LIBURUZAINA DA GILTZA
Ez dut giltzarik erabili. Ez da zuek uste duzuena. Dena argitu dezaket. Irekita zegoenean sartu eta gero han geratu naiz, zain, denek alde egin arte. Zenbat ordu daramatzat hemen? Hiru bakarrik? Gehiago esango nuen. Hasieran han, bulegoan bertan, saiatu naiz kontuak argitzen. Altu asko esan diet nire bila bidali dituzuenei ni ez naizela espioia, ezta lapurra ere. Ni liburutegiko bazkide arrunt bat naizela. Bai, liburutegikoa. Askotan joaten naiz. Galdetu bestela liburuzain egoten den emakume petral horri. Bai. Berari. Apustu egingo nuke, oraintxe bururatu zait, baina apustu egingo nuke berak esan dizuela susmagarria naizela. Ikusten? Hari dena susmagarria iruditzen zaio! "Obabakoak" nire aurretik nork hartu zuen galdetu nionean bezala. Ze aurpegi jarri zidan ikusi izan bazenute! Ez. Baina zerikusia badu honekin. Bai. Orduan hasi baitzen istorio hau dena. (Arantxa Iturbe, idazlea).
Badira hilabete batzuk atso harri bere alaba eta nire arteko erlazioaren berri belarrira heldu zitzaionetik. Jakingo bazenute amona kontserbadore hau nola jarri zen bere alaba "perfektuak" neskalaguna zuela norbaitek esan zionean! Alabaren erreguei kasurik egin gabe bidali zuen Finlandiara, gizonezko barnetegi batera, neskak burutik joango zitzaizkiolako itxaropenez.
Duela gutxi bere alabak gutun bat helarazi zidan egun misteriotsu bat kontatuz. Urtarrila zen, eta, garaiari zegokion bezalaxe, sekulako hotza (hemen, Gasteizen baino handiagoa) egiten ei zuen iparralde hartan. Inor ez omen zebilen kalean, herritar guztiak, hotzetik ihesi, taberna edo etxean sartuta zeuden. Bera, ordea, familia eta lagunengandik urruti, gelako bakardadea ahaztu nahian, irten zen kalera; baina kale bakarti hark ez zion onik egiten. Noraezean ordubete igaro ondoren... (Asier alvarez de Eulate) kale bukaerako termometroari begiratu eta hamabi gradu zero azpitik adierazten zuela ikusi zuen. Ordurako belarriak tente bezain gorri zituen, eta taberna itxurako batetik bikote bat irteten ikustean, bertara sartzea erabaki zuen.
Taberna batera sartzen zen lehen aldia zen. Egia esan, Finlandiara iritsi zenetik, baziren jada hiru hilabete eta oraindik ez zuen inorekin tratu handirik izan. Ezagutu ezagutzen zuen jendea, baina ez zuen esfortzu handirik egiten beraiekin tratua mantentzeko. Hala ere, gau hotz hartan, tabernan sartzerakoan gertatutakoak bere bizimodua zeharo aldatuko zuen. Atea ireki eta barrura sartu zen. Taberna erdi hutsik zegoen eta bezero guztiak berari begira zeuden. Inori begiratu gabe, aurrera jarraitu eta tximinia zahar baten ondoan zegoen mahai batean eseri zen kliente guztien begiak oraindik bere gorputzean finkaturik zeudela jabetuz.(Iñigo Agirre).
