Hezkuntza irekia
Azken hiru urteak gure ikastolan bereziak
izan direla onartu beharrean gaude. Teknologia berrien inguruan jaso
dugun informazioa eta horren ondorioz pilatu dugun ezagutzak, modu
batera edo bestera, gure lanarekiko dugun pertzepzioa aldatu duela
onartu beharrean gaude. Ezin badugu onartu ere aurreko jarrera erabat
orokortuta dagoela gure ikastolan, errealitatea bada behintzat gutako
batzuk iraultza txiki bat bizi izan dugula azkenaldi honetan eta
etorkizun laburrean iraultza hori ikastolako esparru guztietara
hedatuko dela.
Epe honetan, behin baino gehiagotan hitz egin
dugu gure artean norberaren ekarpenak partekatzeari buruz, elkarlanean
oinarritutako proiektuak aurrera ateratzeari buruz, ezagutza
trukatzeari buruz... azken finean, hezkuntza komunitate zabala
eraikitzeari buruz, non denok denongandik ikasteko aukera izango dugun.
Jokabide hau mundu mailan poliki poliki nagusitzen ari den jarrera bat da. Gu bezala, hezitzaile askok, “
pertsona bakoitzak giza ezagutzaren osotasunera sarbidea izan eta lagundu ahal izango duen mundua eratzen ari dira”. Honekin batera, “
pedagogia
berri baten haziak ere landatu dituzte; pedagogia berri horretan,
hezitzaileak eta ikasleek elkarrekin ezagutza landu eta garatuko dute,
prozesuan beren gaitasunak eta ulermena sakonduz”.
Aurreko paragrafoko aipu horiek pasa den 2007ko irailaren 15ean, Afrikako Cape-Town hirian sinatu zen “
Hezkuntza Irekiaren aldeko Lurmutur Hiriko Aitorpena: Hezkuntza Baliabide Irekien promesa zabalduz ” izeneko dokumentutik aterata daude.
Aitorpen horren arabera, “
sortzen
ari den hezkuntza arloko mugimendu horrek, kide hezitzaileekin ideia
onak partekatzeko ezarritako tradizioa eta interneteko elkarlanaren
kultura interaktiboa konbinatzen ditu”. Horrela hezitzaile horiek, “
hezkuntzako baliabideak mugarik gabe erabili, beharren arabera egokitu, hobetu eta berriz banatzeko askatasunean” sinesten dute. Denon eskura ipinitako “
baliabide
horiek hainbat gauza biltzen dituzte: lizentzia irekiak dituzten
ikastaroetako materialak, eskoletako plangintzak, testu liburuak,
jolasak, softwarea eta irakaskuntza eta ikaskuntza arloan lagungarri
izan daitezkeen beste material batzuk”.
Aitorpen horretan adierazten denez ere, “
baliabide
horiek guztiek hezkuntzarako sarbidea errazagoa izatea eragiten dute,
bereziki, ikaskuntza materialentzako dirua urria den lekutan”. Nik
gehiago esango nuke oraindik. Izan ere, gurea bezalako herrialde txiki
batean, ekarpen hauei esker aukera daukagu gure ama-hizkuntzan sortu
eta partekatutako baliabide digitalak eskura izatea. Hizkuntza
gutxituen kasuan, hezitzaile hauen lanak berebiziko garrantzia duela
esan beharko genuke.
Hala ere, hezkuntza irekia ez dago soilik heziketako baliabide material irekietara mugatuta. “
Lankidetzako ikaskuntza errazten duten teknologia irekietan ere oinarritzen da”.
Baina
baliabide irekiak sortzea eta lankidetzako ikaskuntza bermatzen duten
teknologien inplementazioa orokortze prozesuan hainbat oztopo
aurreikusten dira. “
Hezitzaile gehienek ez dute berririk, zabalik
dauden hezkuntza baliabide kopuru gero eta handiagoaren gainean.
Gobernuko eta hezkuntza arloko erakunde askok ez du horren berri edo ez
dago konbentzituta hezkuntza irekiak ekar ditzakeen onurekin”.
Oztopo
horiek gainditzeko hezkuntza mundua osatzen dugun kide guztiok hartu
beharko genituzkeen konpromiso batzuk adierazten dira. Hezkuntza
baliabide irekien irismena eta eragina handiagotzeko hiru estrategia
definitzen dira. Honatx estrategia hauek dokumentuan agertzen diren
moduan:
- Hezitzaile eta ikasleak: lehenik eta
behin hezitzaileak eta ikasleak animatu nahi ditugu modu aktiboan
hezkuntza irekiaren mugimendu gero eta handiagoan parte har dezaten.
