LEHEN HEZKUNTZA GORPUTZ-HEZKUNTZA


SARRERA

Eremu honetako hezkuntza-ekintzaren oinarrizko elementuak gorputza eta giza mugimena dira, eta mugimen-jarduerarekin eta gorputz-kulturako elementuak barneratzearekin lotutako ahalmenak garatzea du helburu nagusi. Hain zuzen, garapen horren funtsezko osagaia gorputz-hezkuntza da; hau da, irakasgai hori mugimenjarreraren pedagogiatzat hartzen da, eta pertsona bakoitzaren garapena lortzen eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du. Ikaskuntza-eremu honetan egindako proposamena, espezifikoki hezkuntza formalerako egin arren, egunerokotasunera transferitzeko baliagarria izatea da asmoa, eta bizi osorako, gainera; izan ere, jarduera motorraren bidezko gorputz-garapena gure bizitzaren zatida.

Hala eta guztiz ere, eremu honetako curriculuma mugimen-jarrerak eskuratzea eta perfekzionatzea baino urrunago doa. Gorputz hezkuntzaren eremuak nabarmen hautematen ditu gizartean gertatzen diren aldaketa bizkorrak; beraz, bere hezkuntza-asmoen bitartez, norberaren ongizatea lortzera bideratzen duten eta bizitza osasungarri bat sustatzen duten premiei (gizabanakoarenak eta taldekoak) erantzun nahi die, edonolako estereotipoak eta diskriminazioak alde batera utziz.

Egungo gizartean gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio ahalegin intelektuala eta fisikoa optimizatzeari, eta, beraz, ezinbesteko bihurtu da jarduera fisikoa egitea; batez ere, oreka psikofisikotzat baloratzea, egoneko bizitzatik eratorritako arriskuak prebenitzeko faktoretzat eta aisialdi-denbora okupatzeko alternatibatzat.

Beste ikaskuntza-eremu batzuek bezala, “gorputz-hezkuntza” ikaskuntza-eremuaren funtzioa zehaztutako eskolatze-aldietarako hezkuntza-helburuak eta hezkuntza-gaitasun nagusiak eskuratzen laguntzea da. Ikaskuntza-eremu bakoitzak bere ekarpena egiten du, eta, “gorputz-hezkuntzaren” kasuan, zeregin hori gorputzaren portaera motorraren eta jolasen bitartez garatzen da. Horrela, ikasleen adimen motorra, komunikatzeko eta harremanak egiteko ahalmena, emozioak adierazteko eta kontrolatzeko ahalmena, eta norberaren ekintzak behar bezala bideratzeko gaitasunak garatzen dira.

Jarduera fisikoaren inguruan sortzen diren pertsonen arteko harremanek hainbat balio barneratzen eragiten dute; besteak beste: errespetua, onarpena edo lankidetza. Balio horiek, hain zuzen, egunerokotasunera transferi daitezke, eta, horrela, ikasleak bideratu egin nahi dira, berdintasun-egoeretan gainerako pertsonekin harreman eraikitzaileak izan ditzaten. Era berean, gorputzak eta mugimen-jarduerek dituzten adierazpen-aukerek gorputz-hizkuntzen sormena eta erabilera indartzen dute; zehazki, pertsonen arteko harremanak leuntzen dituzten sentimenduak eta emozioak transmititzeko.

Edukiak egituratzeak agerian uzten du Lehen Hezkuntzako gorputz hezkuntzari zentzua ematen dioten ardatzetako bakoitza: mugimenarekin lotutako ahalmen kognitiboen, fisikoen, emozionalen eta harreman-ahalmenen garapena; mugimenaren gizarte- eta kulturaereduen barneratzea; eta balio-hezkuntza eta osasunerako hezkuntza.

Proposamen hori oinarri hartuta, eremu hau lau eduki-multzotan banatu da. Mugimenarekin lotutako ahalmenen garapena lehentasunez aztertu da lehenengo bi eduki-multzoetan; bigarren eta hirugarren eduki-multzoek, berriz, lotura zuzenagoa dute mugimenerako kulturaereduak eskuratzearekin; eta, azkenik, osasunerako hezkuntzak eta balio-hezkuntzak kidetasun handia dute hirugarren eta laugarren eduki-multzoekin, hurrenez hurren.

1. eduki-multzoan –Norberaren ezagutza eta kontrola–, hautemateeta mugimen-ahalmenak eta mugimen-trebetasunak garatzeko aukera ematen duten edukiak sartu dira. Lehenengoak norberaren gorputza ezagutzea du helburu nagusi, hori funtsezkoa baita norberaren gorputzaren irudia garatzeko edota, gero, ikaskuntza motorrak lortzeko; bigarrenak, berriz, norberaren gorputzaren kontrola lortu nahi du, ikasleari eraginkortasunez mugitzeko aukera emango dioten edukiak barne. Beraz, sistema motorra menderatzeari eta kontrolatzeari lotutako eskuratzeak tartean izango dira; besteak beste, mugimendua egoera berrietara egokitzeko erabakiak hartzea errazten duten edukiak nabarmendu behar dira.

2. eduki-multzoan –Gorputz-adierazpena eta komunikazioa–, berriz, gorputz-hizkuntzaren bitartez adierazkortasuna, mugimendua eta komunikazioa sustatzeko edukiak sartu dira.

3. eduki-multzoa –Jarduera fisikoa eta osasuna– jarduera fisikoa osasungarria izateko ezinbesteko diren ezagutzek osatu dute. Gainera, bizitzan zehar jarduera fisikoa egiteko ohitura hartzeko edukiak ere sartu dira, horiek ongizate-iturri baitira. Gorputzosasunari buruzko edukiak jarduera fisikoaren ikuspegitik aztertzen dituen eduki-multzo bat sartuz, zenbait ikaskuntza eskuratzeko premia azpimarratu nahi izan da; jakina, ikaskuntza horiek edukimultzo guztietan sartzen dira, zeharka.

Azkenik, 4. eduki-multzoan –Mugimen-kultura: aisialdia eta denbora librerako hezkuntza–, giza mugimenaren kultura-adierazpen diren jolasak eta kirol-jarduerak aztertu dira. Jolasak metodologiaestrategiatzat erabil daitezkeen arren, beharrezkoa da horiek edukitzat aztertzea, antropologia- eta kultura-balioa baitute.

Bestalde, pertsonen arteko harremanari buruzko alderdiek era horretako edukietan hartzen duten garrantzia dela-eta, elkartasuna, lankidetza eta beste pertsonekiko errespetua helburu duten jarrerak proposatzea azpimarratu behar da.

