LIBURUZAINA DA GILTZA
Ez dut giltzarik erabili. Ez da zuek uste duzuena. Dena argitu dezaket. Irekita zegoenean sartu eta gero han geratu naiz, zain, denek alde egin arte. Zenbat ordu daramatzat hemen? Hiru bakarrik? Gehiago esango nuen. Hasieran han, bulegoan bertan, saiatu naiz kontuak argitzen. Altu asko esan diet nire bila bidali dituzuenei ni ez naizela espioia, ezta lapurra ere. Ni liburutegiko bazkide arrunt bat naizela. Bai, liburutegikoa. Askotan joaten naiz. Galdetu bestela liburuzain egoten den emakume petral horri. Bai. Berari. Apustu egingo nuke, oraintxe bururatu zait, baina apustu egingo nuke berak esan dizuela susmagarria naizela. Ikusten? Hari dena susmagarria iruditzen zaio! "Obabakoak" nire aurretik nork hartu zuen galdetu nionean bezala. Ze aurpegi jarri zidan ikusi izan bazenute! Ez. Baina zerikusia badu honekin. Bai. Orduan hasi baitzen istorio hau dena. (Arantxa Iturbe, idazlea)
Azaroko astelehen hartan, lanik gabe geratu nintzen. Egun hartaz geroztik egin bezala, liburutegira abiatu nintzen. Bai, asko irakurtzen nuen beste zereginik ez nuenez gero. Hotza hezurretaraino sartuta nuela, liburutegiko ate zaharreraino iritsi nintzen. Hura irekitzeko keinua egin eta, bat-batean, norbaitek ireki zuen beste aldetik. Adinez ni baino zertxobait zaharragoa zirudien gizon bat izan zen ikaratu ninduen hura. Zerbait arraroa sumatu nion. Ez dakit zehazki zer. Agian zeraman presa handia eta haren aurpegiko espresio ez atsegina. Garrantzi gehiago eman gabe, berriro itxi zen atea ireki eta liburutegian sartu nintzen. Bertako liburuzainak goitik behera begiratu ninduen. Harritzekoa. Begirada itzuli nion eta apaletara joan nintzen liburu interesgarriren baten bila. Ene, zenbat liburu! Hara! Obabakoak. Nahiko gaizki zainduta zegoela iruditu zitzaidan eta liburuzain petral harri nik baino lehenago nork hartu zuen galdetzea otu zitzaidan. Begirada arraro bat besterik ez nuen jaso. Bazkide txartela hari erakutsi ondoren, bertatik atera nintzen. Etxera iritsi baino lehen, errepide bat zeharkatzera nindoala, ikaragarrizko abiadura zeraman kotxe bat nire parean gelditu zen bat-batean. Bertatik gizon bat jaitsi zen. Bai, bera zen, atea nik baino lehenago ireki zuen gizon hura. (Maitane Eskitxabel)
Nire bila etorri ote zen? Ile luzea zeraman sorbaldatik behera eta begi-zuloak zituen. Harriturik, begira geratu nintzaion, zer esan ez nekiela. Gizon hura erabat susmagarria zen eta ez zirudien herrikoa zenik. Horrela bada, eskua luzatu eta papertxo bat eman zidan. Zera zioen: liburutegian dago eta hilabete baino lehen aurkitu behar duzu, bestela... Aurpegira begiratu ere egin gabe aurrera jarraitu nuen eta etxean sartzean buruari bueltak ematen hasi nintzen. Zer nahi ote zuen nigandik? Zer izango ote zen liburutegian gordeta zegoen hura? Oroitzen dut, liburutegiko atea irekitzean, presaka zihoala baina ez nion garrantzi handiegirik eman. Orain, ordea, izugarri urduri nago, ez dakit norengana jo laguntza eske, agian, joko zentzugabe bat izango da. Baina nire bizitza arriskuan badago? Kontatzen ari nintzenarekin jarraituz, ohean sartu eta Bernardo Atxagaren Obabakoak irakurtzen hasi nintzen. Denbora mordoa neraman liburu hau irakurtzeko gogoz, baina liburutegi hartara joaten nintzen bakoitzean ez zegoen. Horrela, bada, liburua ireki eta zer ikusiko eta esaldi batzuk falta zirela, baina nola zitekeen? Liburua zaharkiturik zegoen. Ez zen harritzekoa, horrenbeste eskuren artetik pasa ondoren! Guztiz hausteko zorian zegoela ikusita, hurrengo egunean itzultzea otu zitzaidan, bestela liburuzainak errieta egingo zidan, beti bezala! Eguzkiaren izpiak leihotik sartzerakoan esnatu nintzen. Bertatik begira jarri eta han ikusi nuen gizon susmagarri hura, liburutegiko atean zain! (Maitane Jauregi)