Parte hartzeak hauek biltzen ditu: hezkuntza baliabide irekien sorrera,
erabilera, egokitzapena eta hobekuntza; ezagutzaren sorrera,
deskubrimendu eta lankidetzaren arloan eraikitako hezkuntzako praktikak
hartzea; eta kide eta parekoak esku hartzera gonbidatzea. Baliabide
ireki horien sorrera eta erabilera hezkuntzako zati gisa hartu behar
dira eta dagokion moduan babestu eta ordaindu beharko lirateke.
- Hezkuntza Baliabide Irekiak:
bigarrenik, hezitzaile, egile eta erakundeei dei egiten diegu
baliabideak modu irekian argitara ditzaten. Hezkuntzako baliabide ireki
horiek lizentzia behar lukete edozein pertsonak erabili, berrikusi,
itzuli, hobetu eta partekatu ahal izateko, modu idealean, lege arloko
mugarik gabe, eskumen egoki baterako edo ondoriozko lanak partekatzeko
sortzailearen eskakizun bat besterik behar izan gabe. Baliabideak
erabilera nahiz edizioa erraztuko duten formatuetan argitaratu beharko
lirateke, eta plataforma tekniko ugarietara egokitzeko moduan. Eta,
ahal denean, ezintasun fisikoak dituztenentzat eskuragarri egon beharko
lukete; baita Interneterako sarbiderik ez dutenentzat ere.
- Hezkuntza Irekiaren Politikak:
hirugarrenik, eskoletako batzorde edo gobernuek, fakultate eta
unibertsitateek hezkuntza irekietako politikak lehentasuntzat hartu
beharko lituzkete. Modu idealean, zergadunen zergekin finantzatutako
hezkuntza baliabide guztiek hezkuntza baliabide irekiak izan beharko
lukete. Ziurtagiri prozesuek hezkuntza baliabide irekiei lehentasuna
eman beharko liekete. Hezkuntza baliabideen zentroek bildumen baitan
Hezkuntzaren baliabide irekiak modu aktiboan sartu eta nabarmendu
beharko lituzkete.
Estrategia horiek edonorentzat dira zentzuzkoak. “
XXI.
mendeko irakaskuntzan eta ikaskuntzan inbertsio adimentsuak dira. Izan
ere, denon elkarlanarekin ekoiztutako baliabideek ikaskuntza hoberantz
bideratzea ahalbidetuko lukete. Irakasleei beren lanetan nabarmentzea
ahalbidetuko diete eta aukera gehiago emango dizkiete ikuspegi eta
mundu mailako eragin handiagoa lortzeko. Irakaskuntzaren berrikuntza
bizkortuko dute. Ikasleei ikaskuntzaren gaineko kontrol handiagoa
emango diete”.
Gure ikastolaren berezko ezaugarria izan da betidanik gure ingurukoentzat ateak irekita izatea. Jarrera hori azken hamarkadan nabarmendu dela esango genuke, EFQMren bidetik lanean hasi ginenetik (asko izan dira ikastolara gurearen berri edota laguntza bila etorri diren ikastetxe eta erakundeak) eta erabat errotuta da gure artean IKTen esparruan jarraitu dugun ibilbidearekin. Gaur egun esan dezakegu gure ikastola
ESKOLA IREKIAren filosofia berea egin duela, modu batean edo bestean, goran aipatzen diren estrategien alde egiteko konpromisoa hartuta duela. Horrela, dokumentu honen lehenego atal honetan zera proposatzen dugu:
- Jakintza
ikastolak aitorpen honekiko atxikimendu ofiziala adieraztea. Bertan aipatzen diren konpromisoen lorpenaren
mesedean lan egingo dugula aitortu beharko genukeela iruditzen zaigu.
- Konpromiso hauek gure Hezkuntz Proiektuan txertatu beharko
genituzkeela uste dugu ere, gure ikastolaren izaeraren adierazgarri eta
berezitasun bezala.