Gorputz-hezkuntzaren ezagutzak antolatzea helburu duten hainbat eduki-multzotan (aukeratuak izan direnak), kontzeptuak, prozedurak eta jarrerak modu integratuan aurkeztu dira. Halaber, azpimarratu behar da, gorputz-hezkuntzako edukietan lehentasuna ezartzeko, prozedura-edukien eta jarrera-edukien arteko polarizazio bikoitza errespetatu behar dela. Lehenengoen bidez, haurrek aukera izango dute sistema motorraren mailan gai sentitzeko. Bigarrenek, berriz, etikaren ikuspegitik jarduera fisikoaren eta kirol-jardueraren inguruan dauden hainbat egoera konplexuri aurre egiten lagunduko diete, bai eta gorputz-kulturari dagozkion egoerei ere. Bestalde, kontzeptuak barneratzeari esker (nahiz eta aurreko eduki-multzoen mendean egon), gorputzaren errealitatearen eta inguru fisiko nahiz gizarte-inguruaren errealitatearen ulermena erraztuko du.

Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesua sekuentziatan antolatzen da (orokorretik espezifikora), eta dibertsitate-irizpideari garrantzi handiagoa ematen zaio espezializazio-irizpideari baino. Prozesu horretan, edonolako diskriminazioak saihestu behar dira (hau da, sexuaren, gizarte-mailaren, arrazaren, pertsonen arteko desberdintasunen edo gaitasunen araberakoak), eta, horretarako, indarrean dauden gizarte-estereotipoak eta jarrera xenofoboak hautsi behar dira.

Etapa honetako metodologia-ikuspegia ludikoa da; horregatik, jolasaren testuingurua izan behar da bat-bateko ikaskuntza osatzen duen eremua. Jarrera- eta kultura-edukiek garrantzi handia hartzen dute, baina ez dugu prozedura-edukiek etapa honetan duten garrantzia alde batera utzi behar. Garapen motorraren eta kognitiboaren arteko lotura garrantzitsua da; izan ere, espazioari, denborari eta gorputzari buruzko lehenengo nozioak hainbat mugimendu-egoeratan gertatzen diren harreman logikoei esker ezartzen dira. Etapa hau luzea eta anitza denez, bilakaeran desberdintasuna da nagusi; ondorioz, beharrezkoa da aldiak bereiztea. Lehenengo aldia, hain zuzen, sei urtetik zortzi urtera izango litzake. Adin horietako haurrak arreta galtzearen eta, pixkanaka, “nia” baieztatzearen fasean sartzen hasten dira. Beraz, gorputz-hezkuntzak lagundu egin behar die, beren izate orokorra errespetatuz eta mugimen-premiak asez; hau da, era askotako proposamenen bitartez, denbora luzez arreta mantentzeko ahalmen-faltari erantzungo diote. Adin horretatik hamabi urtera arte, haurrek bilakaerarekin jarraituko dute, osotasunetik aniztasunera. Gorputz-hezkuntzak aktiboki lagundu beharko luke “nia”ren pixkanakako baieztatzeprozesu horretan. Era berean, esparru egoki bat eskaini beharko luke norberaren ikuspuntuan arreta galduz joateko; horrela, batez ere jolasetan eta kiroletan oinarrituz, aurrera egingo du beste pertsona edo taldea ulertzeko prozesuan.


OINARRIZKO GAITASUNAK GARATZEKO ALOR HONEK EGINDAKO EKARPENA

Gorputz-hezkuntzaren eremuak, funtsean, zientzia-, teknologiaeta osasun-kulturaren gaitasuna garatzen laguntzen du; horretarako, leku jakin batean, norberaren gorputza (mugimenduan edo egonean dagoena) behar bezala hauteman behar da, eta, horrez gain, elkarrekintzan jardun behar du, dituen mugimen-aukerak hobetuz.

Gorputz-hezkuntzak osasuna ikuspegi oso batetik ulertzeko aukera ematen du; izan ere, osasunari buruzko ikuspegia oso partziala izan ohi da askotan. Hau da, hainbat pertsonak elikadurari ematen diote lehentasuna, eta beste batzuek, berriz, jarduera fisikoari. Kasu askotan, kirola osasunarekin lotu ohi da, nahiz eta zenbaitetan (lehiakortasun-baldintzak direla-eta) osasuna eta kirola elementu kontrajarriak izan. Jarduera fisikoa ez da osasun-eremua lantzeko bide bakarra, osasunak diziplina askotako esku-hartzeak behar baititu; hala eta guztiz ere, jarduera fisikoa ezinbesteko elementua izango da osasuna bere dimentsio osoan zaintzeko.

Egungo gizartean gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio ahalegin intelektuala eta fisikoa optimizatzeari, eta, beraz, ezinbesteko bihurtu da jarduera fisikoa egitea; batez ere, oreka psikofisikoa ikasteko baliabidetzat, egoneko bizitzatik eratorritako arriskuak prebenitzeko faktoretzat eta aisialdi-denbora okupatzeko alternatibatzat. Gorputz-hezkuntzak, hain zuzen, osasun-kultura bultzatzen du; hau da, gorputz-teknikak irakastean (osasungarriak iruditzen zaizkio), gorputzean epe laburrera nahiz luzera lesio larriak sor ditzaketen jarrera eta ekintza guztiak saihesten ditu. Gainera, mugimen jarduerak ahalmen fisikoetan eta motorretan nahiz harreman ahalmenetan dituen ondorioak egiaztatuta daude zientziari buruz indarrean dagoen literaturan.

Bestalde, gorputz-hezkuntzak objektuak erabiltzen dituen heinean, kontsumo-gizartean sartzen ari dela jakin behar du. Beraz, objektuak ez erabiltzea edo birziklatzea eta aurreztea ikasleek eskuratu beharreko balioen zati izan behar dira. Eremu horrek ikasten ikasteko gaitasunari laguntzen dio; hau da, lehenengo, nork bere burua eta dituen aukerak eta gabeziak ezagutzen ditu, eta, hori ikaskuntza motorraren abiapuntutzat hartuta, era askotako errepertorioa osatzen da, mugimen-zeregin konplexuagoetara transferitzea erraztuko duena. Horri esker, beraz, lor daitezkeen helburuak jarri ahal dira, eta, horiek lortzean, nork bere buruan konfiantza eskuratuko du. Aldi berean, taldean egiten diren jarduera fisikoetako proiektu bateratuek lankidetza-baliabideak lortzeko aukera ematen dute. Norberaren denbora librea kudeatzeari dagokionez, berriz, jarrera ekintzailea hartzera bultzatzen dute.

Gorputz-hezkuntzak matematika-gaitasuna lortzen laguntzen du, bere jarduerak matematika-kontzeptuen osagarri garrantzitsuak baitira; hau da, norberaren ikuspuntutik nahiz besteen ikuspuntutik espazio- eta denbora-kontzeptuak lantzen eta eskemak nahiz planoak irudikatzeko hainbat modu interpretatzen laguntzen du. Gorputz-hezkuntzak beste eremuek ez dituzten berezitasunak ematen dizkio gaitasun honi. Hau da, matematika-kontzeptuei (esaterako, denbora, distantziak, ibilbideak edo pisuak kalkulatzeari) nahiz gainerakoen mugimen-asmoei esanahia ematen die, eta mugimenduzko aurrerapena eta aurre-ekintza eskatzen ditu, bizitza fisikoan gerta daitezkeen egoeretara egokitzeko.