Goseak zen. Bazen zerbait ahoratzeko garaia. Tabernariarengana hurbildu zenean, inoiz ikusi zuen gizonik itsusiena zela ohartu zen. Izugarrizko bibote kiribildua zuen eta ea pintxorik bazuen galdetu zion. Tabernaria finlandieraz hitz egiten hasi zenean, ez zion hitzik ulertu eta keinuen bidez adierazten saiatu zen, "a pintx, a pintx" esan eta, berdin jarraitzen zuela ikusita, kalera atera zen. Hezurretaraino sartzen zen haize hotza zebilen eta korrika batean etxeren batean sartzea erabaki zuen. Atea joka denbora luze bat egon ondoren, eta jada joateko asmotan zegoela, atea ireki eta neska eder bat atera zen. Neskaren edertasunak itsutu egin zuen, ile hori luze eta begi argiak zituen eta barrura sartzeko esan zion. Saiöa omen zuen izena. Denbora tarte handi batean berari begira gelditu zen eta liluratuta utzi zuen haren edertasunak. Neska bere logelara joan eta bera sutondoan gelditu zen, kalean galdutako beroa berreskuratzearren. Bat-batean neskaren pausoak entzun zituen berarengana hurbiltzen eta, begirada atzera itzultzean, Saiöa biluzik zegoela ohartu zen. Lelotuta zegoen, ezin zen egia izan. Zer egin ez zekiela geratu zen istant batean baina neskarengana hurbiltzea erabaki zuen... (Peio Usabiaga)
Egoera zaila zen hura berarentzat. Herrialde berri hartara bidalia izan zen maite zuen neska erabat ahaztu ahal izateko; baina, bestalde, begien aurrean zuen jainkosa liluragarri haren irudiak bere burua gehiago nahasarazten zuen. Horrela, bere pentsamenduen artean bi ideia nagusi gailendu ziren:buruak arrazoiari kasu egiteko esaten zion, ahal zuen eran bere desirak saihesteko. Baina bihotzak, ostera, honelako aukera gutxi edukiko zituela bizitzan zehar eta Finlandiako hotzari aurre egiteko modu on bat izan zitekeela. Gauzak horrela, aurkitzen zen bakardadeari aurre egiteko helburuaz, Saiöarengana hurbildu eta laztan goxo batzuk egiten hasi zitzaion. Maitasunez beteriko une berezi harren isiltasuna apurtu zuen kotxe baten motor hotsa entzun zen; ondoren, segurtasunez gerturatzen ari ziren pauso batzuk beraiengana hurbiltzen zihoazela zirudien. Ez zeuden oker, izan ere, pauso hotsak bat-batean geratu baitziren. Batak besteari begirada ikarati bat bota zioten. Orduan, ateko sarrailan giltzaren mugimendua sumatu eta klas entzun zen. Saiöak berehala oihu egin zuen: "O, Henry!!!!!!!!" (Nagore Andueza)
Hitz bat ere esan gabe, ordubete lehenago ezagututako begi argiko neska gazteak azkartasun eta urduritasunez beteriko keinu batzuez sutondoaren alboan aurkitzen zen armairu handira sartzeko agindu zion. Egia esan, ez zekien une hartan atetik zer edo zein zetorren, baina Saiöak desiraz eskainitako laztan eta musu horien guztien artean afektuz beteriko konfiantza puntu bat emateraino iritsi zela ohartzean, lipar batean, inor ohartu gabe, elizetan sartzean egoten den usainez beteriko arasa heze, ilun eta itxi hartan barneratu zen. Bertan mutu geratu eta, burua zertxobait okertuz, armairuaren zirriztutik egoera aztertzen geratu zen. Henry ordurako egongelan zen, gizon dotore, altu eta argia zirudien, baina gauzak ez dira diruditen bezalakoak. Gizon hura ez zen ezinegonez beteriko une estu eta kiribil hartaz gehiegi ohartu; zera zegoen, harriturik baina, aldi berean, hunkiturik. Ezagutzen zuen neska ederrena eta maitasun erlazioetan buruhauste gehien eman zizkiona, sutondoan zuen biluzik, artilezko manpara batez bakarrik estalia, berari itxaroten egongo balitz bezala. Arasan kezkati aurkitzen zen neskaren harridurarako, gizonak besapean, beste hainbat gauzaren artean, Obabakoak liburua zeraman. Egoera zela medio, otsoek okel zati batekin aurkitzen direnean bezala, gizona apurka-apurka Saiöarengana hurbiltzen joan zen. (Xabier Larraza)