Goiko proposamenarekin bat egiten badugu, hartutako konpromiso horiek etorkizuna beste modu batean enfokatzea behartuta egongo gara. Alegia, bigarren atalean, “
hezitzaile, egile eta erakundeei dei egiten diegu baliabideak modu irekian argitara ditzaten” edota “
Baliabideak
erabilera nahiz edizioa erraztuko duten formatuetan argitaratu beharko
lirateke, eta plataforma tekniko ugarietara egokitzeko moduan” esaten denean, une honetan konpromiso horietatik urrun xamar gaudela jabetu beharko ginateke.. Izan ere, ikastolan
erabiltzen ditugun software baliabide ia guztiek jabetza pribatua dute.
Printzipioz, eta legeak zehazten duenaren arabera, baliabide horiek
ezin dira libreki erabili, kopiatu edo eraldatu. Baliabide horiek ezin
ditugu gure ikasleen artean banatu. Eta aplikazio horiek erabiliz
sortzen ditugun baliabide batzuk ere, ez dira plataforma guztientzat
irekiak. Hauetako batzuk ez dituzte estandar irekiak errespetatzen.
Beraz, goiko bi ataletan diogunarekin bat egiten badugu, gaur egun erabiltzen ditugun aplikazioak alde batera utzi eta
software askearen aldeko apustua egitea behartuta egongo ginateke, hartutako erabakiarekin bat etorri nahi badugu behintzat.
Zeintzuk dira aldaketarako aurreikusten diren arrazoi nagusienak?
Goiko
proposamenaren aurkezpen zehatza egin aurretik, garbi adierazi nahiko
genuke software askeraen aldeko apustua ez dela bi egunetan hartutako
erabaki bat. Duela hilabete batzuetatik hona baloratzen ari ginen
erabaki bat zen. Erabaki hau orain aurkeztearen arrazoia, dagoeneko
aldaketarako unea heldu dela sinistarazten diguten kanpo faktore
batzuen pilaketa izan da. Hauen artean, nagusienak hauek izango
lirateke:
- Software askearen bilakaera azkenaldi honetan nabarmena izan da.
Une honetan erabil daitezkeen sistema eragile askeetako batzuk erabat
fidagarriak eta erabilterrazak bilakatu dira. Ohiko lanak egiteko
erabiltzen ditugun aplikazio pribatibo gehienen kasurako, software
askeko aukera batzuk konpletoagoak izan daitezkeela ikusten dugularik.
- Gehien erabiltzen ditugun aplikazio propietarioen (Microsoft Office eta Windows sistema eragilea) azken bertsioen kaleratzea.
Duela gutxi kaleratu diren aplikazio bi hauen azken bertsioetan
bateragarritasun arazoak sortu dira aurreko bertsioekiko. Alegia,
Office 2007k dokumentuak gordetzeko formatu berriak ekarri ditu, hauek
bateraezinak izanik aurreko bertsioekiko. Windows Vistak, berriz,
erabilitako harwarearen kontrolatzaileekin ere bateragarritasun arazo
handiak eman ditu. Windows Xpean arazorik gabe lan egiten duten ekipo
askok arazoak ematen dituzte Vistan, hardware honetarako
kontrolatzaileak ez baitira oraindik sortu Vistarako. Laister izango ditugu
ekipo berriak ikastolan; ziurrenik ekipo hauek Microsoften aplikazio
berri hauek instalatuta ekarriko dituzte zuzenean lantegitik. Iruditzen
zaigu aplikazio hauek bateragarritasun arazoak suposatuko ditzutela
dagoeneko ikastolan erabiltzen dugun etxe bereko aplikazioekin.
- Sarreran aipatu dugun lez, softwaregintzara dedikatzen diren enpresek euren negozio politikak aldatzen hasiak dira.
Horixe da adibidez Microsoftek azken hilabeteotan aurkezten ari den
jarrera behintzat. Alegia, orain arte Microsoftek bere softwarearen
“pirateoari” ematen zion babesarekin amaitzeko asmoa duela dirudi.
Horixe da, behintzat, sare publiko, kristau eskola eta Ikastolen Elkartearekin sinatu berri
dituen kontratuetatik ondorioztatzen dena. Beraz, une honetan orain arte kezkatu ez gaituen arazo ekonomiko baten aurrean gaude.
- Gure ikastolan, lokalean instalatutako aplikazioekiko menpekotasuna txikitzen ari da azkenaldi honetan.