Gainerako ikaskuntzek bezala, eremu honek hizkuntzakomunikaziorako gaitasuna lortzen laguntzen du; izan ere, komunikazio-harremanetarako aukera zabala, horiek gidatzen dituzten erabilera-arau ugari eta hiztegi espezifikoa ematen ditu. Portaera motorrak komunikazioa errazten du, eta, beraz, komunikazio-kanal garrantzitsua da. Gure gizartean balio handiagoa ematen zaio hitzari portaera motorrari baino; hala ere, praxema bidezko gorputz-adierazpena ezinbesteko baldintza da adierazpen-komunikazio bat egiteko. Beraz, komunikazioari laguntzeko, hitz gabeko mintzairaz baliatzen da, eta bigarren mailako elementuak hitz egiteko ekintzaren esku uzten ditu. Lagun arteko mugimenkomunikazioa, aurkarien arteko kontrako komunikazioa, metakomunikazioa edo norberaren adierazpen sinbolikoa ikasleek ikasi beharreko hizkuntzak dira. Sentimenduak, ideiak eta mezuak gorputz-hizkuntzaren bitartez (soinuak, hitz gabeko mintzaira, adierazpen sortzaileak, dramatizazioa) komunikatzeko gorputz-adierazpenak duen ahalmena nabarmentzen du curriculumak. Nola edo hala, gehiago landu behar da

ikasleen adierazpen- eta afektibitate-alderdia, emozioen eta sentimenduen munduarekin lotutako alderdia. Elementu horiek lotura estua dute autoestimuarekin, nortasunaren egituraketa eta adierazpenarekin, inhibizioak gainditzearekin, adierazpen sortzaileekin gozatzearekin, giza balioenganako sentikortasuna izatearekin... Bestalde, informazioaren eta komunikazioaren zenbait baliabidek gorputzari buruz zabaltzen dituzten mezuen eta estereotipoen balorazio kritikoa egiten laguntzen du eremu honek, txikitxikitatik; izan ere, komunikabideetatik jasotako mezu eta informazio horiek norberaren gorputzaren irudiari kalte egin diezaiokete eta, horrez gain, horietan estereotipo baztertzaileak identifika daitezke (esaterako, sexistak, arrazistak, gizartekoak edo beste mota batekoak). Dena den, teknologia-baliabideen erabileran ohitura osasungarriak hartzen lagun dezakete: gorputzjarrera egokia, distantzia, erabilera-denbora... Ikuspegi honen bidez, gaitasun digitala eta informazioaren trataerarakoa lortzen laguntzen zaio, neurri batean. Horrez gain, gizarte- eta hiritar-gaitasuna eskuratzen laguntzen duten egoerak ere sortzen ditu gorputz-hezkuntzak. Irakasgai honetako jarduera fisikoak bitarteko eraginkorra dira integrazioa eta errespetua bultzatzeko, eta, horrez gain, lankidetza, berdintasuna eta talde-lana garatzen laguntzen dute. Taldeko kiroljarduerak egiteko eta antolatzeko, proiektu komun batean sartu behar

izaten da, eta parte-hartzaileen arteko desberdintasunak eta haien mugak onartu behar izaten dira, arau demokratikoei jarraituz taldearen antolaketan eta kide bakoitzak bere ardurak onartuz. Kirol-jarduerak gidatzen dituzten arauak betetzeak gizarteko jarrera-kodeak onartzen laguntzen du. Gizarteratzearekin lotutako gaitasunak lantzeko, hainbat kulturatako jolasen eta kirolen kultura-alderdia erabil daiteke. Era askotako herri-jolasen eta bertako dantza berezien bidez, Euskal Herriko kultura-aberastasuna ezagutzen dela azpimarratu behar da. Gizarteratzearen eremuan, gorputz-hezkuntzak oso jarrera irekia du jarduera ludiko eta fisikoen eta kirol-jardueren gizarte- eta kultura-kutsua onartzeko, kultura jakin bateko kide izatearen sentimendua eta besteen kulturaren errespetua bultzatzen baitu.

Oro har, lehia bultzatzen duten jolas eta kirol arautuek gatazkak eta jarrera apurtzaileak lantzeko aukera ematen dute, gatazkak konpontzeko protokoloak erabiliz. Horrela, gizarte-harremanetarako gaitasuna (gizarte-trebetasunak) eta taldeetan eta gizartean barneratzeko gaitasunak eskuratzen dituzte ikasleek. Jolasek eta lehiaketek pertsonen gaitasunak eta trebetasunak garatzen lagundu behar dute. Ikuspegi ludikoak nortasun autonomoa garatzeko eta norbere buruan konfiantza izateko gaitasuna ematen die pertsonei, eta, gainera, oso bitarteko egokia da gatazkak konpontzeko. Eremu horrek, neurri batean, gizakiaren eta artearen kulturarako gaitasuna eskuratzen laguntzen du. Ideiak eta sentimenduak modu sortzailean adierazteko, gorputzaren eta mugimenduaren aukerak eta baliabideak aztertzen eta erabiltzen ditu. Kultura-egiteak hautemateko eta ulertzeko nahiz bertako aniztasuna baloratzeko, giza mugimenaren kultura-adierazpen espezifikoak (esaterako, kirolak, tradizioko jolasak, adierazpen-jarduerak edo dantza) ezagutu eta baloratzen ditu, eta, horrez gain, horiek herrietako kulturaondaretzat hartzen ditu. Eremu hau herri-kultura bizitzeko bitarteko bat da. Gure portaera motorrak lotura estua du gure kultura- eta sinbologia-tradizioarekin, eta, gainera, euskal kulturaren eta kultura unibertsalaren arteko integrazioa eta oreka bultzatzen ditu.

Kirola jolasaren eta lehiaren ikuspegitik aztertzeak jarduera baten eta kultura jakin baten arteko lotura azpimarratzea dakar. Ikuspegi horrek, hainbat jolasen heterogeneotasuna bultzatzeaz gain, herrietako kulturen artean errespetuzko jarrera bultzatzen du. Kultura batzuk ez dira besteak baino hobeak; hau da, kulturak ondare unibertsalak dira, eta, beraz, horiek errespetatzeak kultura guztienarteko oreka lortzen laguntzen du. Euskadiko eta mundu osoko jolasak bitarteko egokiak dira ikasleak horretaz kontura daitezen. Jolasaren eta kirolen bitartez, euskal kulturak zenbateko balioa duen kontura daitezke ikasleak, eta, hain

zuzen ere, hori da gainerako kulturak onartzeko eta errespetatzeko lehen urratsa.