Henryk bere begien parean zuen gorputz biluztua eskuekin ukitzen hasi zen. Denbora luzez amestutako unea iritsi zen. Saiöa, ordea, zur eta lur geratu zen. Bere mutil-lagunak Oihanarekin gertatu zenaz ohartu zelakoan zegoen. Baina denbora pasatu ahala, uste okerra zela antzeman zuen, bere Henryk berarentzat biluztu zela uste baitzuen. Oraingoz, arriskutik kanpo zegoen, baina ez zen lasaitzeko instantea. Armairuko iluntasunean, Oihana esperoan zegoen. Saiöak, bitartean, mutil-lagunarekin zeregin ugari zuen. Gau luze eta gordina bukatu zenean, Oihanak horrelako barrabaskerietan berriz ez sartzeko ahaleginak egingo zituela esan zion bere buruari. Goiza hotz hasi zen, baina Oihanak begiak ireki eta egoeraz ohartu zenean, dena ahaztuko zuela pentsatu zuen, azkenaldian gertatutako guztian horrenbeste ez pentsatzeko ekintzaren batean parte hartu behar zuela otu zitzaion. Horrela, burua lasaitu eta denbora aprobetxatzeko aukera bikaina izango zen. (Haizea Zurutuza)
Bitartean, eguzkiaren lehen argi izpiek Saiöa esnarazi zuten. Hasiera batean, bere gorputz biluztua erreparatzean, ez zen gogoratu gau hartan gertatu zenaz, baina, artean, Henryren presentzia maindire artean nabaria zen. Hala ere, ezberdin sentitzen zen...Nola esan. Henryk aditzera eman zion liburu hartan bezala, jada ez zen honen izenaz ere oroitzen. Muskerra belarritik sartu eta garuna jan izan balio bezala, bai, horrelaxe sentitzen zen. Eta orduan, atearen danbatekoarekin batera, Oihana etorri zitzaion burura. Armairuan utzia zuen gizagaixoa! Ia larrugorritan zegoela jabetu gabe, arrapaladan, tximista baten moduan jaitsi zituen eskailerak, baina kanpora irtetean, hotza ez eta goizeko lehen orduetan kalean zebilen jende urriaren begiradak besterik ez zituen sumatu berarengan, eta han, han urrutian, lasterka urruntzen zen neska baten soslaia. (Enara Etxeberria)
Ez zekien zer egin, soinean zuen txabusinaz atzetik jarraitu edo alde egiten utzi. Baina gehiegi pentsatzeko astirik gabe, bere zangoak astinduz, Oihanaren atzetik abiatu zen. Ehun bat metro egin zituen orduko, konturatu zen jada galdua zuela begi bistatik eta hobe izango zuela etxera Henryrengana itzultzea. Etxeko atea erdietsi orduko itxirik zegoela hauteman zuen. Ez zuen Henry iratzartu nahi, baina, aldi berean, etxean sartu gura zuen. Orduan, txirrina bilatu nahian hasi zen, baina ate hartan ez zen txirrinik, aldaba zahar bat soilik. Biratu eta begi-bistan zuen guztia arrotza zitzaiola ohartu zen. Ez zekien non zegoen, ezta kalera piura haietan zergatik atera zen ere. Bat-batean Henryk kontatu zionaz oroitu zen: muskerra. (Aitor Otegi )
Eta han ikusi zuen. Paretako zirrikitu batetik bere buru txiki baina larderiatsua agerian zuela. Milioika ezkata berderen artean ezkutaturiko begi hori biz berari begira. Saiöaren presentziaz ohartu eta istant batean ezkutatu zen atzera bere gordelekuan. Ez... Ezin zitekeen... Nola sartuko zitzaion, bada, animalia lirdingatsu hura belarritik? Ez. Ume mokoak ikaratzea helburu duten atso aspertuen esaka gaiztoak baino ez ziren horiek, iruzur hutsak... Baina iruzur ororen atzean egia aztarren bat, minimoa bada ere, ezkutatzen dela esaten zion zerbaitek... Benetan egiazkoa zen ez zekien egia hura egiazkotzat jotzeak egia jakinaraziko al zion? Une hartan hori baino ez zuen buruan. Eta ezin zuen ukatu. Begi hori haiek... Izuturik zegoen Saiöa. Izuturik eta hotzak. Ate arrotz hartako aldaba zaharrari eragitea otu zitzaion ezinbestean.
Pam-pam!
Bi kolpe lotsati, bi laguntza deiadar, kale huts hartako isiltasuna hautsiz.
Baina irrist egin eta lurrera jausi zen, konortea galduz.
(...)
Ez zuen harrezkero ezer gehiagorik oroitzen. Etxearen barnean zegoen hirurogei bat urteko gizonak aurkitu omen zuen lur elurtuan jausirik. Egongelako sutondoaren berotasunera sartu eta eserlekuan etzan omen zuen iratzarri zenera arte.