Begiratzen jarraitu nintzaion denbora luzez. Alde batetik bestera zebilen zurezko atearen alboan, burua makurtua zuelarik zoruari begira, norbaiten zain egongo balitz bezala. Horrez gain, arnasestuka zegoen, leihotik bertatik ikus baitzitekeen denbora tarte oso txikietan ahotik kanporatzen zuen lurrina -hotza zela eta-, bere urduritasunaren froga garbia zena. Bat-batean, begirada zorutik altxatu eta nire leihorantz zuzendu zuen. Nire bihotzak izugarrizko ezustekoa izan zuen, ia barrualdetik atera zitzaidan eta, ikararen erreakzio gisa, gortinaren atzean ezkutatu nintzen. Zutik geratu nintzen une batez, nire bihotz-taupaden abiadura moteldu arte. Lasai, Nekane, esan nion nire buruari, gertatzen ari den honek guztiak ez du zentzurik, segur aski beste pertsona baten bila egongo da, gaizki-ulertzeren bat besterik ez da izango. Kopetako izerdia pijamaren mahukaz garbitu ondoren, berriro ere liburutegiko atarira begira jarri nintzen, baina ordurako ile luzedun gizona ez zegoen. Goiz hartan ez nuen gose handirik. Horregatik, gosaria alde batera utzi eta, goizero usadioz egiten nuen eran, bainua hartzera abiatu nintzen. Txorrota ireki eta bainuontzia betetzen zen bitartean, arropak erantzi nituen. Ondoren, komuneko ispilura begira jarri nintzen, baina, lurrina zela eta, nire gorputzaren islapena zirriborrotsu ikusten nuen. Bainuontzia beteta zegoela ikusita, bertan sartu eta etzan nintzen. Jarraian, begiak itxi eta horrela geratu nintzen puska batean, gertatutako guztiari buruz hausnartuz . Hamar minutu igaroko ziren berriro ere begiak ireki nituenerako, bainuontzian lo hartzeko beldurrez bainengoen. Ez! Ezinezkoa da! Arnasarik gabe geratu nintzen ispilua ikusterakoan. Lurrinez bustia jarraitzen zuen, baina norbaitek mezu hau idatzia zuen bertan: Ez lokartu, denbora aurrera doa eta.(Iñaki Briz)
Bat-batean bainuontzitik altxatu nintzen, nire bihotz taupadak entzun ere egin nitzakeen. Arnasestuka, ito beharrean, uretatik atera eta ispilurantz abiatu nintzen, bertara hurbildu eta idatzitakoari harriduraz begiratu nion. Nola zitekeen? Ezinezkoa, ni bakarrik nengoen etxean. Esekitokian nuen bainu-bata zuria jantzi eta, oraindik blai eginda, etxean barrena korrika hasi nintzen norbait agertuko zen esperantzaz, agian, liburutegiko gizona agertuko zen zain. Inor ere ez. "Lasai, Nekane" esan nion nire buruari, ondoren sofa gainean eseri eta pentsatzen hasi nintzen. Nola demontre iritsiko ziren hitz haiek nire komuneko ispilura? Ezin azal nezakeen gertaera haren zergatia, gainera, ez nengoen erabat lokartua, beraz, konturatuko nintzen inor agertuz gero. Edonor izan zela ere, zerbait adierazi nahian zebilela ikustekoa zen. Agian, laguntza moduan edo agian mehatxu eran, baina zerbait esan nahi zidan. Etxean buruari bueltak besterik ez nizkiola ematen eta, jantzi eta ohiko tabernarantz abiatzea erabaki nuen, han garagardo bat hartu eta pixka bat deskonektatzeko asmoz. Hala ere, plan hauek ezin izan nituen burutu, eta ez beste ezer hoberik aurkitu nuelako egiteko, ez, ezusteko ezatsegin bategatik baizik. Etxeko giltzak hartu nituen irteteko, ilun zegoen, eta bat-batean zerbaitekin edo NORBAITEKIN tupust egin nuen korridorean...ene!! (Uxue Urzelai)