Azkenik, gorputz-hezkuntzak asko laguntzen du norberaren autonomia eta ekimena lortzen; batez ere, bi modutan. Alde batetik, ikasleei ematen zaie protagonismoa jardunaldi eta jarduera fisikoak eta kirol- edo erritmo-jardunaldi eta -jarduerak banaka eta taldean antolatzean, bai eta haien egoera fisikoa hobetzeko jardueren plangintza egitean ere. Bestetik, egoera horietan, ikasleek haien buruaren hobekuntza, iraunkortasuna eta jarrera positiboa landu behar dute, zailtasun teknikoa duten zereginak egin behar dituztelako, egoera fisikoa hobetu behar dutelako, arduraz eta zintzotasunez ezarri behar dituztelako arauak eta taldeko kideen egoera fisikoak eta mugitzeko gaitasunak onartu behar dituztelako.

Mugimendua da gorputz-hezkuntzaren oinarrizko baldintza. Mugimendurik gabe, ez dago higidura-ekintzarik, ez eta portaera motorrik ere. Higidura-ekintzak erabaki bat hartzea eskatzen du. Erabakiek helburu edo asmo jakinak dituzte, eta helburu eta asmo horiek dira portaera motorraren oinarriak. Hainbat egoera probatu ahala, gutxitu egiten dira zalantzak, eta gure erabaki motorrak zehatzagoak dira. Hainbat jolas- eta kirol-egoerari aurre egiteko estrategiak garatzen dira (barne-logika), ideiak sortuta eta erabakiak hartuta zenbait zailtasun gaindituz. Estrategiak erabiltzeak erabakiak hartzearekin lotura duen gaitasuna du barnean, eta eguneroko bizitzan ere erabil daiteke.

Espazioek zalantzak sortzen dituzte, eta etengabe erabakiak hartzea eskatzen dute. Arrisku-egoerek garun linbikoko “argi gorria” pizten dute. Pedagogiaren bidea garatuz, emozioak interpretatzen eta kontrolatzen lagun diezagukete arriskuek.


HELBURUAK

Etapa honetan, gorputz-hezkuntza irakasgaiaren helburua honako gaitasun hauek lortzea izango da:

1. Norberaren gorputzaren hautemate- eta mugimen-aukerak aztertzea eta gauzatzea, nork bere buruan arreta jartzeko eta konfiantza hartzeko; horrela, norbera ongi sentitzea onuragarria izango da osasunerako.

2. Sarri, aldizka eta neurrian egiten den jarduera fisikoaren balorazio positiboa egitea, nork bere buruarekiko eta beste pertsonekiko jarrera arduratsua adierazteko; horrez gain, jarduera fisikoak, higieneak, elikadurak eta jarrera-ohiturek osasunean zein ondorio dituzten jakitea.

3. Trebetasun eta ahalmen fisikoak garatzea, oinarrizko mugimentrebetasunak haurren bilakaera-prozesuari jarraiki gara daitezen; horretarako, ekintza-jokoak egingo dira.

4. Arazo motorrak konpontzeko eta, jarduera fisikoak, kiroljarduerak eta jarduera artistikoak eta espresiokoak egitean, eraginkortasunez eta autonomiaz jarduteko printzipioak eta arauak eskuratzea, aukeratzea eta aplikatzea; horrez gain, egindako ahalegina erregulatu, neurtu eta baloratu egingo da, eta norberaren aukeren eta zeregin-jatorriaren araberako autoexijentzia-mailara iritsiko da.

5. Gorputzaren eta mugimenduaren adierazpen-baliabideak estetikoki eta sormenez erabiliz, gauzak aurkitzea eta adieraztea; horrela, norberaren mugimenduen bidez, horiek sentitu, bizi, onartu eta pertsonalizatu egingo dira.

6. Jarduera fisikoetan parte hartzea, jokabide-estrategiak eskuratzeko; estrategia horien bidez, gainerakoekin harreman orekatuak eta eraikitzaileak egin ahal izango dira eta, horrez gain, aisialdi-denbora topaketarako gune bihurtuko da.

7. Euskal Herriko eta beste kultura batzuetako tradizio ludikoek eta fisiko nahiz kirolekoek duten gizarte- eta kultura-kutsua aintzat hartzea, euskal kulturaren eta beste kultura batzuen balioak errespetatzeko eta baloratzeko; horretarako, herri-jolasak eta -adierazpenak eta jolas eta adierazpen tradizionalak egingo dira.

8. Jarduera fisikoen aniztasuna, jolas-motak, tradizio ludikoak, kirol-jarduerak eta dantzak ezagutzea eta gizarteko eta kulturako hainbat irizpide kontuan hartuta baloratzea, euskal kulturaren balioak aintzat hartzeko.


LEHEN ZIKLOA

EDUKIAK

1. eduki-multzoa. Norberaren ezagutza eta kontrola

- Hautemate-aukerak izatea, barne- eta kanpo-estimuluen aurrean. Sentipenak aztertzea eta bereiztea.

- Gorputzaren eskema nagusia eta zatikakoa aztertzea eta egituratzea.

- Tentsioari, erlaxazioari eta arnasketari dagokienez, norberaren gorputzaren kontzientzia hartzea.

- Gorputz-jarrera desberdinak esperimentatzea.

- Lateralitatea berrestea.

- Oreka- eta desoreka-egoerak esperimentatzea.

- Espazio- eta denbora-harremanei lotutako nozioak. Espazioa eta denbora hautematea.

- Norberaren gorputzaren errealitatea onartzea.

- Mugimendu-moduak eta –aukerak. Oinarrizko mugimen-trebetasunak gauzatzeko eta kontrolatzeko modu desberdinak esperimentatzea.

- Sistema motorraren arazo errazak konpontzea.

- Hainbat jardueratan parte hartzeko prest agertzea eta trebetasun-mailan dauden aldeak onartzea.


2. eduki-multzoa. Gorputz-adierazpena eta komunikazioa

- Gorputzaren eta mugimenduaren adierazpen-aukerak aztertzea eta erabiltzea.

- Taupaden eta erritmo-egitura errazen bidez, mugimendua sinkronizatzea.

- Euskal dantzen oinarrizko pausoak eta jauziak sinkronizatzea.

-Gorputzaren, keinuen eta mugimenduen bidez emozioak eta sentimenduak kanporatzea, eta naturaltasunez, gainera.

- Pertsonaiak, objektuak eta egoerak imitatzea.

-Norberaren gorputzaren bidezko adierazpenaz gozatzea. Objektuen eta materialen bidezko adierazpen-aukerak.

- Gorputzaren bidezko komunikazioa eskatzen den egoeretan parte hartzea. Adierazte-moduan dauden desberdintasunak ezagutzea eta errespetatzea.

- Gorputzaren barne- eta kanpo-erritmoa ikertzea.

