Jakinmin eta Ordizia:(magic)
Nire abiapuntua gure IKT taldean iazko ikasturtean izandako gogoetan kokatu beharko nuke. Izan ere, oso garbi ikusi genuen IKTen erabilerak gure eguneroko lanean eragin behar zuela eta metodologia berri bat sustatzen ahalegindu behar genuela. Gauzak horrela, eta prestatu genuen IKTen curriculumaren zirriborroa oinarritzat hartuta, informazioa biltzen hasi nintzen. Informatika eta Multimedia Tailerra ziren nik landu behar nituen ikasgaiak eta gai horietan eskarmentua nuen arren, aurrerapauso garrantzitsu batzuk eman nahi nituen. Planteatutako helburuen artean, ondorengoak azpimarratuko nituzke:
Jakinstein:(jolaus)
Jakintza ikastolako fisikako mintegiaren blogaren jatorria anitza da: horrelako zerbaiten beharra genuela lehenengoz Pasai-Lezo Lizeoan jabetu ginen, Mikel Etxaniz fisikako irakasleak bere ikasleekin ordenadorez lagunduriko esperimentazioan (OLE) oinarritutako lanaren berri eman zigunean. Ikastolatik joan ginen irakasleok berehala ohartu ginen horrelako zerbaitekin hasi behar ginela gure ikasleekin ere. Bestalde, iazko ikasleekin orokorrean izan nuen esperientzia kaskarraren ondorioz, irakasgaiaren metodologian aldaketa sakonak eragin behar nituela garbi ikusi nuen. Azkenik, IKTeroon bileran askotan planteatzen genuen IKTen benetako erabilera ez dela gauzatzen ordenadoreak erosiz bakarrik, beharrezkoak diren teknologia berriak gure ikasleekin eguneko jardunean txertatuz baizik. Honi guztiari mila buelta eman ondoren eta, kontutan izanik Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen laguntzen deialdia maiatzean ixten zela, nire mintegi-kideekin hitz egin ondoren, proiektu berri honi heltzea erabaki genuen eta beharrezkoak ziren baliabideak eskuratu ahal izateko (batez ere, OLE gauzatzeko tresneria guztia) Foru Aldundian aurkeztu genuen g+b proiektu bezala. Proiektua onartuko ote ziguten edo ez jakin aurretik, jada hasi ginen blogaren garapenarekin, azkenik, orain dela aste gutxi batzuk, proiektua bere osotasunean onartu zaigula jakin dugularik.
Helburu nagusienak ondorengoak izango lirateke:
Udan domeinua eta hosting-a erosi ondoren, Wordpress -en eta Moodle -en instalazioari ekin nion. Wordpress-en instalazioarekin eta honen euskaratzearekin amaitu ondoren, themea aukeratu, hainbat plugin instalatu... eta edukien igotzeari ekin nion. Horrela hasi nuen ikasturte berria. Ikasle bakoitzak materiala begi-bistan eduki ahal izateko eta, batez ere, klasean aztertuta simulazioekin norberak bere kasa praktikatu ahal izateko, klaseak infogelan ematea erabaki genuen, ikasle bakoitzak, erosi berri genituen ordenadoreetariko bana eskura zuelarik.
Lehen ondorioak berehala antzeman ditut: ikasleek eskertzen dute web bitartez edukien lanketa, jarraipena eta azterketa egiteko aukera izatea, bai ikastolatik bertatik, baita beraien etxetik ere. Baina, gela barruan ez dira oso eroso sentitzen. Ikasle hauek oraindik "paperaren belaunaldikoak" dira; irakaslearen azalpenak, oharrak... jasotzeko papera behar dute eta nahiago dute klasearen jarraipena egiteko apunteak paperezko euskarrian edukitzea digitalean baino. Batek edo bestek probatu du klaseko notatxoak ordenadorez jaso eta klase amaieran bere helbide elektronikora bidaltzen, baina segituan baztertu du metodo hori. Ez da batere erosoa. Bestalde, komunikazioa hobetzeko erabilitako bide ezberdinek ez dute arrakasta handirik izan: blogaren iruzkinak "apenas" erabili dira eta Skype-n bitartez banakako elkarrizketak ikasle batzuekin garatzea lortu dudan arren, multikonferentziak egin nahi izan ditugunean arazoak izan ditugu: ikasle askorekin elkarrizketa gauzatzea ezinezkoa izan da.