Burua altxatu eta etxeko garbitzailea zela konturatu nintzen. Hainbeste ezusterekin ahaztua nengoen etxeko garbitzaileak etorri behar zuela etxea garbitzera, egia esan, premia ederra zuen. Garbitzaileari ea ispiluko mezua berak idatzi zuen galdetzean, nire ezustekorako, gizon ile luzedun batek hori idaztearen truke hogei euro eman zizkiola esan zidan. Jada kezkatzen hasia nintzen, gizon hark nire etxeko garbitzailea eta guzti ezagutzen baitzuen. Gizon hark nire familia ezagutuko al zuen pentsatzen hasia nintzen, eta ezagutuz gero, beraiei min egiteko gai ote zen. Garbitzaileari ea gizona non ikusi zuen galdetu nion, honek ezezaguna ondoko tabernan ikusi zuela esatean, zuzenean joan nintzen begiratzera han ote zen eta, bitartean, garagardo bat hartzeko esperantzaz ere. Bertan tabernari gazteari garagardo bat eskatu ondoren, ea gizon ile luzeduna ikusi zuen galdetu nion. Gazteak gizon hura duela gutxi kiroldegirantz abiatu zela esan zidan eta garagardoari zurrutik eman gabe, ezezagunaren bila joan nintzen. Kiroldegira nindoala, zer ikusiko eta han zegoen urrutian bila nenbilen gizona. Gehiago pentsatu gabe korrika hasi eta errepidea pasatzera nindoala, kamioi batek harrapatu ninduen. (Lander Mujika)
Istripuaren ondorengo ezer ez nuen oroitzen, bat-batean erietxean agertu nintzela soilik. Ez nekien zergatik nengoen bertan, ezta zer gertatu zitzaidan ere. Nire inguruan ez zen inor, baina erizaina agertu zen han: "Goñi doktorea! Nekane esnatu da!" Goñi zelako mediku hura etorri zen arrapaladan eta azterketa sakon bat egin behar zidatela esan zidan. Beldurturik nengoen, ez zen nire ezagunik inguruan eta ea zergatik nengoen han azaltzeko eskatu nien. Hauek istripua izan nuela adierazi zidaten, errepidea pasatzerakoan kamioi batek harrapatu ninduela. Orduan hasi nintzen dena oroitzen, gizon haren bila joan nintzen eta… Ohetik altxatu eta korrika hasteko gogoa nuen, gizona aurkitzera joateko, baina ezin nintzen mugitu. Ez nituen hankak sentitzen, zer gertatzen da hemen? Larriturik nengoen, ezin nuen arnasik hartu. Goñi medikuaren azken hitzak nire barnean entzun nituen: "Segur aski elbarri geratuko zara, horregatik egin behar dugu azterketa sakona. Sentitzen dut, Nekane". Izerdi-patsetan hasi nintzen, izuturik nengoen, zer egingo dut elbarriturik geratzen banaiz? Eta ezin badut hilabete baino lehen irten? (Amaia Goenaga)
Hala ere, esperantza txiki bat geratzen zitzaidan... Han igaro nituen hasierako egunetan froga ugari egin zizkidaten. Ez zidaten berri onik ematen nire egoerari buruz, eta nire beldurra gero eta handiagoa bilakatzen ari zen. Ez nuen elbarri geratu nahi... Gizon ile luzeduna zer egiten ariko ote zen galdetzen nion behin eta berriro nire buruari. Nire etxean sartzeko gai izango ote zen? Esperantza guztiz galdu nuen azkenean. Liburutegiko kontuari gero eta garrantzi gutxiago ematen nion, ume joko bat besterik ez zen ondoren zetorkidanarekin konparatuz. Edo hori zen orduan uste nuena. Astebete igaro ondoren, egunero bezala erizain bat hankan txertoa jartzera etorri zen. Baina ez zen izan aurreko egunetan bezala, izugarrizko mina egin baitzidan. Nola? Mina? Ezinezkoa zen! Sentitzen nuen! Inoiz ez nintzen