3. eduki-multzoa. Jarduera fisikoa eta osasuna

- Jarduera fisikoarekin lotutako gorputz-higienearen, elikaduraren eta jarreraren oinarrizko ohiturak hartzea.

- Jarduera fisikoa ongizatearekin lotzea.

- Osasuna helburu duen gorputz-mugimendua.

-Jarduera fisikoa egitean, materialak eta espazioak erabiltzeko arauak errespetatzea.

- Jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak sortzean eta egitean, behin erabiltzeko materialak berrerabiltzea.

4. eduki-multzoa. Mugimen-kultura: aisialdia eta denbora librerako hezkuntza

- Jolasa, dantzak eta kirolak kultura guztietan eta berariaz euskal kulturan izaten diren jardueratzat hartzea. Jolas libreak eta antolatuak egitea.

- Joko-arauei dagokienez, lankidetzaz eta aurkaritzaz ohartzea. Jolasean izaten diren eginkizun desberdinak onartzea.

- Jolasean parte hartzen duten pertsonak aitortzea eta baloratzea.

- Joko-arauak ulertzea eta betetzea.

- Norberak dituen aukeretan konfiantza izatea eta jolasetan ahalegin pertsonala egitea. Jolasa gozamenerako eta beste pertsonekin harremanetan jartzeko bidetzat baloratzea.

- Teknologia berriak erabiltzea, herri-jolas eta –tradizioei buruzko informazioa bilatzeko.

- Euskal Herriko herri-jolasak eta jolas tradizionalak egitea.


EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

1. Ikusmen-, entzumen- eta ukimen-estimuluen aurrean gorputzarekin erreakzionatzea, eta estimulu horien ezaugarrietara egokitzen diren mugimen-erantzunak ematea.

- Ukimenaren bidez, ohiko objektuak eta ehundurak antzematen ditu.

- Eguneroko soinuen jatorria identifikatzen du.

- Ikusmen- eta entzumen-sekuentzia bat errepikatzen du, sekuentzia hori desagertu ondoren.

- Norberaren gorputzaren eta gainerakoen zatiak ezagutzen ditu.

2. Hainbat modutan mugitzea eta salto egitea, bermapuntuak, hedadurak eta maiztasunak aldatuz; mugimendu horiek, gainera, era koordinatuan egingo dira eta espazioan orientazio ona izan beharko da.

- Eguneroko jardueren ezaugarriei doitutako jarrerak hartzen ditu.

- Oinarrizko trebetasunak eta trebeziak erabiltzera behartzen duten jolasak praktikatzen ditu, euskal herri-jolasak barne.

- Gorputz-mugimenduak espazio- eta denbora-baldintzen arabera egokitzen ditu, hau da: iraupena, erritmoa, mugimendu-ordena, norabideak, orientazioak...

3. Jaurtiketak eta harrerak egitea nahiz objektuak maneiatzera behartzen duten beste trebetasun batzuk lantzea; horretarako, gorputz-zatiak koordinatu eta gorputza modu egokian kokatuko da.

- Jaurtiketak espazio-baldintzen, mugimendu-motaren edota orientazio-norabideen arabera egokitzen ditu.

- Pertsona bakoitzaren mugak errespetatzen ditu eta hartzen dituen gorputz-jarrerak argudiatzen ditu.

- Jaurtitzeko edo harrera egiteko objektuak erabiltzea behartzen duten jolasak egiten ditu, euskal herri-jolasak barne.

- Egindako jardueretan, material birziklatuak erabiltzea.

4. Hainbat jarrera hartuz, gorputza orekatzea, eta, zeregin horretan, tentsioa, erlaxazioa eta arnasketa kontrolatzea.

- Eguneroko jardueren ezaugarrien arabera egokitutako jarrerak hartzen ditu.

- Arnasketa kontrolatzen du.

- Arnas-hartze sakonak egiten ditu eta airea birika-barnean denbora batez kontrolatzen du, kanpora bota gabe.

- Hainbat egoeretara egokitutako jarrerak hartzen ditu: eserita, zutik.....

- Gorputz-zati desberdinetako muskulu-tonua kontrolatzen du, oreka lortzeko.

5. Jolasetan parte hartzea eta gozatzea, eta, horrez gain, bere jarduerak egokitzea, bai alderdi motorrei dagokienez, bai ikaskideekin harremanak izateari dagokionez.

- Oinarrizko trebetasunak eta trebeziak (lekualdaketak, saltoak, birak, jaurtiketak eta hartzeak) erabiltzea behartzen duten jolasak praktikatzen ditu, euskal kulturarekin berariaz lotutako jolasak, bai eta beste kulturekin lotuak ere, bere bilakaera-prozesurako modu egokian.

- Bere ahalmenen garapen-maila errespetatzen du.

- Ikasgelan egindako jarduera fisikoetan parte-hartze aktiboa du.

- Joko-arauak errespetatzen ditu.

- Jokoetan bete beharreko zereginak onartzen ditu.

- Jolastean, bere ikaskideak errespetatzen ditu eta ez ditu baztertzen.

- Jolasen funtsezko baloreak identifikatzen ditu.

- Joko-arauak errespetatzen ditu, eta, beraz, irabaztea edo galtzea onartzen ditu.

6. Gorputzaren bidez edo tresnekin erritmo-egitura bat erreproduzitzea.

- Mugimenduaren bidez, hainbat erritmo erreproduzitzen ditu.

- Euskal kulturako eta beste kultura batzuetako dantza errazak egitea.

- Erritmoak erreproduzitzen ditu, instrumentuekin eta ikaskideek egindako mugimendu-sekuentziekin.

7. Gorputzaren eta mugimenduaren bitartez, pertsonaiak eta egoerak sinbolizatzea, eta, zeregin horretan, naturaltasunez eta erraztasunez jardutea.

- Hizkuntzaren eta/edo bere mugimenduaren bitartez sentitzen duena adierazten du.

- Gorputz-adierazpeneko oinarrizko teknikak aplikatuz pertsonaiak antzezten ditu.

- Bere gorputzaren adierazpen-baliabideak erabiltzen ditu sentimenduak komunikatzeko.

- Gorputz-adierazpeneko jardueretan, interesa, naturaltasuna eta sormena erakusten ditu.

8. Gorputza zaintzeari buruzko arauak betetzeko interesa agertzea; zehazki, jarduera fisikoetan higienea zaintzeari eta arriskuen kontzientzia hartzeari dagokienez.

- Jarduera fisikoa egin aurreko elikadurak duen garrantziaren jakitun da.

- Jarduera fisikoa egiteko arropa eta oinetako egokiak erabiltzen ditu.

- Zenbait jarduera fisikorekin lotuta, gerta daitezkeen banakako eta taldekako arriskuak identifikatzen ditu.

- Jarduera fisikoa egitean osasun- eta higiene-ohiturak mantentzen ditu.

- Ohitura osasungarriak eta osasungarriak ez direnak bereizten ditu.