Horixe kontatu omen zion Saiöak berak herriko kafetegian egun batzuen ondoren, eskutitza idatzi eta bidali zuen egunean bertan, hain zuzen ere. Baina Saiöak ez omen zuen harrezkero ezer gehiagorik oroitzen; Oihana, Henry, Obabakoak liburua eta egun hartan bizi izandakoa baino ez. Eta muskerra. Begi horidun muskerra, batez ere.
Kontu haiekin amaitzen zen Oihanaren eskutitza; Saiöa bere lagun berriari jazotakoarekin, honen oroimen galerarekin. Baina bazioen zerbait gehiago ere: itzultzekotan zen laster. Eta berarekin ekarriko zuen Saiöa, aditu baten laguntza behar baitzuen.
Lerro haiek irakurtzearekin batera hasi nintzen larritzen. Orduan ikusi nuen neure burua istorio misteriotsu hartan sarturik; orduan hasi zen guztia niretzat. (Xabier Araña)
Handik egun gutxira bueltatu zen Oihana eta berarekin ekarri zuen Saiöa. Bazirudien, beraz, gure maitasun historia laburra ezerezean geratu zela, ez zitzaidan gehiegi ere axola nahiz eta azalpenen bat espero nuen. Oihanaren amak, atso zahar madarikatu hark, alaba bisexuala zuela onartu behar izan zuen azkenean eta Saiöa etxean jarri zen bizitzen beraiekin. Saiöaren egoera tamalgarria zen benetan. Ez zen bost minutu lehenago egindako eta esandakoaz gogoratzeko gai. Ez zuen inor ezagutzen, ezer edo hobeto esanda ia ezer, muskerrak identifikatzeko gai baitzen. Oihana saiatu zen medikuengana jotzen, Saiöa neurologo famatuenek aztertu zuten, baina ez zioten ez argibiderik ez sendabiderik ematen. Lur jota zegoen Oihana, nora jo ez zekiela, Saiöak egunak joan egunak etorri berdin jarraitzen zuela ikusita. Jateari eta kalera irteteari utzi zion depresioak jota. Beldur nintzen erokeria bat egingo ote zuen... (Jokin Gartzia)
Eta gau eta egun asaldatzen ninduen susmo txar hark berehalakoan izan zuen erantzuna. Bi neskak itzuli eta gutxira jabetu nintzen horretaz. Arrotz berriak bere begirada galdua orratz zorrotz baten modura iltzatzen zuen nigan, istant batean, ni bakarrik egongo banintz bezala. Ez pentsa, ordea, aieru tankerarik hartzen nionik begirada hotz zein toil harri. Alderantziz, nigan beldur ulergaitz bat sortzen zuen. Gehienetan, halere, Oihana zen tarteko. Baina arratsalde goibel hartan, ordea, ez zen horrela suertatu. Enbata altxatu zen eta Zarautzeko zirrikitu guztiak goibeltasunez estali ziren. Baita hirurok gelditu ohi ginen itsaso pareko kale hura ere. Nire aterkia nola menderatu ez nekiela Saïoaren silueta bakartia antzeman nuen laino tartean eta ohikoa ez zen bezala, muskerrak alde egin izan balu bezala, begirada atsegin eta gozoa zekarren berarekin. Nik, ordea, muskerraren ihesaldi harri susmo txarra hartu nion, baina ez nintzen inondik ere gertatzekoa zenaz ohartu; horrela izan balitz, azkar alde eginda izango nintzen, neska ero hartatik urrun. (Irati Larraza)
Bere begiak nire gorputzean ziztatu orduko, pauso sendoz, hurbiltzen hasi zen. Gorputzeko ile guztiak tente-tente jarri zitzaizkidan, triku izutu baten antzera. Beldur nintzen. Bai, ikaratu egin ninduen haren begirada ezohikoak. Ez nekien aurrerantz jo edota arratsalde ilun hartako itsaso zakarreko olatu erraldoietan murgildu. Momentu horretan, inoiz baino gehiago, Oihanaren beharra nuen. Zoritxarrez, hori ezinezkoa zen, izan ere, Gasteizen aurkitzen zen amaren etxean. Haren ordez, Saiöa nuen parez pare, gero eta hurbilago. Ordurako ilehoriaren arnasa entzuteko gai nintzen. Atzerago, euri mihisetik, gizon baten isla ikusi ahal izan nuen eta Oihanak atzerritik bidali zidan eskutitzean aipatu zidanagatik, Henry zela esango nuke inongo dudarik gabe. (Esther Eskisabel)
-Zer egiten duzu hemen? -galdetu zidan Saiöak. ( Irati Gabilondo)
Momentu hartan Saiöaren itaunari zer erantzun ez nekiela geratu nintzen, mihia erabat trabatuta edukiko banu bezala. Egoera erabat sinesgaitza zen. Olatuen hots zakarraren gainetik Saiöaren barre bizia entzun nezakeen Alaitzekin solasean ari zen bitartean… Baina, Henry? Zer egiten zuen Henryk Zarautzen? Saiöak ez zuen agerraldi horrekin loturarik izango ala?