hainbeste poztu mina izateaz. Goñi doktoreak mirari bat zela esan zuen, nire hankak galduta zeudela uste baitzuen. Miraria ala zoria? (Mireia Olangua)
Denbora mordo bat pasa nuen ospitalean, medikuek hanketako hatzen bat moztu ala ez pentsatzen zuten bitartean. Izan ere, ibili nintekeen, baina kolpeak eraginda, zenbait hatz ezin nituen mugitu. Hala ere, oso pozik nengoen ez bainintzen elbarri geratuko eta denbora hartan, gainera, lagun asko egin nituen ospitalean.
Harrigarria iruditu zitzaidan Goñi doktoreak esandakoa, hala ere, nire hankaren eboluzio miresgarria behatzen jarraitu zuen baina nire urduritasuna handitzen joan zen minutuz minutu. Gizon horrek ez ote zion zerbait egin doktoreari nire bizia arriskuan jartzeko edo mutikoa eta bere muskerra ziren doktorearen egoeraren errudun? Ez nekien zer pentsatu, mutikoa gizon xelebre horren laguntzailea zela ere bururatu zitzaidan, baina, bat-batean, sentsazio berri bat nabaritu nuen, ez zen aurreko beste txertoen antzekoa izan, ez! Sentsazio bortitz bat izan zen hura, jasanezina! Minutu batzuk geroago, lo seko geratu nintzen.
Ordu bat beranduago esnatu nintzen. Bi gauza baino ez nituen gogoratzen: Goñi doktoreak esandako esaldi hura eta jasangaitza zen txerto horren ziztada. Hala eta guztiz ere, indarrez gainezka nengoen eta bitan pentsatu gabe ipurdia agerian uzten zuen pijama erantzi eta ospitaletik alde egin nuen. Minutu bat gehiago bertan eta erotu egingo nintzatekeen.
Orduan ez nuen beste aukerarik eduki eta nire barnean nuen urduritasuna ezin ezkutatuz, bere atzetik joan nintzen. Ordu laurden bat igaro genuen kale luze hura zeharkatzen; baina, azkenean, etxe zahar eta abandonatu bat seinalatuz, iritsi ginela esan zidan. Ondoren, niri begiratu gabe eskuak poltsikoan sartu eta giltza batzuk atera zituen. Sartzeko eta gelaren amaieran zegoen eserleku batean esertzeko esan zidan. Oso urduri nengoen. Etxe hark ez zuen inolako segurtasunik ematen. Bakarrik gelditu nintzen, gizona goiko solairura joana baitzen pixka bat itxaroteko esanez. Hamar minutu pasa ziren eta nire urduritasuna gero eta nabariagoa zen; nire jakin-mina ere handitzen joan zen. Orduan, burua biratu eta bi paretak elkartzen ziren lekuan liburutegi moduko armairu bat ikusi nuen. Hurbiltzea baino beste erremediorik ez nuen izan; bestela, nuen irrikak akabatu egingo ninduen. Bertan Bernardo Atxagaren argitaratu gabeko liburu bat zegoen, liburuaren azalean Nekaneren azken hitzak jartzen zuen. Eta honek nigan sortu zuen ikarak liburua askarazi zidan. Bat-batean, zegoen argi eskasa joan egin zen eta eskaileretan norbaiten pausoak entzuten ziren. Orduan, nire bizkarrean zerbait sentitu nuen...(Iker Azpeitia)
Beldurraren sentsazioak jakin-minaren irrikari garrantzia kentzen ari zitzaiolako, otu zitzaidan gauza bakarra alde egitea izan zen. Baina nora? Behin eta berriro nire buruan bueltaka zebilen toki hari kasu egin nion: liburutegira. Kalea zeharkatu eta atzera begiratu nuen, ea norbait nire atzetik zetorren ikusteko, orduan pausoa lasaitu nuen, ez baitzetorren inor.
