donostia, 1982 (2. ed.). 69. orr.

(42) ATXAGA, Bernardo. In “Literatura”. Anaitasuna. 1977/07/01. 39. orr.

(43) AZURMENDI, Joxe. In “Euskal literaturaren orainaz eta geroaz”. Euskal linguistika eta literatura: bide berriak. (1977/78ko ikasturteko hitzaldiak. EUTG). Ed. Deustuko Unibertsitateko Argitarazioak. Bilbo, 1981. 446. orr.

(44) AZKORBEITIA, Aitzpea. In “Hamaika hitz Bernardo Atxagaren unibertso metaforikoaz, eta bat gehiago”. Atxaga Baionan. Ed. Egan (Donostia) eta Hiria Liburuak S.L. (Alegia), 1999. 136-137. orr.

(45) ATXAGA, Bernardo. In “Atxagarekin hizketan?: Pott banda, neure burua eta gainerakoak”. Susa. 5. zkia. Donostia, 1982ko apirila. 18. orr.

(46) ATXAGA, Bernardo. In “Bernardo Atxaga”. Ostiela!. 23. zkia. 2001eko udazkena. 28. orr.

(47) In “Hain da triste la vie de l’artiste (I)” Pott Tropikala. Bilbo, 1980.

(48) In “Pott bandako lau eguzkitan” Pott bandaren berriemailea. Bilbo, 1978.

(49) In “Kazetatxoak” Pott bandaren blaga. Bilbo, 1978.

(50) In “Pott” Pott bandaren braga. Bilbo, 1979.

(51) In “Kazetatxoak” Pott bandaren blaga. Bilbo, 1978.

(52) In “Berriak” Pott bandaren berriemailea. Bilbo, 1978.

(53) In “Hain da triste la vie de l’artiste (II)” Pott Tropikala. Bilbo, 1980.

(54) Oh! Euzkadi manifestuan. Donostia, 1978.

(55) IZAGIRRE, Koldo. In “Txipitasunaren iraultza” Gaurko poesia. Ed. Labayru Ikastegia. Bilbo, 1993. 66. orr.

(56) In Oh! Euzkadi. 3. zkia. 1980ko uztaila.

(57) In Oh! Euzkadi. 1. zkia. 1980ko maiatza.

(58) OÑEDERRA, Lourdes. In ARGIA. 2000/05/05. 1.752. zkia. 33. orr.

(59) ETXANIZ, N. “Susa”. Jakin. 1978ko urtarrila-martxoa. 5. zkia. 98-102. orr.

(60) www.armiarma.com

(61) IZAGIRRE, Koldo. IZAGIRRE, Koldo. “Txipitasunaren iraultza (etxemaitez eta espetxez)”. Gaurko poesia. Ed. Labayru Ikastegia. Bilbo, 1993. 66. orr.

 /