Internet aplikazio plataforma bezala erabiltzen hasita gaude azken hiru
urteotan. Ikastolako baliabide ugari igotzen ditugu sarera; horrela,
lehen lokalean gordeta genituen material hauek editatzeko beharrezkoak
ziren aplikazioak indarra galtzen joan dira. Alegia, ekipoetan instalatutako sofytwarearekiko menpekotasuna murrizten doa poliki-poliki.
- Internet berriari esker software askearen inguruan dauden komunitateetan gertatzen ari denaren inguruan jakin dugu.
Irakasleontzat berria izan den ingurune honetan, komunitate ezberdineko
kide bilakatu gara. Komunitatean garatutako
aplikazioak aurrera nola ateratzen diren ezagutu dugu eta hauek,
enpresa mailan garatu daitezkeen bertsio pribatiboak bezain onak, fidagarriak eta
egonkorrak izan daitezkeela konturatu gara. Komunitate hauen lan egiteko modua ezagutu dugu eta
etorkizuna software askeraen bidetik datorkigula ikusi dugu. Zoironez,
komunitate hauetatik bultzatzen ari den software librearen aldeko jarrera
geroz eta nabarmenagoa izaten ari da irakasleon artean; sentsibilizazio maila altuagoa lortu dela errealitate bat dela uste
dugu.
- Erabat ziurtatzea
ausardia gehiegi izatea bada ere, softwaregintzaren uneko egoera ez
bada zeharo aldatzen, software askerako migrazioa derrigorrezkoa izango
da. Premisa honetatik abiatuta, zalantzarik ez dago migrazioa
lehenbailehen egiteak arazoak minimizatzea ekarriko duela, izan ere,
migratu beharreko dokumentazio eta egokitu beharreko harware bolumena
txikiagoa izango da
- Curriculum berrietan definitzen diren konpetentziak eta
irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan aipatzen diren metodologia
berritzaileak aurrera eramateko bide egokiena software librea
erabiltzea da. Curriculum berrietarako saltoa ematea tokatzen
zaigun garai honetan, software pribatiboak definitutako konpetentzia
digitalen aurka egiten duela uste dugu.
Azken puntu honek garrantzia berezia duela
iruditzen zaigu. Uste dugu oinarrizko konpetentzietan definituriko
prozedurazko eta jarrerazko helburu asko software pribatiboaren
erabilerarekin ez datozela bat. Irakaskuntzan software askea erabiltzea
beraz, arrazoi pedagogiko eta etikoz beteta dago. Azter ditzagun,
hurrengo atalean, zeintzuk diren ikusten diren arrazoi hauetako batzuk.
Software askea irakaskuntzan. Zergatik?
Azken urteotan ahalegin
handiak egin ditugu gure ikastolan IKTek suposatu duten iraultza gure
jardunean txertatzeko. Ahalegin hauek guztiek helburu bi izan dituzte
nagusiki. Alde batetik, "iraultza" hori errealitate bat izateko
beharrezkoak ziren baliabideak zerrendatu, lortu eta berrantolatu; bestetik
integrazio hau erabiltzaileontzat ahalik eta modu gardenean ematea.
Azpiegitura mailako inbertsio handiak egin dira, gure ikastola ondo
hornitutako ikastetxea izan dadin. Kontutan izanik zein zen gure komunitateko erabiltzaileen IKT profila, gehienetan erabili dugun softwarea pribatiboa izan da, horrela lortzen baikenuen ikastolara ekarritako tresna hauekiko trebakuntza sinplifikatzea. Azken finean, arrazoi praktikoak izan dira nagusiak erabaki hori hartzerakoan.
Noski, erabilitako software pribatiboaren lizentziak erostea ekonomikoki jasanezina izanik, softwarea legez kanpo erabiltzea behartuta egon gara. Baina ez
gara jabetu erabaki honek gure ikasleen etorkizunean aurreikusten duguna baina eragin handiagoa izan dezakeela. Izan ere, marka komertzial bateko produktu jakin batzuk erabiltzea behartu ditugu, hauekin burutu daitezkeen zereginen alderdi
operatiboan soilik zentratuz, zeregin horiek betetzeko beharrezkoak
diren gaitasunei garrantzirik eman gabe.