Nolako buruko mina. Non nengoen? Eta zergatik nengoen bulego horretan? Nire beso eta hankak aulkiari hertsiki loturik zeuden! Atea ireki eta han agertu zen Goñi doktorea. Ea zer egiten nuen han galdetu nion, baina berak esan zidanak erabat harriturik utzi ninduen: “Galderak egiten dituen bakarra ni naiz, ados?” Nik buruarekin baietz esan nion, eta ondoren ea giltza non zegoen galdetu zidan. Zein giltzaz ari zen hitz egiten? (Nerea Soto)
Mutu geratu nintzen, zer esan ez nekiela. Ez nekien zer egiten nuen leku horretan, eta nire buruari ea zer egin nuen hura guztia merezi izateko galdetzen nion. Noski, erantzunik ez, ordea. Baina, nire zoritxarrerako, ez nintzen ni izan erantzunik gabe geratu zen bakarra. "Entzuten al didazu, ea giltza non dagoen galdetu dizut! Gorra al zaude? Ez niri tuntunarena egin gero, e! Ez ni alperrik hitz egitera behartu, damutuko zaizu bestela! Nik zerbait galdetzen dudanean, erantzun bat jasotzea gustatzen zait, ulertzen?" Orduan, giltza bat etorri zitzaidan burura, gizon misteriotsu hark etxe zahar hartan sartzeko erabili zuena, alegia, baina ez nintzen ausartu ezer esatera, beldurrez akabatzen bainengoen. Gainera, hura ezin zitekeen izan bera bila zebilen giltza. Buruhauste gehiegi gauza onerako. Jada ezin nuen gehiago. Lehertu beharrean nengoen. Ezin nuen egoera hori gehiago jasan, baina, neukan adore guztiaz baliatuta, beldurrak alde batera utzi, eta neukan indar guztia batuz aurre egin nion. Nire erantzuna, ordea, ez zen izan berak nahi zuena: "Baina, zuk zer uste duzu, zuen arazoetatik askatuko zaituzten esklaboa naizela ala?" eta, orduan, Goñik eskua altxa eta... danba! Ez, ez da zuek uste duzuena. Norbait sartu zen bulego hartara emakumeak kolpatu behar ninduen momentu hartantxe. Eskerrak, pentsatu nuen, baina segituan damutu nintzen atetik sartu eta Goñi doktorea musukatu zuena Gizon malapartatu hura zela ohartzean. Nire zorian hanka sartu banuen ere, gauza batean asmatu nuen, bai: hura ezin zen izan beraiek bila zenbiltzan giltza.
Orduan zerbait benetan aldrebestua etorri zitzaidan burura. Agian, gizonezko hark emandako papertxoa egia osoaren estalki bat besterik ez zen, bide batez, niri segada batean erortzera bultzatuko ninduena; istripura, alegia. Honetaz baliatuta, ebakuntza-gelan nengoela, Goñi doktoreak garrantzi handia izan behar duen giltza salbu edukitzeko nire gorputzeko lekuren batean ezkutatuko zuen, eta hau ahaztu izanak, Goñi doktoreak ni muskerdun mutikoarekin nengoela izan zuen ateraldiarekin zerikusi zuzena izango zuen. Izan ere, beharbada, Obabakoak liburuko kondairari bizia emanez, muskerra belarritik sartu eta garuna jan izanak eragingo zion ateraldi hura eta horren ondorioz, giltzaren kokapena ahaztuko zitzaion. Baina, zerk egiten du giltza horren baliozko? Zer dago honen guztiaren atzetik?