Aldiune batez, Finlandian gertaturikoa etorri zitzaidan burura, ni armairuan isilean aurkitzen nintzelarik pasatako egunsentia... Alaitz izan zen nire salbamena, gau hartakoa lipar batez ahaztu eta hizketan jarri ninduena. Saiatu nintzen nire Henryrenganako kezka ezkutatzen baina ez zitzaidan batere samurra egin, ezinegon hura hezurretaraino sartu zitzaidan eta mutilaren begirada zitalak ere ez zidan lasaitzen batere lagundu. Zerbait ezkutatzen zuelako susmoa nuen buruan bueltaka.
Alaitzek berdin-berdin jarraitzen zuen. Bere hanka luze eta lirainak agerian uzten zituen gona motza zeraman beti lez. Alaitz neska azkarra zen,eta begirada soil bat nahikoa izan zen nik idatzitako gutunean deskribatzen nion Henry hura bere aurrean zuen gizonezkoa zela jabetu zela niri ulerrarazteko.
Itsustu egin zen egoera Henryk eskua patrikan bortizki sartu, pistola mehatxatzaile hura atera eta tiro egin zidanean. Pixkanaka oreka galdu eta hondartzako harea hezean pausatu nuen nire soin indarrik gabea. Begirada lausotu zitzaidan segidan...
Hauxe zen gela zuri hartako argitasunean esnatu eta oroitzen nuen gauza bakarra, ezer ulertzea ezinezkoa bazitzaidan ere. Saiöak ezin izango zidan lagundu, muskerraren kontu horrek erabat nahastu baitzuen bere zentzua, baina Alaitzek? Nire amak bere izena aipatzen nion bakoitzean marmarka erantzuten bazidan ere, nik seguru neukan gertatutakoak ez zuela berarekin inongo zerikusirik. (Naiara Garmendia)
Henryk Oihanari tiro egin zionean, pentsatu nuen gauza bakarra izan zen gehien maite nuen pertsona betiko joango zitzaidala. Hurrengo egunean joan nintzaion bisitan momentu onak eta txarrak pasarazi zizkidan neska harri. Bere ama ere hor zegoen, bere betiko begirada eraile, maltzur eta nazkagarriarekin. Hasiera batean, ez zidan ospitale hotz hartako gelan sartzen utzi. Oihana, atearen bestaldean zegoen liskarrarengatik esnatu egin zen, eta bere amari uzten sartzeko agindu zion. Inoiz baino politagoa ikusi nuen. Ondoren, liburutegira joan nintzen Henryri buruzko informazioa bilatzeko asmoz. Bilaketan hasi berria nintzenean, bi poliziakide ni seinalatzen eta niregana hurbiltzen ikusi nituen. (Nerea Mujika)
Kirioak dantzan nituen, zer egin ez nekiela gelditu nintzen. Bi poliziak nigana hurbiltzen ari ziren, gero eta hurbilago nituen. Euren pausoek nire buruan zarata besterik ez zuten egiten, bertako hormak botatzen ari bailiran. Ez nintzen mugitzeko gai, bizirik ez duen harri gris bat nirudien. Oihanarekin pasatako une gozoak zetozkidan burura eta haietan murgildu nintzen, polizia batek bere eskuekin nire besoa hartu zuen arte. Automobilera eraman ninduten. Bertan nire aurkako salaketa larri bat jaso zutela azaldu zidaten. Ez nuen ezer ulertzen, nik ez nuen ezer egin. Henryri buruzko informazioa bilatzera soilik joana nintzen liburutegira. Jada hiru ordu edo pasa dira hona ekarri nautenetik, baina oraindik inork ez dit ezer azaldu. (June Aizpurua)
Sarraila marmarka hasi bezain pronto bueltarazi dut neure burua. Oharkabearena egin badut ere, aski ziur nengoen ateaz beste aldean, aspalditxoan itxaroten ari zen pertsonaren nortasunaz edo agian neu ere erotzen hasia nago dagoeneko. Erokeriak erokeri, Saiöaren gorputz lizuna aurreratu da lehenik, atzetik Henry sartu delarik. Denbora luzez prestaturiko antzerki itxurako hau, ordubetez luzatu da, azkenean, inspektorea bera, Saiöaren negar malkoez hunkituta aski dela esatera ausartu delarik. Horrela, Henryren begiradape hutsean geratu naiz, ni neu eta bera, gela osoa gu biontzat. Behin baino gehiagotan ikusiak nituen filmetan gisa honetako gelak, baina, aski da ezagutzen ez duzun pertsona baten begirada zuzen eta doilorra zulo honetan edozein gizon zein emakume kikiltzeko.