BIGARREN ZIKLOA

EDUKIAK

1. eduki-multzoa. Norberaren ezagutza eta kontrola

- Hautemate-aukerak. Hautemate-ahalmenak eta horiek mugimenduarekin duten harremana aztertzea.

- Mugimenduarekin lotutako elementu organikoak eta funtzionalak aurkitzea. Tentsioari, erlaxazioari eta arnasketari dagokienez, gorputzaren kontzientzia eta kontrola hartzea. Norberaren gorputza eta gainerakoena irudikatzea.

- Jarrera egokitzea, adierazpen- eta mugimen-premien arabera.

- Lateralitatea eta horrek espazioan duen isla sendotzea.

- Oreka estatikoa eta dinamikoa.

- Norberaren gorputzaren eta gainerako pertsonen gorputzaren errealitatea baloratzea eta onartzea.

- Mugimendu-moduak eta –aukerak. Oinarrizko mugimen-trebetasunak gauzatzean, oinarrizko elementuak egokitzea eta sendotzea.

- Egoera egonkorretan eta ezagunetan, oinarrizko trebetasunak eraginkortasunez erabiltzea.

- Sistema motorra kontrolatzea eta gorputza menderatzea.

- Oro har, oinarrizko ezaugarri fisikoak hobetzea, mugimendua gauzatzeko.

- Mugimen-gaitasuna hobetzeko interesa agertzea.

- Hainbat jardueratan parte hartzeko prest agertzea eta norbanakoaren trebetasun-mailetan dauden aldeak onartzea.

2. eduki-multzoa. Gorputz-adierazpena eta komunikazioa

- Gorputza eta mugimendua adierazpen- eta komunikazio-tresnatzat hartzea.

- Mugimendua espazio- eta denbora-egituren arabera egokitzea eta euskal kulturako nahiz beste kultura batzuetako dantza eta koreografia errazak egitea.

- Gorputzaren, keinuen eta mugimenduen bidez emozioak eta sentimenduak adieraztea.

- Pertsonaia errealak eta fikziozkoak nahiz horiek antzezteko testuinguruak sortzea. Objektuak eta materialak nahiz horiek adierazpenean dituzten aukerak erabiltzea. Norberaren gorputzaren bidez adieraziz eta komunikatuz gozatzea.

- Gorputzaren bidezko komunikazioa eskatzen den egoeretan parte hartzea. Adierazpen-moduan dauden desberdintasunak baloratzea.

- Gorputzaren barne- eta kanpo-erritmoa ikertzea eta horren kontzientzia hartzea.

3. eduki-multzoa. Jarduera fisikoa eta osasuna

- Jarduera fisikoarekin lotutako jarrera- eta elikadura-ohitura osasungarriak hartzea eta gorputz-higieneko ohiturak sendotzea.

- Jarduera fisikoa osasunarekin eta ongizatearekin lotzea. Jarduera fisikoak osasunean dituen onurak ezagutzea. Oro har, egoera fisikoa hobetzea, osasuntsuago egoteko.

- Osasunari lotutako jarduera fisikoaren aldeko jarrera izatea.

- Jarduera fisikoa egitean segurtasuna mantentzea: beroketak egitea, esfortzua neurtzea eta erlaxatzea.

- Jarduera fisikoa egitean, inguruarekiko oinarrizko segurtasunneurriak hartzea.

- Materialak eta espazioak behar bezala eta errespetuz erabiltzea.

- 4. eduki-multzoa. Mugimen-kultura: aisialdia eta denbora librerako hezkuntza

- Jolasa eta kirola gizarte-errealitateko elementutzat hartzea.

- Jolasetan parte hartzea eta kirola egiten hastea.

- Lankidetzarekin, aurkaritzarekin eta lankidetza/aurkaritzarekin lotutako oinarrizko jolas—estrategiak aurkitzea.

- Jolasean parte hartzen duten pertsonak errespetatzea eta gizartearen aurkako portaeren aurka egitea.

- Joko-arauak ulertzea, onartzea eta betetzea, eta ezarritako estrategiei dagokienez jarrera arduratsua izatea.

- Jolasa gozamenerako, beste pertsonekin harremanetan jartzeko eta aisialdi-denbora pasatzeko bidetzat hartzea, eta jolasetan eta kirol-jardueretan egindako esfortzua baloratzea.

- Euskal jolasak, dantzak eta kirolak kultura eta tradizioak transmititzeko bidetzat hartzea.

- Teknologia berriak erabiltzea, euskal tradizioei eta kirolei buruzko informazioa bilatzeko.

EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

1.- Mugitzea eta salto egitea, eta bi trebetasun horiek era koordinatuan eta orekatuan konbinatzea; horretarako, gorputzmugimenduak jardueren baldintzetan gertatzen diren hainbat aldaketaren arabera egokituko dira.

- Hainbat eratako lekualdaketak eta saltoak egiteko ahalmena hobetu egin da kualitatiboki (norabide-aldaketak, noranzko-aldaketak...).

- Lekualdaketak eta saltoak espazioaren baldintza berrietara egokitzen ditu.

- Espazioan orientatzen da.

- Gorputz-mugimenduak espazio- eta denbora-baldintzen arabera egokitzen ditu, hau da: iraupena, erritmoa, mugimendu-ordena, norabideak...

2.- Pilotak edo beste tresna higikor batzuk jaurtitzea, pasatzea eta jasotzea, horien kontrola galdu gabe, eta mugimenduak ibilbideen arabera egokitzea.

- Jolasten ari denean, objektuak era koordinatuan erabiltzen ditu, baita euskal herri-jolasetan ere (pilota...).

- Jolasten ari dela, objektuak pasatzean, jaurtitzean eta gidatzean, ibilbideak egokitu egiten ditu.

- Harrera egiteetan eta geldiketetan gorputza egoki bideratzen du.

3.- Luzera-ardatzean eta zeharkako ardatzean bira egitea; horretarako, hala eskatzen duten gorputz-jardueretan, segmentu-posizioak dibertsifikatu eta mugimen-erantzunak hobetu egingo dira.

- Mugikortasun-kontzientzia hartzen du, hainbat posiziotako gorputzardatzari eta segmentu desberdinei dagokienez.

- Arriskurik gabeko birak egiten ditu, hainbat luzera-ardatzetan eta zeharkako ardatzetan.

4.- Era koordinatuan eta lankidetzan jardutea, helburuak lortzeko edo taldekako jolas batean aurkari bati edo batzuei kontra egiteko.

- Jolasean ari denean, bere ikaskideekin elkarrekintzan jarduten du, behar bezala.

- Espazioa okupatzean, bere ikaskideen jokoa errazten du.

- Estrategia errazak ezagutuz eta erabiliz, motor-arazoak konpontzen ditu.

5.- Jolasetan eta kirol-jardueretan parte hartzea; horretarako, arauak ezagutu eta gainerako pertsonak onartu behar dira.