Lehen ebaluazioa bukatu berri dugu eta esango nuke hasieran ipinitako helburuak nahiko urruti geratu direla. Blogari itxura eman (ebaluazio erdian theme berria instalatzea erabaki nuen) eta edukiak igotzen bakarrik nahiko lan izan dut eta ez dut aukera gehiegirik izan bestelako tresnekin probatzeko. Datorren ebaluaziorako aldaketak egiteko asmoa daukat:
Lan asko dago oraindik egiteko (gehiegi, agian, ikasturte batean burutzeko). Kontua da urratsak ematen hastea eta, poliki-poliki, hasieran aurreikusitako proiektu horri forma ematen joatea. Bigarren ebaluazioaren amaieran hemen izango gaituzue, berriro ere, egindakoaren berri emateko.
Euskaljakintza:(sei)
Benetan zaila egiten zait euskaljakintzari buruz idazten hastea, hainbeste ideia dut buruan non ez baita batere erraza niretzat hauek laburtzea. Hasteko, proiektuaren jaiotzari buruz mintzatuko naiz.
Aurreko urteetan, nire DBHO 2ko euskarako ikasleak ez nituen batere motibatuta ikusten, hobeto esanda, ez nuen nik lortzen beraien euskarekiko jakin-mina piztea inondik ere. Aurreko ikasturtearen helburua EGAko titulua ateratzea izanik, behin hori lortuta, eta kontuan izanda hautaprobetan ez dutela eduki aldetik ezer berezirik eskatzen, izugarri kostatzen zitzaidan beraien interesa neureganatzea. Zertarako ikasi behar dugu hau gero ez badute selektibitatean galdetu behar? Hauxe izan da azken urteotan gehien entzun dudan galdera. Beraz, zerbait gaizki egiten ari nintzen; nire teoria guztiak azalduta ere, ez nuen beraien pentsamendua aldaraztea lortzen! Arazo hau abiapuntu eta IKTeroon artean hamaika aldiz hitz egindakoari eutsiz, nire gaiaren planteamendua iraultzea erabaki nuen: Euskara eta teknologia berriak uztartzeko asmoz, blog bat sortuko nuen. Artean, helburuak garbi nituen:
Proiektua abian jartzeko hainbat zailtasun izan nuen. Hasteko, nire lankide adituen aldean, informatikako nire ezagutza guztiz urria eta eskasa zen (behin baino gehiagotan pentsatu izan dut ez ote nintzen ur sakonegietan sartzen ari). Halere, prest nengoen ikasteko eta proiektu berriak ematen zidan ilusioa nire ezagutza pobreari gailendu zitzaion. Horrela, udan lanari ekin nion zetozen zailtasunei ahal nuen moduan aurre eginez.
Zailtasunak alde batera utziz, aitortu beharrean nago hasieratik proiektuak harrera ona izan zuela ikasle gehienengan (beti dago bat edo beste tramankulu hauekin moldatzen ez dena eta denerako zailtasunak ikusten dituena, noski!).
Bloga tresna bereziki egokia da, nire ustez, hizkuntzak lantzeko. Edukiak jorratzeaz gain, ikasleak idaztera bultzatzen ditu. Beraien artikuluak argitaratzen dituzte jakitun izanik kanpotik ere irakurleak dituztela (aurki.com-ean azaltzea oso garrantzitsua izan da beraientzat, baita Julen Gabiria idazleak edo Joxe Aranzabalek idatzi zigutenean). Honek, aparteko motibazioa emateaz gain, arduratsuago bihurtu ditu (euskara egokia erabiltzen saiatzen dira, blogean sartutako baliabideak hasi dira erabiltzen –hiztegi batua, sinonimoak, euskara-gaztelera hiztegiak, antolatzaileak eta abar luze bat). Halere, arlo honetan oraindik badago zer landu!
Gainera, ikasleek proiektua berea egin dute; eta, horrek, izugarri animatzen nau. Partekatzen ikasten ari gara, elkarrengandik ikasten dugu, aprendizaia askoz ere dinamikoagoa bihurtu da, komunikazio arloak (ikasleen artean eta irakaslearekin) ohiko mugak gainditu ditu (posta elektronikoaren erabilera arrunta denon artean, etxetik, eskola orduz kanpo, idazten dituzten artikuluetan erantzunak…). Laburtuz, motibazioa piztu da!!!
2. hiruhilekoari begira, alde batetik, hainbat atalekin jarraitzeko asmoa dut (webquest baten bidez XX. mendeko literatura landu, artikuluak idazten eta publikatzen jarraitu…); eta, bestetik, egitasmo batzuk martxan jarri ditut (istorio elkarreragileak edo denon artean idatzitako narrazioak ekoiztu writely erabiliz, informatikako programa baten on-line itzulpena egin -horretarako ditugun baliabideak erabiliz- eta, azkenik, foro edo “txat” bat (txutxu-mutxuka) ireki.
