Erabaki politikoa behar da


Martxelo Otamendi | Kazetaria


Suerte txarra dauka Ibarretxek torturarekin. Espainiako erregerekin topo egin behar duen bakoitzean tortura kasuren bat gertatzen da. Hala izan zen 2003an Egunkaria-ren arduradunen torturak gertatu zirenean (orduan Euskal Herrian bisitan zen Espainiako errege) eta horrela gertatu da asteon. Igor Portu eta Mattin Sarasolaren torturen auzia bero-bero dagoenean Espainiako erregeren urtebetetze afarira joango da Ibarretxe.


Eta horrela gertatuko da aurrerantzean ere Euskal Herriko erakunde publikoek torturaren aurrean beste jokabide bat hartzen ez duten bitartean. Hori ulertu behar da, behintzat, Jaurlaritzaren bozeramaileak asteartean eman zuen prentsaurrekoaren ondoren. Gertatutakoa argitu egin behar da, baina, nonbait, ez da torturarekin bukatu behar. Zuhurtzia, Guardia Zibilari gustatzen zaion zuhurtzia.


Logikoa da gertatutakoaren ondoren lehen egunetan denak ibiltzea, ikerlari bagina bezala, bertsio ofizialaren zuloak topatzen. Espainiako Barne ministro Rubalcabak jende asko animatu du jardun horretara, zuloz beteta dagoelako bertsio ofiziala. Baina horretan profesionalak ez garenok (alegia, abokatu, auzi mediku, sendagile... ez garenok) ez genuke askoz denbora gehiago pasatu beharko ahalegin horretan. Hobe genuke denbora gehiago ematea torturarekin nola behingoz bukatu pentsatzen; hor dagoelako giltza.


Ni ez naiz herri honen gaitz guztiak EAJri edo Eusko Jaurlaritzari leporatzearen aldekoa, nahiz azkenaldian modan jarri den irizpide hori. Baina ez daukat dudarik Euskal Herriko erakundeek eta batik bat -daukan indarragatik- Eusko Jaurlaritzak beste jokabide sendoago bat hartzen ez duten bitartean euskal herritarrak torturatzen segituko dutela.


Eusko Jaurlaritzak behingoz erabaki beharko du zer egiten duen torturarekin. Edo badagoela eta egiturazkoa dela onartu eta behar diren neurri politikoak hartu, edo badagoela ukatu eta ezer ez egin.


Lehen aukeran -torturatu egiten da eta egiturazkoa da-, erabaki politiko sendoa hartu beharko du; harreman administratiboak (edozein eratakoak) eten beharko ditu tortura zilegi egiten duen administrazio batekin. Are gehiago ez du bilera operatibo gehiagorik egingo torturatzen duten gorputz polizialen arduradunekin, ez lan bilerarik ez protokolo bilerarik.


Ezinezkoa litzatekeelako egun batean tortura badagoela onartzea eta hurrengoan bilera egitea torturatu dutenen arduradun operatiboekin. Hori eskandalu bat da bere buruari demokrata deitu eta beste batzuei demokrata izatea ukatzen dien gobernu batentzat.


Lehen aukera hori ezerosoa da, gaizki ikusiko dute Madrilgo erabakiguneetan, eta asko kritikatuko dute komunikabide garrantzitsuen editorialetan. Baina, era berean, ausarta da, konprometitua, aitzindaria. Eta ez luke zaila izan beharko urtero Gandhiren manifestazioetara joaten direnentzat. Hori eta askoz gehiago egin zuen Gandhik bere herriaren alde.


Bigarren aukeran, torturarik ez dago, ez dauka Jaurlaritzak orain arte egin ez duenik egin behar. Norbaitek torturak salatzen baditu, beste aldera begiratu, ez ikusiarena egin. Bakarrik zer edo zer larria, saihestezina, nabarmenegia gertatzen den kasuetan argitzeko eskatu eta kito. Aukera erosoa da, orekatua, Madrilgo erabakiguneetan txalotu eta sarituko dutena (lehen egunetako adierazpenei ez begiratu, atrezzokoak izaten dira eta). Jarrera horrek ez ditu behartuko torturatzaileen arduradun polizialekin egingo duten hurrengo koordinazio bileran tortura gehiagorik ez izatea eskatzera.


Ariketa erraz bat proposatuko dut. Zenbat ertzain dauzka Eusko Jaurlaritzak dedikatuta, esate baterako, kale erasoak ikertzera? Asko, seguru aski. Eta zenbat tortura kasuak ikertzera? Bat ere ez. Zergatik, ordea? Ez al da tortura Eusko Jaurlaritzaren zaintza merezi duen delitu bat? Ez du balio esateak orain Madrilen torturatzen dela; Intxaurrondon torturatzen zenean ez zutelako ikertzen. Eusko Jaurlaritzaren poliziak ez du 25 urteotan torturatzaile bakar bat ere atxilotu. Tortura izango da, seguru asko, polizia horrek ikertu ez duen delitu bakarra.

Kale erasoak non, noiz, nork, noren aurka eta nola gertatuko diren ezin da jakin. Bai, ordea, tortura non, nork, noiz eta noren aurka gertatuko den. Hala izanda ere, ehunka atxilotu izan dira kale erasoak egotzita; bakar bat ere ez torturagatik. Esanguratsua da, edozein aldetatik begiratuta.



["Berria" egunkarian argitaratua, 2008-1-10]