Ez genuke nahi, ezta
ere, software pribatiboaren garrantzia minimizatu. Lizentzia
pribatiboa duen software batek ikasleen formazioan lagundu dezakeen baliabide bat izan daitekeela garbi dago; aurkezpen multimedia batek
funtzio bera burutu dezake software pribatiboa nahiz software askea
erabiliz. Baina lehenengoarekin formazio hori jasotzeko
nahikoa da softwarearen ezaugarriak ezagutzea eta bigarrenarekin
berriz, kontsumo soiletik aldendu eta atzean dagoen teknologiari
erreparatzen dio. Bigarren honekin erabiltzaileok teknologiaren
ezagutzarako askatasuna dugun bezala, lehenengoarekin erabilera
soilerako prestatzen ditugu gure ikasleak.
Erabiltzaileek duten
askatasun hori irakaskuntzan software askea bultzatzeko
arrazoi nagusienetako bat da baina ez da bakarra. Gure iritziz,
irakaskuntzan software askea erabiltzeko arrazoi gehiago daude:
SOFTWARE ASKEA HEZITZAILEA DA
Imajina
dezagun Natur Zientzietako saio bat. Ikasleei kutxa beltz itxi bat
ematen zaie. Bertan ura botatzerakoan, ikusten ez den hazi bat
ernalduko da, landarea lortzeko jarraituko den prozedura osoa izkutuan
geratuko delarik.
Imajina dezagun matematikako klase bat.
Ikasleei zatiketaren kontzeptua azaltzen zaie eta kalkulagailu baten
erabilera ere irakasten zaie. Baina zatiketa konplexuak egitera
debekatzen zaie hauek aplikazio industrialetan erabiltzen diren
mekanismo sekretu batzuetan oinarrituta baitago.
Imajina dezagun
literatura klase bat non ikasleek liburu baten argumentua
ezagutzearekin konformatu behar diren, bertan erabilitako estilo
elementuak beste norbaitek erabiltzea sahiestea nahi delarik.
Goiko
adibide txepel horiek gure ikasleek software ez askea
erabiltzen dutenean gertatzen dena adierazteko baliagarriak izan
daitezke. Alegia, software pribatiboa erabiltzen dutenean, ikasleak
ezagutzaren atarian ipintzen ditugu baina benetako ezagutza lortzeko
aukerarik ez diegu eskaintzen.
Garbi dago gure ikasle guztiak ez
direla etorkizunean programatzaileak izango. Seguraski hauetako
gehienek ere ez dute matematika, literatura, musika edota biologia
izango etorkizuneko lanbide bezala. Baina halere, ikastolaren
eginkizuna da, bere ikasle nahiz irakasleek erabiliko duten ondare
teknologikoa ezagutzeko eta partekatzeko duten eskubide eta askatasuna
bermatzea. Komunitateko kide hauen hasierako kuriositate hori trebezia
batean bilakatuko balitz, ikasleen beste gaitasun bereziekin egiten den
bezala (hala nola, idaz-lehiaketak edota irabazi edota kirol
jardueretan emaitza bikainak lortzen direnean ), eskolak horretaz
baliatu eta horren berri publikoa eman beharko luke gainera.
Ikastolak
lizentzia pribatua duen softwarea soilik erabiltzen badu ikasleari
software hori etxera eraman eta berarekin jolastu eta ikertzeko aukera
kentzen zaio. Softwarea barrutik ezagutzeko aukera izatea zerbait
garrantzitsua dela uste dugu; softwarea ez da soilik erosten den
produktu bat, baizik eta ikasteko eta norberaren ezagutza zabaltzeko
baliabide bat. Matematika, idazketa, margolaritza edota musika bezala,
aplikazioen eraikuntza bizi dugun Aro Digitalean geroz eta garrantzi
gehiago duen kultur espresio bat da. Eskolaren rola aplikazio hauen
ezagutzan lehen urratsak eman eta, etorkizunari begira, oinarrizko
gaitasun digitalak lortzen laguntzea da. Horrela bakarrik lortuko dugu,
softwarearekiko menpekotasunik izango ez duten etorkizuneko profesionalak
lortzea. Gaur egun gertatzen ari den bilakaera teknologiko azkarrari
aurre egingo dioten profesionalak bultzatu behar ditugu gure eskoletan.
SOFTWARE ASKEA ERAIKITZAILEA DA
Konstruktibismoaren
arabera, aprendizaia, egungo eta iraganeko ezagutzetan oinarrituta,
ikasleak ideia berriak eraikitzeko jarraitzen duen prozesua da.
Horrela, software askeak bultzatzen dituen elkarlan eta askatasun
printzipioak aprendizaia eredu honentzat marko ideala suposatzen duela
pentsatzen dugu. Izan ere..