Aipatutakoaz gain, beste aukera bat ere bururatu zitzaidan, agian, logikoagoa, nork daki! Emakumeak giltza non zegoen galdetzean, beharbada, ez zen honek literalki duen esanahiaz ari. Beharbada, giltza aipatzean norbaiti zuzentzen ari zitzaion, pertsona konkretu bati: liburuzainari. Hau izan zitekeen honen guztiaren giltza, guztiaren gakoa, Bernardo Atxagaren Obabakoak liburutik esaldiak hartu eta idazle honen izenpean, Nekaneren azken hitza liburua sortu zuena. Goñiren ateraldiaren zergatia, ordea, Obabakoak liburuaren hariari loturik ikusten jarraitzen nuen, betiere, bestelako gaixotasunen batek frogatua egon eta muskerdun mutilarena kointzidentzia huts bat izan zitekeelako aukera baztertu gabe. Baina, zerk bultzatzen du liburuzaina Nekaneren azken hitza liburua idaztera? Liburu hau niri zuzendua ote dago, niri zerbait ohartarazteko helburuaz? Goñi doktoreak eta gizonezkoak zer espero dute liburuzainarengandik? Bere liburuak honetan zerikusirik ba al du?
Bi teoriek dituzte euren alderdi argi eta ilunak, baina zein izango da bietan zuzena? Edo, bestela, biek izango al dute egiaren zati bat? Ala, agian, ez batak eta ez besteak? Aukerak mila direla argi dago, baina benetan gertatutakoa jakitea izan behar du gure helburu, aukera zuzena lortu eta buruhaustearen erantzunera iristea, alegia. Egia bakarra zein den, ordea, oraindik aurkitu gabe neukan. (Ibai Mendia)
Isil-isilik, ahal nuen moduan, bikotea musukatzen ari zen bitartean, liburutegitik irteten saiatu nintzen baina atso malapartatu hura nik uste nuena baino askoz ere azkarragoa zen, segituan konturatu baitzen nire intentzioak zein ziren!! Arrapalada batean, itxura txarreko gizona nire atzetik korrika hasi zen eta, ahal nuen bezala, liburutegian ezagutzen nituen txoko guztietan ezkutatu nintzen baina ezinezkoa zen! Nik bezain ondo ezagutzen zuen kalamitate hark liburutegia. Azkenean, lortu nuen leku ilun hartatik irtetea eta nire etxera joan nintzen garbitzaileak lagunduko zidan esperantzaz. Tinbrea jo eta atea nork irekiko eta... Baina nola zen posible? Oraintxe liburutegian zeuden eta ni beraien aurretik etorri nintzen? Eta garbitzailea? Gero eta gutxiago ulertzen nuen nahi zutena, giltza nahi zutela garbia zen baina zergatik jarraipen horiek? Erabat beldurtuta nengoen, ez nekien norantz jo, ni nengoen leku guztietan zeuden. Halako batean pentsatu nuen, agian, hori zela beraiek nahi zutena, ni beldurtzea, ez zegoela giltzarik ezta Nekaneren azken hitzak libururik ere. (Amaia Alonso)
Aurpegia astintzen zidan sentsazio hotz batek esnarazi ninduen. Nire etxeko egongelan zorabiatu nintzen, azken eguneko egoera mugitua zela eta mokadurik jan gabe bainenbilen. Beso eta hanketan indarra berreskuratu orduko, zutitu nintzen eta begirada egongelako sofara bideratzean, bertan ikusi nituen. Bai, Goñi doktorea eta bere laguntzailea ziren. Abagunerik gabe galderaz josi ninduen Goñi andereak: "Non dago giltza? Zergatik ez diguzu behingoz giltza non dagoen esaten? " Berriro ere galdeketa nazkagarri bera, jada burua lehertzear neukan eta negar malkoei ezin eutsirik inongo giltzaren existentziaren jabe ez nintzela esan nien. “Lehen bezain kaskagogor jarraitzen duzu, Nekane. Baina ondo da, zuk nahi izan duzu; Julio, akabatu berarekin.” Agindua jaso bezain laster, sofatik zutitu eta labana eskuetan zuelarik, niregana inongo gupidarik gabe hurbildu eta PUM! PUM! Begiak ireki eta ez, ez nengoen hilik, ni onik nengoen baina ezin nezakeen gauza bera esan bi gizaseme horiez. Baina nola zitekeen? Liburutegiko emakume petrala zen nire egongelako atean zegoena, pistola eskuetan sostengatzen zuela.