Ikusten duzuen bezala, lehenengo hiruhilabeteko balorazioa baikorra da. Halere, ezin dugu ahaztu lan handia gelditzen zaigula egiteke, gauza asko ikasteke. Baina nik ez dut amore emango erraz zailtasunen aurrean! Askotan pentsatzen dut hondorik gabeko putzu batean sartu garela/naizela: zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago jakin nahi (eta hori, uneoro gauzak aldatzen doazen informatika alorrean, zenbaitetan neketsua izan daiteke). Edonola ere, garbi daukat: informatika alorrean inongo erraztasun eta ezagutza kaskar honekin gai banaiz hau aurrera eramateko, edonork egin dezake! Beraz, nire jakin-mina ikasleei kutsatzen saiatzeaz gain, beste irakasleak ere horrelako proeiktuetan murgiltzera animatu nahi ditut.
DBHO 1eko blogariak:(jolaus)
Badira urte batzuk gure batxilergoko ikasleekin teknologia berrien erabilpena sustatzeko ikasgai berri bat jarri martxan jarri genuenetik. Urte desberdinetan irakasle desberdinak pasa gara gai honetatik eta aurten, berriro ere, niri tokatu zait. Ikasgai honetan jarritako helburu nagusiena zera da: ikasleek material propioak sortzea baliabide elektronikoak soilik erabiliz, papera alde batera utziz. Ikasturte desberdinetan erabilitako euskarria desberdina izanik (CD,multimedia aurkezpenak…), azkenaldi honetan izan den blogen iraultza dela eta, nire ikasleak blogari bihurtzea pentsatu nuen. Blogen erabilerak ondorengo helburuak lortzeko aproposak direla iruditu zitzaidan:
Esan beharra dago ikasturte hasiera ez zela batere positiboa izan. Ikasleek ez zituzten blogak ezagutzen eta hasierako jarrera nahiko ezkorra izan zen. Bestalde, ni neu nahiko harrituta nengoen pentsatzen bainuen 16-17 urteko gazte hauek ezagutza zabalagoa izango zutela teknologia berrien inguruan, baina Hotmail, Messenger eta Office bezalako aplikazioetaz gain, ezer gutxi ezagutu eta erabiltzen zuten (gehiengo batek behintzat).
Abiapuntu honetatik, ikasle talde bakoitzak gustukoa zuen gai baten inguruan blog bat sortu eta diseinuari lehen ukituak emateari ekin zion. Pixkanaka artikuluak idazten eta argazkiak txertatzen hasi ziren. Honekin batera edukien sindikazioa eta Bloglines-en inguruko informazioaren inguruko saio batzuk egin genituen.
Hasierako jarrera ezkor horrek berebiziko aldaketa izan zuen bi gertakari puntualen ondoren: lehenengoa, estatistiken jarraipena egiteko kodea txertatu zutenean beraien blogetan eta, bigarrena, nire ikasle blogarien aipamena egin zenean Sustatun . Estatistiken azterketak lana serioago hartzea eraman zituzten; bat-batean jabetu ziren beraien ekarpenek bazutela halako oihartzun bat blogosferan, beraien artikuluak jendeak irakurtzen zituela, eta honek animuak piztu zizkien.
Halere oraindik badaude gainditu beharreko arazoak. Nagusiena hau da: informazioa lortzeko zailtasunak dituzte. Batzuk kexu dira bidalketa bat idazteko denbora asko galtzen dutela informazioa bilatzen eta forma ematen. Oraindik ez dituzte era egokian erabiltzen Bloglines, del.icio.us edota Technorati bezalako tresnak informazioa bilatu nahi dutenean. Ez dute ohitura handirik hauetara jotzeko informazio bila. Honen ondorioz, kanpoko helbideak linkatzeko ohitura gutxi dute oraindik. Hori izango da gure bigarren ebaluaziorako erronka nagusia.
Bestalde, hizkuntza idatziaren aldetik badago, orokorrean, zer hobetua. Baina esan nahi dut alderdi honetan ere hobekuntza nabarmenak egin dituztela gure ikasleek, baten kasuan batez ere . Urtetan klasean egindako idazlanekin lortu ez duguna, blogekin lortzen ari gara. Honetarako ere baliagarria izan da blogintza!
Azkenik, ebaluazio honetan bideogintzari tartetxo bat ere eskainiko diogu eta, bukatzeko, ea lortzen dugun podcast batzuk txertatzea. Ez dugu izango, ez, aspertzeko astirik.!