- Jolasean guztiz inplikatzen da.

- Joko-arauak edo jarduerak errespetatzen ditu, bai eta bere ikaskideak ere.

- Proposatutako jardueretan, norbanakoaren ezaugarri fisikoetan dauden aldeak onartzen ditu.

- Irakurketaren bidez, joko-arauak ulertzen ditu.

- Jolasa gozamenerako, harremanak egiteko eta aisialdi-denbora pasatzeko baliabidetzat hartzen du.

6.- Erritmo-egitura errazak proposatzea eta gorputzarekin edo instrumentuekin erreproduzitzea.

- Euskal kulturako eta beste kultura batzuetako dantza errazak egiten ditu.

- Instrumentuak erabiliz, hainbat erritmo asmatzen ditu, eta horiek gorputzaren mugimenduaz erreproduzitzen ditu (lekualdaketak eginez, saltoka, txaloka, kolpeka, kulunka, biraka).

- Gorputzaren bidez hainbat erritmo asmatzen ditu, eta horiek perkusio-instrumentuak erabiliz erreproduzitzen ditu.

7.Gorputzaren adierazpen-baliabideak erabiltzea eta taldean inplikatzea, ideiak eta sentimenduak komunikatzeko eta pertsonaiak eta istorioak (benetakoak eta asmatutakoak) antzezteko.

- Mugimenduan naturaltasuna eta sormena garatzen ditu.

- Norberaren gorputzaren adierazkortasuna baliatuz, emozioak adierazteko bide berriak sortzen ditu.

- Bere gorputzaren adierazpen-baliabideak erabiltzen ditu sentimenduak eta ideiak komunikatzeko.

- Bere ikaskideek gorputzaren eta mugimenduen bidez adierazitako mezuak ahoz interpretatzen ditu.

- Ikaskideekin lankidetzan jarduten du, eta bere emozioak erregulatzen ditu.

- Gorputz-adierazpeneko oinarrizko teknikak aplikatuz, istorio laburrak (benetakoak edo asmatutakoak) kontatu edo pertsonaiak antzezten ditu, eta, horretarako, zenbait elementu konbinatzen ditu (espazioa, denbora eta intentsitatea); horrek guztiak, beraz, adierazkortasun-kutsua ematen die.

- Tokiko euskal tradizio ludikoetan parte hartzen du (dantzak, inauteriak, kirolak) eta badaki zer ezaugarri eduki behar diren haietan parte hartzeko.

8.- Jarduera fisikoak osasunerako duen balioa kontuan hartuta, jokabide aktiboa izatea eta, gorputza zaintzeari eta jarrera- nahiz elikaduraohiturak mantentzeari dagokienez, interesa agertzea.

- Jarduera fisikoa egitean osasun- eta higiene-ohiturak mantentzen ditu.

- Jarduera fisikoa egiteak izan ditzakeen arriskuak ezagutzen ditu.

HIRUGARREN ZIKLOA

EDUKIAK

- 1. eduki-multzoa. Norberaren ezagutza eta kontrola

- Mugimenduarekin lotutako elementu organikoak eta funtzionalak. Egonean eta mugimenduan dagoen gorputzaz kontzientzia hartzea eta hori kontrolatzea. Kontrol motorraren baitan, kontrol tonikoa eta arnasketa aplikatzea.

- Jarrera adierazpen- eta mugimen-premien arabera egokitzea, modu ekonomiko nahiz orekatuan.

- Estimuluen aukerazko bereizketa eta aurretiazko hautemate prozesuak behar bezala erabiltzea.

- Menderatzaileak ez diren gorputz-zatiekin zailtasun apur bat duten mugimenduak egitea.

- Egoera konplexuetan, oreka estatikoa eta dinamikoa izatea.

- Mugimen-ekintza eta –egoera konplexuetan, espazioa eta denbora egituratzea.

- Norberaren gorputzaren eta gainerako pertsonen gorputzaren errealitatea baloratzea eta onartzea, eta, horrez gain, egun indarrean dagoen eredu estetikoarekiko eta gorputz-ereduarekiko jarrera kritikoa agertzea.

- Mugimen-trebetasunen gauzapena gero eta konplexutasun handiagoa duten testuinguruetara egokitzea, eraginkortasunez eta sormena landuz.

- Ekintza hasi aurreko planteamendua oinarri hartuta, motorra eta gorputza menderatzea.

- Ahalmen fisikoak eta mugimen-ahalmenak mugitze-ekintzaren oinarrizko osagaitzat hartzea.

- Motorraren ikuspegia oinarri hartuta, ongi egindako lana baloratzea.

- Hainbat jardueratan parte hartzeko prest agertzea eta trebetasun-mailetan dauden aldeak onartzea.

- Norberaren gorputza onartzea.

- 2. eduki-multzoa. Gorputz-adierazpena eta komunikazioa

- Gorputza eta mugimendua. Gorputz-hizkuntzaren aukerak eta baliabideak aztertzea eta horiei buruzko kontzientzia hartzea.

- Musika- eta erritmo-estimuluak oinarri hartuta, mugimenduak osatzea. Dantza eta koreografia errazak sortzea.

- Gorputzaren, keinuen eta mugimenduen bidez norbanakoaren edo taldeen emozioak eta sentimenduak adieraztea eta komunikatzea.

- Gorputz-hizkuntzarekin eta objektu nahiz materialen laguntzaz, antzezpen eta inprobisazio artistikoak egitea

- Gorputzaren adierazpen- eta komunikazio-erabilerak baloratzea.

- Gorputzaren bidezko komunikazioaren beharra adierazten duen egoeretan parte hartzea eta horiek errespetatzea.

- Gorputzaren barne- eta kanpo-erritmoa ikertzea eta horretan sakontzea.

- 3. eduki-multzoa. Jarduera fisikoa eta osasuna

- Jarrera eta elikadura osasuntsuen ohiturak hartzea eta gorputzhigienea

autonomiaz zaintzea.

- Jarduera fisikoaren ondorio onuragarriak zeintzuk diren jakitea, eta osasungarriak ez diren jarduerak identifikatzea.

- Egoera fisikoa hobetzea, osasuntsu egoteko.

- Jarduera fisikoa egitean, lesioak prebenitzea. Beroketak egitea, esfortzua neurtzea eta indarberritzea.

- Jarduera fisikoa egitean, inguruarekiko segurtasun-neurriak hartzea.

- Materialak eta espazioak behar bezala eta errespetuz erabiltzea.

- Jarduera fisikoa osasuna zaintzeko eta hobetzeko baliabidetzat hartzea.

- 4. eduki-multzoa. Mugimen-kultura: aisialdia eta denbora librerako hezkuntza

- Jolasa eta kirola gizarte- eta kultura-fenomenotzat hartzea.

