Literatur aldizkarien arrastoa

M.A. Elkoroberezibar

maelkoro@gmail.com

https://sites.google.com/xubi.eus/liburuak/literatur-aldizkariak

Euskaldunon Egunkaria 

 “Begia” gehigarria, 2001-05-05

Aldizkariz josita daude liburu-dendetako apalategiak, begi-bistakoa da, baina euskal literatur aldizkaririk topatu nahi duenak jai dauka. Ale gutxi argitaratzeaz gain, oso sakabanatuta daude eta ia eskuraezinak dira. Hiribururen baten bizi denak, sikiera, lortu ahal izango du bat edo beste, bere lurraldekoak bereziki eta ortodoxoak direnak, baina herri bateko lagunak zailagoa du. Eta zer esanik ez aspaldiko aleren bat berreskuratu nahi baduzu! Saia zintezke liburutegietan; artikulu hau irakurtzen ari den liburuzain horrek altxa beza eskua berean, esate baterako, Susa aldizkariaren lehenengo bi zenbakiak izanez gero. Beneditarren batek akaso. Aldizkaria sortu zen unibertsitatean bertan ere ez dago aurkitzerik. Irtenbide bat: ezinbesteko erreferentzia den www.armiarma.com literatur aldizkarien gordailua, nahiz eta aldizkariak beraiek ukitu eta dastatzearen xarmaz ezin gozatu, ezta jatorrizko irudi eta maketaren garrantziaz ere; horretarako denon eskura legoken literatur aldizkaritegia prestatu beharko litzateke.

Urte asko ez dela, erreferentzia nabarmena eta bizia ziren literatur aldizkariak, baina azken hamarkada luze honetan oihartzunik gabeko garrasia dirudite. Ez gaude lehen bezala noiz aterako zain, komunikabideentzat ere aurkezpenak egiten dituztenean soilik existitzen dira eta eskoletan, Euskal Hizkuntza eta Literatura erakusterakoan, apenas aipatzen dituen inork. Sasoi batean ia institutu guztiek eta unibertsitateetako euskal taldeek bazeukaten euren literatur aldizkaritxoa edota fanzine antzekoa, baina hura amaitu zen 1987. urtetik aurrera. Atera kontuak: 1980tik  1986ra pisuzko hogei literatur aldizkaritik gora sortu ziren Euskal Herrian eta hurrengo zazpi urtetan, 1987tik 1994ra sortutakoak ez ziren dozena erdira ailegatzen. Orduantxe egin zuen pott aldizkarigintzak. Idazteko zaletasuna zuten ikasle gazteek beste espresagune bat topatu zuten: euskarazko komunikabideak, bereziki herrietakoak. Literatur aldizkaritan zebiltzanak ere euren medioa birmoldatu eta gero prentsa lokala ezagutu duguna prestatzen hasi ziren. 1988an hasi ziren herri aldizkari nagusienak eta horietara bideratu ziren idazle asko eta asko. Kazetaritzako euskarazko lehenengo promozioa orduantxe atera zen eta gogo biziz igo ziren olatura, azpian euskal filologia egindako pilo bat harrapatuz; begira bestela horietako zenbat dauden komunikabide ezberdinetan kazetari lanak egiten. 1995tik aurrera nahasmen puska bat gertatu zen: alde batetik, prentsa lokaletik zetozen literaturzale batzuk literatur/kultur aldizkari probokatzaileak ateratzen hasi ziren eta bestetik, Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait gaztek 80. hamarkadako moldeetara bueltatu ziren, literatura heterodoxora deitu izan denera. Zorionez, horietatik gehienak kalean dira. 1995tik gaur arte ez dira hamarrera heltzen sortutako aldizkariak; horietako bat iaz kaleratu zuten eta aurten ez dugu berririk dagoenik jakin. Adi egon beharra dago, aurki ziber-aldizkariak ezagutuko ditugu eta.

Literatura liburuen eskaintza, bestalde, inoiz baino handiagoa da; pentsa, iaz bertan 1975-1980ean beste literatura liburu argitaratu ziren ia, hogeita hamasei orduko literaturaren historia edo kritika edota literatur generoren bateko liburu bat. Argitaletxeek, eta baita zenbait instituziok ere, zerikusi zuzena izan ohi dute aldizkarigintzan. Instituzio edo argitaletxeetan jatorria dutenak edota berauek sortzeko asmotan aritutakoak izan dira aldizkari ezagunenak; zirkulu horretatik atera ez direnek iraun dute argitalpen moduan epe luzeagoan, beti ere nagusien interes ekonomikoek kontrakoa erabaki ez duten bitartean. Bizilegea. Zorionez, badira estreinako urratsak soka-librean egiten dituztenak, eta horiei darie denborarekin galtzen joango zaien berritasunaren freskotasuna.

Egile orok beti du liburua ateratzea helburu, eta aldizkaria, orokorrean, tarteko helmuga besterik ez da izan, norberaren indarrak neurtzeko lekua edota itxarongela. Gaur egun, inoiz baino errazago du idazle hasberriak bere lehen liburua argitaratzea. Azkarregi bizi gara eta azkar heltzen zaigu libururako aukera, eta hori berez ez da txarra, baina kilometro falta sumatzen zaio literato askori. Torrealdairi behin irakurri nion bezala, “literaturak saltsa behar du, eta entrenamendurako plazak, maratoi bat ezin baita entrenamendurik gabe egin”. Atxagak ere hala gomendatzen zien elkarrizketa batean: "pazientzia eta kemena".

Ipuinetan bezala, literatur aldizkariek harritxoz, ogi apurrez, ilusioz eta penaz utzi izan dute arrastoa euskal literaturaren bidean. Ilusioak eta penak urteek itzali dituzte, ogi apurrak lekukoak izan ziren txoriek irentsi zituzten, baina hortxe daude oraindik harri koxkorrak, alegia aldizkari aleak, nork jaso, aztertu eta bide horretan izan duten garrantzia aitortu zain.