- ...ezagutza orokorra eta bere
eraikuntzarako beharrezkoak diren baliabide guztietarako (oinarrziko
kodea, eskuliburuak, bideotutorialak...) irisgarritasuna librea
eskaintzen du.
- ...software libreko proiektuak bultzatzen
dituzten komunitate zientifikoetan elkarlanean aritzea bultzatzen du
(ezin da ahaztu software askea munduko komunitate zientifikorik
handiena eratzen duela)
- ...gizaki bakoitzaren gaitasun, behar,
interes eta berezitasunen araberako aportazioekin eraikitzen diren
komunitateak ahalbidetzen ditu.
Konstruktibismoa izanik azken
hezkuntz erreformen oinarria (horixe da hain zuzen ere, duela gutxi
onartu den Euskal Curriculumaren ardatz nagusietako bat) ezin dugu
horrelako testuinguru metodologiko bat imajinatu software pribatiboan
oinarrituz, bere ezaugarri nagusienak bezala ezagutzaren errepresioa
eta oskurantismoa izanik. Software askearen bitartez ezagutzaren eta
informazioaren barreiatzea bermatzen dira, bertan ikasleek modu parte-hartzaile batean...
- ...elkarlanean lan egiten dute aktiboki arazoen konponbidean.
- ...benetako arazo konplexuei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasunak, bitartekoak eta jarrerak garatu beharko dituzte.
- ...arazo horien aurrean nola lan egin ikasi beharko dute.
XXI.
mende hasiera honetan, asko dira (irakasle batzuk ere, tartean) oraindik
eskolaren rol nagusia lanerako edota unibertsitaterako ikasleak
entrenatzea dela pentsatzen dutenak. Hori horrela bada, eskolaren
helburu nagusiena enpresen errentagarritasuna hobetzeko langile otzan
eta merkeak entrenatzea dela pentsatzen badugu, orduan ez du garrantzirik izango mota bateko ala besteko softwarea erabiltzea.
Dena dela, ez du ematen hori
denik azken curriculumetan islatzen den filosofia. Hauetan
curriculumaren helburu nagusiena bizitzarako ongi prestatutako
pertsonak lortzea izango litzateke. Horrela oinarrizko konpetentzia eta
azpi-konpetentzien lorpenean garrantzia berezia hartzen dute
ingurunearen zainketarekin zerikusia dutenak gaiak (hondakinen birziklaketa,
adibidez), harreman pertsonalekin eta komunikazioarekin zerikusi zuzena
dutenak (bizikidetza eta gatazken konponketa, adibidez) edota gizarte
mailako harremanekin erlazionatutakoak (komunitate dialogikoak,
adibidez). Iruditzen zaigu software askea ere testuinguru honetan
txertatu beharko litzatekeela, izan ere, ikasleek software askea
erabili eta ezagutzen badute, software askea erabiliko dute eskolaldia
amaitutakoan eta horrek, multinazional eta enpresa erraldoiekiko
askeagoak bihurtuko ditu.
Software askeak pentsakera kritikoa
eta malgua duten hiritarrak eratzen laguntzen du, sortzaile,
berritzaile eta ekintzaileak. Etengabeko ikaskuntzaren ideia
barneratuta duten hiritarrak bultzatzen ditu.
Arestian esan
dugun bezala, entrenatzeko edozein software izan daiteke baiagarria,
baina hezitzeko, zalantzarik gabe software askea egokiagoa da. Meritu
pertsonalean eta giza solidaritatean oinarritutako balio eta jarrera
positiboak bultzatzen ditu. Hauen artean:
- Ez dagoela dena eginda, oraindik erronkak badirela
- Gauzak beti hobetu daitezkeela
- Jarrera eraikitzaile bat izatea
- Adin, arraza, giza-status edota tituluen gainetik, komunitate lokal nahiz internazionaletan lagundu ahal daitekeela
- Egia/perfekziora gerturatzeko modu asko daudela eta gizaki/talde bakoitzak bere ekarpena egin dezakeela
- Kide/komunitate bakoitzarentzat egokiena dena, taldeko behar/espektatiben arabera askatasunez erabakitzen dela
- Denok denongandik ikasteko aukera daukagula; inor ez dela ahalguztiduna edota orojakilea
- Ezagutza modu librean zabaltzeko aukera badagoela (klasea ematen dugunean ahalegintzen garena, hain zuzen ere)
- Ez dela diskriminatzen.