Henryk, bere ezinegona gehiagoan eutsi beharrik ez izatearren, ezkutuan duen bihotz xamur hura ireki dit:
"Hogei urte pasatxo dira, Saiöa ezagutu nuenetik. Egun haietan, ni mutil koxkor bat nintzen, hala ere, lagunekin bertako klubetara joateko ohitura lizun ugari genituela aipatzea zaila egiten bazait ere, halaxe ezagutu nuen Saiöa. Ez larritu, ez zuen bertan lan egiten! Bere aita zen bertako bezero, eta Saiöa oraindik gazteegia zenez adinez, kanpoan geratzen zen, bere tutore legala noiz itzuliko bere eguneroko medizina hartzetik. Nik neure aldetik, 18 urte bete berriekin barnera gonbidatzen nuen, sekulako axolagabekeriaz. Hasieratik arriskuaz jabetu izan banintz...Damu naiz egin nuenaz. Dena den, denbora igaro ahala, aita gure artekoaz ohartu bezain pronto, hamar urteko isilunera behartu gintuen. Hamar urte haietan gertatu zenaz ez dut orain hitz egingo, baina bai jarraian datorrenaz. 30 urte bete nituen egun berean, kaleko izkina batean botata aurkitu nuen Saiöa gaixoa, ahazten hasia nuen une berean. Gordinki astindu zidan hark bihotza, eta geroztik aurrera ez nuen inoiz barkatu bere aitak egindakoa. Jarraian nire etxean eman nion gordeleku, baina 8 urteren buruan, Saiöak aitarenera egin zuen berriro, bat-bateko eromenak jota. Hala ere, aita bere azkenetan zen. Bere azkeneko hatsetan bazen ere, bizitzako aholkurik erabilgarriena eman zidan. Saiöa gaixoa, aurretik bere amaren antzera, eroaldi puntualak izateko joera duela kontatu zidan. Honen aurrean, erremedio gisa, Obabakoak liburuko bi orritatik paragrafotxo bana (orrialdeak deskribatu zizkidan) irakurrita aski zela neska gaixoa bere onera itzultzeko azaldu zidan. Horrela, urteetan zehar bere gaitza ezkutatzen jardun dut liburuaz baliatuta. Esate baterako, Oihana gure etxera iritsi zeneko gau hartan, liburua bueltan nekarren; izan ere, bere horretara itzuliko zen beldur bainintzen. Eta gauza bera beste hainbat alditan! Adibidez, Saiöarekin hondartzan topo egin zenuen egunean, eromenak jota zegoela aipatu beharra. Ez nintzen ni izan tirokatu zintuena, Saiöa bera izan zen. Nik airera tiro eginez, zure hilketa eragotzi nuen. Saiöa ez da ezertaz oroitzen eta, beraz, negar egitea besterik ez zaio geratzen."
Henryren azken hitzak ahotik labaindu eta belarrira iritsi bezain pronto, denak zentzua duela pentsatu dut: liburu horren zaindari edo jabe denak Saiöaren buruaren giltza izango du.
Henryk buruarekin baieztatu eta hemendik berehala joaten utziko nautela ziurtatuz alde egin du. (Igor Novo)