“Bukatu da dena Nekane, lasai. Den-dena kontatzeko prest nago, bada garaia gertatzen ari dena jakin dezazun.”Hitz hauen ostean, liburutegiko emakumeak sofan esertzeko esan zidan eta orduantxe hasi zen azalpenak ematen. (Arrate García)
Lehenik eta behin lasai egoteko esan zidan, dena bukatu zela eta ez nuela beldurrik izan behar momentu hartatik aurrera. Berak Goñi doktorea eta gizona ezagutzen zituen. Emakumeak gizon beldurgarri hura eroetxe batetik alde egin zuela esan zidan eta horren ondoren Goñi doktoreak sorgindu zuela bereganatzeko. Ile luzeko gizona obsesionaturik zegoen giltza batekin, baina harrituta gelditu nintzen ondoren esan zidanarekin: "Giltza horrek ez du inongo existentziarik; ez da lehen aldia neska gazte bat hiltzea saiatzen dena, zu baino lehen, bazegoen beste herrialde bateko neska gazte bat, zure izen berberarekin, pasarte hau bizi izan zuena. Baina berak zu baino zorte okerragoa izan zuen, gizon nazkagarri honek hiltzea lortu baitzuen. Geroztik polizia bere atzetik ibili da harrapatu nahian eta azkenean, lortu dugu." Lortu dugu? Zer esaten ari zen? Bai, bera ez zen liburutegian egunero egoten zen emakumea, ez, bera polizia zen. Zur eta lur gelditu nintzen hura kontatu zidanean, ez nukeen inoiz imajinatuko halako gauzarik. Berari esker nik oraindik bizirik jarraitzen dut.
Hori guztia jakin ondoren, gertatutakoaren berri ematen jarraitu zuen. Baina nola liteke nire familiakoa izatea gizon hura? Nire gurasoek jakinaren gainean al zeuden? (Edurne Valmaseda)
Nire gurasoak jakinaren gainean bazeuden, zergatik ez zidaten gizon hartaz hitz egin? Neska bat hil zuenez, agian, ni babesteko egingo zuten. Goñi medikua eta gizon hura hilda nork ziurtatzen dit ez dela inor gehiago etorriko existitzen ez den giltza horren bila? Hau guztia zergatik gertatu den dakien bakarra hilik dago, ez dakigu bera erotuta zegoelako edo Nekaneren azken hitza izeneko liburu horrengatik zen…Gogoratu bezain laster, liburu horren berri eman nion poliziari eta liburu hura berreskuratzeko asmoz abiatu ginen. Halere, iritsi ginenerako, ez zegoen. Izan zitekeen Goñi doktoreak eta gizon hark ezkutatu izana liburua edo beste norbaitek hartu, baina ideia horrek berealdiko hotzikara eragin zidan. Liburu hura balitz hau guztiaren erruduna arazo ugari ekarriko zizkidan. Gogoeta hauek buruan biraka nituela, beldurraren ondorioz, galdera ugari etorri zitzaidan burura: "Nork ziurtatu zezakeen orain ni seguru egongo nintzela, ez zela norbait ni berriz akabatzen saiatuko, gizon hura hilik egonda seguru egongo nintzela? Inork ere ez. Inork ez zekielako hau guztiaren erruduna nor zen. Pentsamendu hauetan murgildurik nenbilela, azken galdera etorri zitzaidan burura: “ Bukatu da edo hasiera bat besterik ez da?"(xabier Jauregi)