- Taldean modu kolaboratiboan lan egitea merezi duela
- Ikertzeko, sortzeko, eraldatzeko eta ikasteko askatasuna dugula
Horrela,
software askeak gure gaztee gaitasunak garatzeko esparru bat
eskaintzen du, inongo diskriminaziorik gabeko testuinguru batean.
Meritokrazian oinarrituta, bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu bere
konpetentzia eta gaitasunen arabera.
Inork
ezin du ukatu eskolaren oinarrizko misioetako bat hiritar onak lortzea
dela, euren laguntza beharko duten bizilagunak laguntzeko prest egongo
direnak. Richard Stallman-en hitzetan “
ordenagiluen eremuan, ikasleak
euren artean softwarea partekatzen irakastea” esan nahiko luke.
“
Oinarrizko irakaskuntzan, beste edozeren gainetik, ikasleei zera
adierazi beharko litzaieke: eskolara softwarea eramaten baduzu, zure
lagunekin partekatu beharko duzu. Noski, eskolak erakusten duena
praktikan jarri beharko luke: eskolan instalatutako software guztia
ikasleen esku ipini beharko luke honek kopiatu, etxera eraman eta
edozeinekin banatu ahal izateko”.
Ukaezina da ere, gaur egun
gure ikastoletan ematen den lizentziarik gabeko softwarearen erabilera
eta honen partekatzea errealitate bat dela. Lizentzien ordainketa jasanezina den eskolek, software propietarioaren legez kanpoko kopiak
erabiltzea jotzen dute, munduko egoera arruntena izango balitz bezala.
Irakaskuntza
munduan hain arrunta den jokabide honek bere eginkizunarekin koherentzia
falta izugarria suposatzen du. Denok dugu hezkuntza erakunde askok antolatzen dituzten ikastaroen berri non bertan software pribatiboa den aplikazio baten inguruko formazioa eskaintzen den, jakinik gainera ikastaroa jasoko duten irakasleek ez dutela aukerarik izango gero, ikasi duten aplikazioaren lizentzia ordaintzeko; denok dakigu administrazioak denon diruarekin ordaindutako ekipoetan Microsoften produktuak promozionatzen dituela gero ikastetxeetan erabiltzeko; denok ezagutzen ditugu besteen softwarea pirateatzeko arazorik ez duten erakundeak baina haserre bizian jartzen direnak euren ekoizpenak P2P sareetan topatzen dituztenean.
Software propietarioa erabiltzen
badugu irakasteko, gure ikasleak lizentziak erostera
behartzen egongo ginateke edo, kasurik txarrenean, softwarea pirateatzea. Hezitzaileak garen
momentutik, egoera hori normalizatzea derrigorrezkoa ikusten dugu.
Software askea erabiliz, ordea, aurrean aipatutako jokabideak zilegiak eta lege
barnekoak bihurtzen dira.
Software
askearen inguruan sortutako aplikazioen kopurua izugarria da. Edozein
arlo curricularrerako diseinatutako software askeko aplikazioak aurki
ditzakegu. Aplikazio espezifiko ugari topatuko ditugu matematika,
kimika, geografia... eta beste hainbat arloetarako ere.
Aniztasun
honek badu abantail txiki bat. Izan ere,irakasleok gure eguneroko
lanerako software generikoak nagusiki erabiltzen baditugu ere
(ofimatika eta edizio aplikazioak batez ere) beti ditugu software
espezifikoen beharra, eskolaurre eta LHko lehenengo ziklorako adibidez
(multimedia karga handiko aplikazioak izan behar direnak) edota dbh
eta batxilergoko arlo espeziikoetan erabiltzeko, adibidez (geometria,
formulazioa...). Ez da zaila software askeko katalogoan gure behar
horiek asetuko dituzten aplikazioak aurkitzea.
Asko hitz egin
da, eta hitzegiten da oraindik, software askearen “kalitate” faltari
buruz. Eztabaida hau, batez ere, duela urte batzuetako kontua da,
irakaskuntzan erabiltzen zen softwarea nagusiki modu lokalean erabiltzen
zenean.
Horrela, ekipoetan instalatutako software generikoari
buruz ari bagara (sistema eragileak, ofimatikako aplikazioak, irudi eta
bideo editoreak...) oraindik aldea egon daitekeela esan daiteke. Baina,
ukaezina da baita ere:
- Irakaskuntzako kideon gehiengo
batentzat, goi-mailako aplikazio hauetako askok eskaintzen dituzten
tresna asko ez ditugula erabiltzen.