- Jolasen eta kirol-jardueren motak. Hainbat modalitatetako eta gero eta zailtasun handiagoko jolasak eta kirol-jarduerak egitea, euskal herri-jolasak barne.

- Lankidetzarekin, aurkaritzarekin eta lankidetza/aurkaritzarekin lotutako oinarrizko jolas-estrategiak behar bezala erabiltzea.

- Herri-kirol, -dantza edo -jolasak eta kirol, dantza eta jolas tradizionalak ikertzea eta egitea.

- Jolasaren arauak, erregelak eta estrategiak nahiz horietan parte hartzen duten pertsonak onartzea eta errespetatzea. Jolaserako kode garbia egitea eta betetzea.

- Hainbat jolas eta kirol-jardueratan jardutean, pertsona bakoitzaren eta taldearen ahalegina baloratzea, lehentasunak eta aurreiritziak alde batera utzita.

- Jolasa eta kirol-jarduerak gozamenerako, harremanak egiteko eta aisialdi-denbora gustura pasatzeko baliabidetzat hartzea.

- Eskolan dauden esperientzia desberdinak baloratuz, norberaren kultura- eta identitate-ezaugarriak errespetatzea.

- Natura-ingurunean, ingurumen-inpaktu txikia eragiten duten jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egitea, eta ingurune hori mantentzen laguntzea.

- Teknologia berriak erabiltzea honako hauei buruzko informazioa bilatzeko: kirolak, kirol-ekitaldiak, bibliografia...

EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

1. Lekualdaketak eta saltoak inguru desberdinen arabera egokitzea; horiek ezezagunak izan daitezke eta, ondorioz, zalantza eragiten du.

- Motor-arazoak konpontzen ditu, eta trebetasunak gero eta konplexuago den inguruko baldintza berrietara egokitzen ditu.

- Espazioan orientatu egiten da, erreferentzia-puntuak oinarri hartuta.

2. Pilotak edo beste tresna higikor batzuk jaurtitzea, pasatzea eta horiei harrera egitea –kontrola galdu gabe–, eta, horrez gain, horiek eskatzen dituzten mugimen-jarduerak betetzea; halaber, jarduerak jokalekuaren, distantzien eta ibilbideen arabera egokitzea.

- Jolasten ari denean, objektuak behar bezala erabiltzen ditu.

- Gorputza tresna higikorren norabidearen aldera mugitzen du.

- Ibilbideei eta abiadurei aurre hartzeko maila bat du.

- Mugimen-trebetasunak erabiltzen ditu, ohiko eremuetan sortzen diren arazoak konpontzeko.

- Kirola egiten hasteko, oinarrizko mugimen-trebetasunak erabiltzen ditu.

3. Era koordinatuan eta lankidetzan jardutea, helburuak lortzeko edo taldekako jolas batean aurkari bati edo batzuei aurre egiteko (bai erasotzaile gisa, bai defentsa gisa).

- Jolasak egitean, bere ikaskideei laguntzen die eta haiekin lankidetzan aritzen da.

- Eremua behar bezala okupatzen du, lankidetza-ekintzak eta aurre egiteak errazteko.

- Taldekako jolasetan, tresna higikorrak behar bezala geldiarazten ditu.

- Taldekako kiroletan, aurkariek aurrera egitea oztopatzen du.

4. Jolasak eta kirol-jarduerak egitean, pertsona bakoitzaren ahalegina eta taldekideekin egiten diren harremanak funtsezko baliotzat hartzea, eta horiei jarraiki jardutea.

- Kirol-jarduerak egitean, norbanakoaren ezaugarri fisikoetan dauden aldeak onartzen ditu.

- Joko-arauak ezagutzen eta onartzen ditu.

- Ikaskide guztiekin elkarrekintzan jarduten du, eta modu integratzailean, gainera.

- Egiten duen ahalegina bere garapen fisikoaren mailaren arabera egokitzen du.

- Joko garbia egiten den jardueretan aurrera egiten du.

5. Jarduera fisikoa eta kirola egitean sortzen diren gatazka-egoerei dagokienez, iritzi koherentea eta kritikoa ematea.

- Informazio- eta komunikazio-teknologiak erabiliz, informazioa bildu eta dokumentuak egiten ditu; zehazki, bere jarduerarekin eta gizartean egiten diren hainbat jarduera fisikorekin lotutako gaiei buruzkoak.

- Eztabaidetan parte hartzen du, eta, bere irizpidea agertzeaz gain, gainerakoen irizpidea errespetatzen du.

6. Jarrera aktiboa agertzea, egoera fisikoa oro har hobetzeko; horretarako, bere jarduna gorputzak eta mugimenduek dituzten aukeren eta mugen arabera egokituko du.

- Bere egoera fisikoaz interesatzen da.

- Jarduera fisikoak egitean esfortzua neurtu egiten du.

- Ariketa fisikoak bere trebetasunen eta mugen arabera egokitzen ditu.

7. Ikaskideekin elkarrekintzan, taldekako konposizioak egitea; horretarako, musikazko, plastikozko edo hitzezko estimuluak hartuko dira oinarri, eta, horrez gain, gorputz-adierazpeneko baliabideak erabiliko dira.

- Taldean, musika-koreografia txikiak egiten ditu.

- Euskal kulturako eta beste kultura batzuetako dantza errazak egiten ditu.

- Gorputz-adierazpeneko oinarrizko teknikak aplikatuz istorio txikiak komunikatzen ditu (benetakoak edo asmatutakoak).

- Adierazpen-elementuak lasaitasunez, naturaltasunez eta bere estiloarekin transmititzen ditu.

8. Jarduera fisikoak behar bezala eta sarritan egiteak osasuna hobetzearekin dituen zenbait lotura identifikatzea eta horiei jarraiki jardutea.

- Jarduera fisikoak gorputzean eta osasunean dituen ondorio positiboak aitortzen ditu.

- Jarduera fisikoa egiteko prest dago.

- Jarduera fisikoa egitean arriskuak saihesten ditu.

- Jarduera fisikoa egitean, ohitura osasungarrien kontzientzia hartzen du, bai eta horrek kontsumo-ohiturekin duen loturaren kontzientzia ere.

- Natura-ingurunean, ingurumen-inpaktu txikia eragiten duten jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egiten ditu, eta ingurune hori zaintzen laguntzen du.

9. Tradizio ludikoen eta tradizio fisiko nahiz kirol-tradizioen gizarte- eta kultura-kutsua aintzat hartzea, euskal kulturako eta beste kultura batzuetako balioak errespetatzeko eta baloratzeko.

- Euskal kulturako eta beste kultura batzuetako tradizio ludikoak nahiz tradizio fisiko edo kirol-tradizioak ezagutzen ditu eta horiek gauzatzen daki.

- Bere tradizioan sustraituta dauden jolasak, dantzak eta kirolak biltzen ditu.

- Euskal tradizio ludikoaren ezaugarriak interpretatzen eta baloratzen ditu.