- Poliki poliki, aplikazio
hauen artean dagoen aldea murrizten ari dela konstatazio bat da.
Garatzaile komunitate internazionalaren lanaren ondorioz, tarte hori
geroz eta txikiagoa dela esan daiteke.
- Sistema eragilearen kasu
konkretuari dagokionez, esan daiteke, gaur egun, badirela Linux
banaketak (Ubuntu izan daiteke adibide garbiena) Windowsekiko inolako
alderik aurkezten ez dutenak. Sistema egonkorrak, seguruak eta
fidagarriak izateko kalitate handia eskaintzen dituzten sistema
eragileak dira.
Software generiko hauetatik kanpo, behar
bereziak asetzeko aplikazioak behar direnean, gehienetan software
askera jo beharko genuke, software enpresa handi gehienek
irakaskuntzak dituen behar berezi hauetara egokitzen diren software
espezifikoei ez baitie arreta handia jartzen.
Dena den, eta
dagoeneko aurrean aipatu dugun bezala, irakaskuntzan geroz eta
garrantzia handiagoa hartzen hasi da internet aplikazioen plataforma bezala.
Geroz eta gehiago dira lan esparru berri honetan erabiltzen ditugun web
aplikazioak. Eta hemen zalantzarik gabe esan dezakegu software askean
oinarritutako aplikazioak nagusi direla, bai kopuruan baita kalitatean
ere. Software garatzaile nagusiek alde batera utzi duten esparru berri
honetan, nagusitasuna duten aplikazioak software askearen mundutik datozenak direla ukaezina da. Etengabe sortzen ari dira gure egunerokotasunean oso
lagungarriak izan daitezkeen web baliabide berriak,
gehienek gauza sinpleak egiten dituzte eta, normalean, erabilerrazak izaten dira.
Puntu
honetan, ñabardura txiki bate egin beharko genuke. Izan ere, egia da
aplikazio hauetako asko ezin direla software askearen multzoan
txertatu, askok ez baitute betetzen horrela kontsideratzeko bete beharreko lau
baldintzak. Baina, hauen erabilera dohainekoa da, beraz, lizentzia
ekonomikoekiko askeak eta askoren kasuan gainera, kode irekia izaten
dute, nahi duenak honen gainean moldaketak egin ditzan.
Irakaskuntza
munduan lanean gabiltzanok badakigu zeinen garrantzitsua den guretzat
oreka ekonomiko bat bilatzea ikastolak dituen diru sarreren eta gastuen
artean. IKTen esparruan, non gastuak batez ere kopuru handiak suposa
ditzaketen, oreka hori lortzea ez da erraza.
Software askeak atal
honetan eragin positiboa izan dezake, izan ere, kalitatezko softwarea
eskuratzeko egin beharreko hasierako inbertsioa nulua da. Aplikazio
hauen eguneraketak ere, modu beretsuan lortzen dira.
Baina
software askea ez da doahinekoa. Softwarearen inplementazio eta
mantenuak diru kostu bat suposatzen duela onartu beharrean gaude. Azken
finean erabilerari lotutako kostu bat beti du lotuta; den den, software
askean oinarritutako sare batetan ematen den gastua ordenagailuko,
software propietarioa erabiliz ematen denaren azpitik egoten da.
Esan beharra dago badirela arrazoi objektiboak goikoa justifikatzen dutenak:
- Alde
batetik, software askearen ezaugarri bat bere egonkortasuna eta atzean
duen kodearen kalitatea da. Honek, denbora epe luzean mantenu lanik
burutu beharrik ez izatea dakar.
- Bestalde, software askea kanpotik
etor daitezkeen erasoekiko aske dago hein haundi batean. Birusak, spama
eta bestelako erasoek suposatzen duten arriskua baxua da, hauei
lotutako mantenu arazoak saihesten direlarik.
- Atzean duen
komunitate zabalari esker, arazo baten aurrean irtenbidea bilatzea
software propietarioarekin baino errazagoa bihurtzen da. Askotan,
beharrezkoa izaten den laguntza hori aplikazioak garatu dituzten
garatzaileetatik zuzenean jasotzen da; alegia, arazoaren muinarekin
ematea askotan ez da gauza zaila izaten.